Bidea nonbaiten hasten da beti. Joseba Intxaustirena jaiotetxean hasi zen. Ama, Dolores Rekondo Mujika, justu erreketeak herrian sartu eta handik bost egunera erditu zen Josebaz eta anaia bikiaz. «Nire ama, emakumeek garai hartan izaten zuten militantzia apalarekin, euskal gauzetan sartuta zebilen», gogora ekarri zuen 2017an egin nion elkarrizketan. Hark irakatsi zion euskaraz idazten eta abertzale izaten. Joxe Azurmendik beti gogoratzen du bien arteko abiaburuko diferentzia: Intxausti emakume baten semea izan. Bizitzan gauza batzuk eginda ematen zaizkigula zioen: «Errepublikako goraldi abertzalearen oihartzun atzeratua jaso ahal izan nuen. Horregatik banekien non egon behar nuen, niri tokatzen zitzaidan tokia zein zen, eta, beraz, Euskal Herri bat bazegoela. Banekien nik maite nuen horren kontrako jendea bazegoela, munduan eta baita gure herrian bertan ere». Horra Intxaustiren sehaska. Eta bidean atzera begira jarrita, berriz, honako hau: «Saiatu naiz beti lan egiten. Baina gozatu egin dut. Beti libertatetik goazela, itxaropenezko humanismo aske eta arduratu batean, bizikidetza aberastuz eta etorkizuna argituz ahal bada».
Bere burua bilatzaile gisa definitzen zuen. Bilatzaile bizitzan, herrigintzan, euskalgintzan eta gizagintzan. 37 liburu, ehundik gora liburu zati eta ia laurehun artikulu utzi ditu idatziak (bere obra osoa Jakinen atarian dago). Bada zer azpimarratua lan horretan guztian, ze erreskatatua. Lan batzuk oinarri-oinarrizkoak izan dira, ondorengo bidea zedarritu eta zoru sendoa jarri dutelako. Horren adierazgarri, liburuen artetik, pare bat aukeratu beharko bagenu, Gizadiaren historia, mendez mende liburu sorta hauta liteke edota Euskara eta hizkuntzak gizartean bildumako hiru liburukiak. Lehenak Euskal Herriko historia bateratu bat eskaintzen du, eta bigarrenak euskararen historia sozialaren ikerketa bidea zabaltzen du lehen aldikoz. Artikuluen artetik, Jakin jaio berri haren bederatzigarren zenbakian argitaratu zuen Illobira bultzaka aipatu behar da, garbizalekeriaren kontra idatzitako testu funtsezkoa duguna, hain zuzen, artikulu horrekin garbitu zelako batuaren bidearen sasitza. Joxe Azurmendik esan izan du Intxausti zela maisua eta gidaria hizkuntzaren gaineko afera guztietan Jakinen, eta, ezaguna ez den arren, Txillardegirekin estuki jardun zuela batasunaren borrokan.
Bilatzailea eta bidegilea izan da, dena egiteko zegoela ikusi zuelako, ikusi eta ikasi eta heldu. Dena egiteko zegoen kontzientzia horrekin ez zuen etsi; aitzitik, eremu emankor eta oparo bat eskura jartzen zitzaiola sentitu zuen. Hortik bere lan eskerga. Hortik, zorioneko gu, gaur egitekoen zerrendan gauza gutxiago izatea guk.