Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Bizi alegiazkoak

2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Voll-Damm lata batean bizi naiz orain. Mundua honetara murriztu da, egarria ere bai. Zorabio arin hau alkoholarena dela pentsatzeak lasaitu egiten nau, ez gaixotasun batena, ez egonezinarena, nahigabearena, ondoezarena. Inguruan dabil herio, eta herio batean nabil, bururik gabeko ostruka bezain baldar.

Voll-Damm lata batean ezkutatu naiz, ez ikusteko neure hutsak, ez ohartzeko nire ezinez, ez ikusteko besteren begietan alferrik galdutako aukera guztiak, ez ditzadan entzun besteren ahotik neuk behin eta berriro isildutakoak. Burua zulo honetan sartuta babestuta sentitzen naiz, neuregandik izan ezik.

Irten dut etxetik, atera naiz kalera, ibili naiz lehen ibiltzen ginen lekuetan, baina dena aldatu da, ez da izua bakarrik, ez eta etorkizunak ekarriko duenarekiko kezka ere, Voll-Damm lata batean daramat burua, durundi dagi, ez dit neure ezerez betea besterik ekartzen.

Eta oroitzapenak asmatzera jartzen naiz orduan, inoiz izan zen ia gogoratu ere egiten ez dudana eraikitzera berriz, behar baino gehiago edertu gabe ahal bada, eta hala ere jausi egiten naiz neure tranpan, neure buruari ezkutatu egiten dizkiot detaile miserableak.

Bizirik irauteko trepeta dela pentsatzen dut gero, iragana edertzearena, ez nostalgia, eta dena edertzen dugula, ezin dugula bizi bestondo bestial bateko buru argitasunak erakusten digun munduarekin, hilda bizi den jendearekin, edo Voll-Damm lata batean ezkutaturik bizi den izaki zahar minduarekin. Eta nonbait irakurri bezala, pentsamendu kritikoa ez da besteren pentsamendua zalantzan jartzea, nork berea baizik. Eta nik, lata honetan ezkutaturik, ez daukat jada pentsatzeko indarrik, ezer zalantzan jartzeko ganorarik, durundi dagit, eta oihartzunak iragan edertu bat ekartzen dit, lauso eta bizi, argi zahar batek ilundua bezala.

Ni ere Londresen nengoen, hamazazpi urte neuzkan, lehen aldia nuen etxetik bakarrik irteten nuena, walkmanean Jane's Addictionen Jane says entzuten nuen etengabe; zaila zen kasetean kantua atzeratu eta berriro entzutea, handik urte batzuetara kasete bat egin nuen, alde batean Lou Reeden Perfect Day eta bestaldean Ruper Ordorikaren Berandu dabiltza kantuekin, baina orduan ez, eta hala ere Jane says harekin bakarrik akordatzen naiz, kantuan ere hasten nintzen batzuetan.

Euria hasi zuen goian-behean, eta korrika iritsi nintzen Tate Britainera, zer ikustera nindoan aurrez jakin gabe. Eta Rothkorekin egin nuen topo. Gerora jakin nuen bere azken urteetako lanak zirela, marroiak, beltzak, ilunak. Bazuen ezerez hark betetasun bat, edertasun bat, transzendentzia bat. Stendhal sindromea hantxe bizi izan nuen, inon izatekotan. Kabinatik etxera deitu, telefonoa eskegi eta negar egin nuen, behin etxera joan eta inor ez zegoelako eskaileretan eserita egin nuen bezalaxe, bakarrik nengoelako, babesgabe. Ments nuen ama.

Zumarragako ospitalean egon da ingresatuta, bueltaka ibili gara, gaua egitera joan behar nuen, berandu nindoan, Polo zaharra goma orroan neraman. Hegazti bat ikusi nuen hegan urrutira, ibai gainean, eta ez nion antzematen ze hegazti zen. Zapaldu egin nion bere parera iristeko, ahate bat zen, dena emanda zihoan, estututa. Bere parean joan nintzen une batez, berari begira tarteka, errepidea zainduz; bizkor mugitzen zituen hegalak eta oso baxu zihoan, neure parean, ibaiaren gainean. Zoragarria dago Azkoititik Zumarragarako bidea, dena hain berde, hain bete, hain borbor. Azkenean aurreratu egin nuen ahatea, eta begira egon zitzaidala iruditu zitzaidan, Londreseko metroan bestaldeko bagoietatik jendeak begiratzen zidan bezala: gehiago ez ikusteko.

Eta pentsatu nuen, Ismael Manterolaren artikulua gogoan, esperientzia estetikoak ez daudela, menturaz, artearen mende. Ez dituela arteak bakarrik sortzen, alegia, eta susmoa izan nuen ia gehiago daudela norbere baitan, zerk aterako zain, kanpoko edertasun baten mende baino.

Zaila dela, alegia, Voll-Damm lata batean bizi den garun zopatu batek edertasunarentzat begirik izatea, eta egarririk gabe ezinezkoa dela. Eta egarririk gabe berdin diola batek artelanak zuzenean ikusi, argazki digitaletan ikusi, edo paperean. Ez badu sentitzen mundua ulertzeko beharrik, ez badu sentitzen munduan norbera izateko beste modu baten beharrik, bati berdin zaio zer ikusten duen. Eta norbera izatea beste bat izatea da, bestea izatea.

Eta Ismael Manterolaren artikuluarekin jarraituz, nik neuk artelan asko eta asko, gehien-gehienak egia esan, ez ditut ikusi paperean edo argazki digitaletan besterik, ez ditut ikusi erreprodukzioak baizik. Eta horrek Stendhal sindromea asko zaildu arren, ez du ezeztatzen, ezerezten esperientzia estetikoa. Eta Andre Malraux oraindik Kultura ministro izendatu gabearen Museo alegiazkoa datorkit gogora, eta nola moztu nituen arte liburuetatik paretan jartzeko koadroen erreprodukzioak. Pobrea izan.

Eta gero Marcel Schwoben Bizi alegiazkoak. Eta bere atariko hitzak: «Artea ideia orokorren beste muturrean dago; ez du deskribatzen gizabanakoa baino, ez du desiratzen berdinik ez duena besterik».

Voll-Damm lata batean bizi naiz oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.