Ion Celestino.
LAUHAZKA

Bizikleta eta txalupa

2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Hau idaztear naizelarik, Cafe Kyotok bideo berri bat atera du: «¿Se puede sobreanalizar una canción?» (Gain-azter al daiteke kantu bat?). Berez hori bada aski berri gurean, eta une batez idaztera noan hau geldiarazi du. Nolanahi ere, bi urtez atzeratu zait lerro hauek jartzea. Asmoa baitzen 2020an egitea, 30. urteurrena probestera. Ez nuen egin, eta aitzakia bila, oraintsu topatuarte.

Honatx Tapia eta Leturiak 1990. urtean ateratako Juergasmoan diskoaz hitz batzuk, beraz. Bikotearen bigarren lan luzea izan zen. Disko ikonikoa iruditzen zait, berrikusteko moduko horietakoa. Edo, agian, lehen aldiz entzuteko modukoa, zeinek jakin. Ez du disko honek nik defendatzeko ez deus argitzeko beharrik, baina zergatik maite dudan bota nahi dut, inori intereseko bazaio.

Bertan ikusten ditudan hainbat ideia oso gaurkoak egiten zaizkit: euren une eta jendartera lotuak zirelako, hain zuzen ere. Guk eta gure inguruko musikari askok konpartitzen ditugun kezka eta galdera beretsuak nabarmenak dira bertan —milesker Leuza, freak-mezuak trukatzeagatik—.

Nekez datorkit burura herriarenak bihurtu diren hainbeste kantu biltzen dituen euskarazko beste LP bat. Zer nolako eragina izan duen, urteak joan ahala, soinu joleen eta pandero joleen artean; dantzaldietan oraindik ere jotzen diren hainbat; beste estilotako taldeek berregindakoak... memoria kolektiboaren parte diren kantu eta doinu andana. Berriz ere hamahiru kantuko bilduma batek denboran honela irautea ezinezkoa izango da ziurrenik. Hau ez diot ez miresmenez, ez nostalgiaz. Pellokeria da esatea: hainbat gauza aldatu da hamarkadotan. Bai gizartean, bai industrian.

Hasteko, Juergasmoan-ek popularra vs. sofistikatua dikotomia faltsua zartatzen du. Trebezia teknikoa eta lengoaia ezberdinen ezagutza praxiak mamiturik—baina beraiek ezetz esango dute ironiaz beterik, gehiena kasualitate xamarrean gertatu omen zela—. Kasu: soinuaren zein panderoaren banakako eta elkarren arteko lana altura handiko hegaldietan dabil hemen. Garaiko idearik freskoenak aditzen dira adi izanez gero. Baina kantuaren zerbitzura, ez ego-aren zerbitzura.

Harmoniaren gaiak ere badu mamia. Soinua jotzeko moduan, bistan denez, baina bereziki bozen lanketan. Koroak ez dira paraleloan sortutako ohiko lerro hutsak: harago doaz. Pop musikatik —musika anglosaxoitik, horrela esateko— edaten dute, eta gaur ohikotzat entzuten baditugu ere, freskotasun eta goxotasun harrigarria dute oraindik. Lau boz diferente daude, Joseba Tapia, Xabier Berasaluze, Begoña Tapia eta Edurne Iradirenak.

Tradiziotik hasten da diskoa, non tradizioa ez den tiradera batean gordeta dagoen harri zati bat, baizik eta errekan dabilen harri bat, goroldiorik lotzen ez zaion horietako bat. Fandangoaren eta porrusaldaren lengoaia zabalduzjauzi bat egiten da hemen.

Osotasun bat badu lanak, eta bidaiaren metafora begibistakoa da. Azalak berak argitzen du. Aurreko fotoan biak ageri dira, bizikleta gainean, portutik behera begira. Beraiekin dituzte soinu txikia eta panderoa. Kontrazalean berriz ere Tapi ta Letu, txalupan, itsasoan, hainbat soinu eta pandero bai, baina baita anplifikadoreak, kableak eta bost sokako banjoa ere. Piezen segida metafora horren baitan ederki esplikatua da.

A aldea Jo eta hautsi lehen lana bukatzen den tokitik pauso bat aurrerago hasten da. Ohiko tokian, bai-baina. Eta kantuz kantu, soka hori tenkatuz joaten da. Soinu-pandero-bozez emaniko lau kanturekin hasten da A aldea (Maitatzen zaitudalako, Stressa, Anbototik Gorbeara, Sinistu ezkero). Bosgarren pieza soinu eta pandero hutsez emandako fandango bat da. Eta horren ostean arin-arina dator: gitarra apala eta atabalak sartzen dira jolasean, ttak! Txalupa badoan seinale. Jakina aurretik ere jazpana erabilia izan zela, baina toki horretan nola datorren ikusita, maisulana iruditzen zait estruktura aldetik. Eta A aldea bukatzeko, noski, kalejira bat, Mixel Ducauren gitarra elektrikoaz lagundurik.

Orduan B aldea dator, eta azeleragailua barruraino sakatua da: countrya (Hik lan eta nik jai) tex-mexa (Maddalen, Festarik festa) Karibea (Besamotza) Two-Tone zerbait (Eromerian), eta, bukatzeko, herrira buelta, kanpoko gerra baten erruz itsu (Solferinoko itsua). Bidean, tronpetak, sinteak... unean unekoa janzteko lanabesak.

Beste bost mila karaktere beharko nituzke hitzei buruzko iruzkinak botatzeko, baina, zorionez, ez da tarterik. Tradizioa eta garaikidetasuna berriz ere: iturri zaharretik kopla berriak,(auto)kritika umoretsu-ironikoa, besta giroko gaiak;hitz goxo, zorrotz zein bitxiek badute hemen tokia, guztia ederki asko uztarturik. Eta bizi dituen gizartearen halako panorama edo collage bat osatzen dute testuok.

Gerora etorriko zenaren oinarria jartzen du disko honek (Triki-pop'n'shit). Baina mahai gainean jartzen diren kontzeptuak asumitu zirenerako Tapia eta Leturia dagoeneko beste toki batean ziren. 1997an Ero aterako dute (Tapia eta Leturia Band taldearekin), eta urtebete geroago, 1998. Danba. Eta horren ondoren ere, beti aitzinera begira. Badu zer ikasi eta zer pentsa, hala nahi duenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.