Artea. Begiz

Buelta

Ismael Manterola
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Artearen txokora bueltatzea latza izan da, oporrak luzatzea gustatzen zaigunontzat. Udazkeneko erritmoa hartzea ez da erraza, 10 hilabeteko denboraldia aurrean ikusten denean. Baina, konpromisoari erantzun behar, eta hemen gaude berriz ere artearen inguruko berrien iruzkinak egiteko prest.

Gaurkoa, hala ere, ez da zehatz-mehatz arteari buruzko artikulua izango. Kulturari buruz orokorrean hitz egin beharrean gaude azken asteetako gertakariak ikusita. Hain zuzen, egun hauetan asaldatu naun berrietako bat Kukutza gaztetxearen hustuketa eta eraisketa bortitzak izan dira.

Alferrik dira politikarien ahotik entzuten ditugun politika parte hartzaile baten aldeko hitzak, gero parte hartzaileak eta autonomoak diren kultur ekimenak pikutara bidaltzen badira. Alferrik dira bakearen aldeko aldarriak, gero baketsua den erresistentziari era bortitzean erantzuten bazaio.

Kultura kriseilu ezberdinetan egosten da. Gaztetxeak kultur mugimenduak izan daitezke, edozein udaletako kultur etxeren antzera. Kultur ekimen ahulak babestea guztion lana delako, erakunde publikoek defendatzeko betebeharra daukate. Hala ere, Bilboko alkateak enpresa handi baten jabego pribatua guztion kulturaz gozatzeko aukeraren gainetik jartzen badu, zein den gogoko duen gizarte eredua eta politika mota agerian jartzen ari da. Publikotasunaren lana ahula defendatzea da, defendatzeko ezintasun handiagoa duelako.

Gainera, Kukutzaren hustuketa garai bateko mamuen buelta izan da. Orain dela urte batzuk bezala, edozein istiluren atzean jende berdina egotearen aitzakia berpiztu da. Edozein disidentzia talde politiko baten atzean ezkutatzeko aitzakia erosora bueltatzea hamarkadak atzera egitea da. Kultura, ekologia, antimilitarismoa, pobrezia edo solidaritatea gizarteko taldeen edo mugimenduen artean zabaldutako kezkak dira, eta ez talde politiko baten patrimonioa. Kukutzaren atzean Bildu dagoela esateak Bilbon agintzen duen alderdia etxegintza espekulazio guztien atzean dagoela esatea bezain sinplea da. Saia gaitezen arazoak identifikatzen, aztertzen eta konpontzen, Azkunaren eta antzeko pertsonaien prepotentzia alde batera lagata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.