gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Chill afera (I): popismoari tu

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Gustu musikal onaren miresleak, kazetari coolturetak, euskararen zaintzaileak, unibertsitateko ahots ilustratuak, rock eta pop kulturaren guruak, Durangok eta Elkar-ak, gazte asanblada eta gaztetxe hiperiraultzaile-zuzenak, zakilzaharrak, berriak eta zaharberrituak... Azken hamarkadako prekaritate prozesuak ulertu ez dituztenak... Aldez edo moldez, nahita edo nahigabe. Bere letrez nahiz diskurtsoez, bere estetikaz nahiz erreferentziez, bere tasun nahiz gabeziez, interpelatu ditu / gaitu (eta zenbaitetan artega jarri) euskal kulturaren estamentu, hegemonia(txo) eta ezarritako ordena zenbait: erreakzio saldoak gehiago hitz egiten du dekadentzian sarturik dagoen sistema eta egitura kultural eta sozio-ekonomiko batez, euren proposamen artistikoaz baino.

Txinparta halako bat, freskotasuna eta jada gurera bazetorren soinu aire berri bat atzeman nizkion hasieran Chill Mafiaren Gazte arruntaren koplak piezari eta bideoari, ez besterik, egia esatera. Angel Errok idatzitako Nihil Novum harekin ados samar nengoela, alegia. Ordea, gutxira etorri zitzaidan burura klasiko bihurturiko Erroren beste genialidade hura ere, zeina Chill Mafiakoek gustura aurpegiratuko liguketen: «Dena esana dago, baina ez nik (guk)».

Kantu eta bideo bakarra dira, euskarazko trap-reggaetoi mutil-talde gazte baten lehen printzetako bat, konforme, baina nekez uka lekioke fenomeno izaera, sarean izan duen arrakasta eta sortu den kalapita ikusita (bigarren atalean jardungo dugu musika moldearen eta hura kontsumitu eta zabaltzeko paradigmaren aldaketaz). Eta ia nahigabe, sarean aztarrika nenbilela, Mark Fisher kultur kritikari eta filosofo ingeles zenaren Popismo kontzeptuarekin tupust egin dut. «Herriarekiko mespretxu paternalista eta egosbera, goitik beherako begiradaz ematen dena, eta azkenean behetik ere erosi egiten dena».

Chill Mafia aferak asko du hortik, nago: Popismoari tu egin diote Iruñeko auzo bateko kale eta lonjetatik, prekaritateren negu beltza hezur haragitan bizi duen belaunaldi baten gorputzetik, gustu ona edo fina deitzen denaren kontra. Eta gutako asko, nor bere popismoaren ispiluaren aurreran jarri gaitu, baita eurenean ere (oilar-arkeriarenean, esaterako).

Dena esana dago, baina ez hauen irratitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.