garbine ubeda goikoetxea
Durangoko 58. Azoka

Bigarren mailakoak

2023ko abenduaren 10a
05:25
Entzun

Gaur bai. Gaur, meteorito bat erortzen bada ere, itzulia egingo diot azokari. Baina pulamentuzkoa. Ez, behintzat, aurreko egunetako paseo baldintzatuak bezalakoa. Lankideei zutabe honen aitzakia jarri, eta motroiloan murgilduko naiz, zentzumen guztiak erne, aldamenetik pasa litezkeen ezagunak ekidite alde, jendea zibilizatuki agurtzeak plan guztiak hondatuko bailizkidake, nire astia haiei eskainita. Berriketak, hurrengo baterako.

Perla batzuk erosi nahi nituzke, baina ez nire balizko lanak osatzeko edo dena delakoari «gastua egiteko», eta are gutxiago inori oparitzeko —horretarako arrazoirik beti baden arren senitarte handietan—. Oparotasun salbuespeneko honetan aurkituko ditudan altxorrak nire gozamenerako nahi ditut. Gaur neroni bainaiz saritua eta omendua. Barka harroa.

Ez dut azken nobedaderik bilatzen, eta ez naiz momentuko liburu sonatuenaren peskizan ari. Bi liburu motaren irrikan nabil. Batek kontaketa gordinak dakartza, eta egia ziztakorrak: zer garen, nondik gatozen, nola nahi izan gaituzten makurrarazi. Besteak, berriz, betidanik liluratu izan nauena emango dit: hitzaren eta irudiaren sinbiosia, bien baturak sortzen duen lengoaiaren magia, harridura, sorpresa.

Batari saiakera-edo deitu izan zaio. Besteari, berriz, haur eta gazte literatura. Eta ni, neurri batean uler dezakedan arren, ez konformatzen, ez etsitzen, ez onartzen. Madarikatua, zehaztapenaren izenean, hizki larriz idazten den Literaturatik at utzi zituena. Madarikatua, prestigioaren eta ikusgarritasunaren lehen lerrotik atera zituelako, bigarren mailako izatera kondenatu zituelako, hain handi eta oso izan arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.