GUSTAV MAHLER JUGENDORCHESTER
Zuzendaria: Kirill Petrenko. Egitaraua: A. Brucknerren 5. sinfonia.
Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma
. Eguna: ekainaren 5a.
Urtero, 16 eta 26 urte bitarteko 2.500 gaztek aurkezten dute euren hautagaitza Gustav Mahler Gazte Orkestran parte hartzeko, 25 hiri baino gehiagotan egiten den entzunaldi-prozesu baten bidez. Horrela sortzen eta berritzen da etengabe Claudio Abbadok 1986an sortutako ekimena. Bi helburu nagusi betetzeko jaio zen: bat, musikari gazteen lana babesteko; bi, musikari austriar gazteen musika-sorkuntza sustatzeko, garai hartan Txekoslovakiako eta Hungariako errepublika sozialistetako lankideekin batera. Hala, Ekialdeko Blokea izan zen herrialdeetan entzunaldi irekiak egin zituen nazioarteko lehen gazte orkestra bihurtu zen eta, egun, munduko gazte orkestrarik garrantzitsuentzat jotzen da. Asteazkeneko kontzertuaren ostean, esango nuke Europako orkestrarik onenetakoen artean kokatu behar dela ezinbestez, kideen adina edozein dela ere.
Udaberriko bira honetan orkestrak ondo ezagutzen duen bide erromantikoan kokatu gara Anton Brucknerren 5. sinfoniarekin, bere jaiotzaren bigarren mendeurrenean. 1875-1876 urteen bitartean konposatu zuen, nahiz eta hainbat aldaketa egin zizkion eta 1894ra arte ez zen estreinatu orkestrarako bere bertsioan. Atzerapen hori oso ohikoa da Brucknerren kasuan: oso dudatsua omen zen eta, besteak beste, bere ekoizpena behin eta berriz berrikusteko obsesio handia zuen. Emaitza, denera, 80 minutu inguruko iraupena duen obra da, katedral handi bat bezala azaleratzen dena. Kirill Petrenko izarraren zuzendaritzapean, orkestrak kolore askotarikoak, malgutasun dinamikoa, trinkotasun organikoa eta kontrasterako gaitasuna zabaldu zituen lehen Adagio-aren sarrera moteletik azken mugimenduaren azken koralera arte, metal guztia martxan hasierako gai nagusia berreskuratuz. Harien pizzicatto guztiz doiak, haizeen fraseatze fina, metalen zaratarik gabeko distira… badirudi ez dagoela orkestra honek tentu ederrez marraztu ezin dezakeen ñabardurarik.
Agerikoa da inbertsioa beharrezkoa dela, gogoa, prestakuntza eta aukerak bikaintasunerako bide seguruak izaten jarrai dezaten.