Juan Garmendia Larrañagaren heriotzan bi hitz eskatu dizkidate. Hamaika hitz aspertu, ibilaldi eta bazkari partekatu ondoren agur esateko aukerarik gabe joan zait.
Oso txikia nintzela izan nuen Juanen berri Ezkioko Igartubeiti baserrira bere lanetarako informazio bila etortzen hasi zen garaitik. Gogoan dut garrasta deitzen genion eskailera motarekiko interesak erakarri zuela orduko hartan. Harrezkero, urte luzetan galdurik izan nuen Juanen aztarna eta halako batean Euskal Herriko herrialde batean baino gehiagotan ibili ondoren, ni Donostiara etorri eta bere lan bat euskaratzearen aukerak hurbildu ninduen Juanengana. Nahiz eta bion artean ia bi hamarkadako tartea izan, ongi sentitzen ginen elkarrekin eta noizbehinka elkartu, iritziak partekatu, eta lanen batzuk elkarrekin osatu eta zenbait herri bisitatu eta bazkariren bat edo beste partekatzeko aukera izan ohi genuen, beste hainbeste adiskiderekin ohi zuenez. Horretan pribilegiatua izan nintzen.
Leku eta jakingarri askoren berri eman zidan ibilaldi horietan: iraganari buruzkoak (ohiturak, liburuak, artikuluak), adiskideei (Barandiaran, Julio Caro Barojari…) buruzkoak, egoera politiko eta kulturalari buruzkoak…
Langile porrokatua zen eta beti zeukan lanen bat esku artean: liburu-aurkezpen gehienetara gonbidatzen ninduen, noiz edo noiz hitzaurreren bat ere eskatu zidan eta ohore-ekitaldiren batean parte hartzera ere bai, esaterako, Tolosako Seme Kuttun egin zutenean. Bereziki aipatu nahi dut bion artean ondu genuen eta Ikastolen Elkarteak argitaratu zuen Hiztegi Etnografikoa (2003), berak bildutako lan eta hitz askoren berri dakarrena.
Berak egindako lanaren berri nahi duenarentzat hor daude Obra Completa osatzen duten 10 liburukiak, baina oso motz geratuko nintzateke Juanen barne-aberastasunaren berri ematerakoan horretan bakarrik geratuko banintz. Juanek bere bizitza luze eta ongi baino hobeki aprobetxatuan arretaz jaso eta zorroztasunez zabaldutakoa asko eta miresgarria da. Hori guztia bizitzari zion maitasunaren emaitza izan da. Ongi zekien nola ari zen gugandik urruntzen berak miresten eta biltzen zuen aurrekoen mundu hori guztia eta bazirudien presa zeukala ahalik eta gehien salbatu eta datozen belaunaldiei helarazteko. Bizi-zaletasun (biofilia) hori eta bere umore fina ziren nik bereziki estimatzen nizkion bi ezaugarriak. Nik neuk, urrunetik bada ere, beti bizi nahi zuen Juanen salbatze-lan horren lekuko izanaren zortea dut eta azken agur honetan neure esker onaren lekukotza utzi nahi dut. Katea ez da etengo, Juan.
IRITZIA
Bizi(tz)aren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu