Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Bideoaren (anti)estetika

2024ko urriaren 13a
05:30
Entzun

1968ko maiatzeko erreboltek astinaldi eta paradigma aldaketa handiak ekarri zituzten mendebaldeko jendearen mundu ikuskeran. Ikasleek, langile antolatu eta ez-antolatuek, presoek, emigranteek, talde feministek, putek, denek ala denek bereganatu zuten ikusgarri izateko zuten eskubidea. Hala, garai honetakoa da egun nostalgiaz begiratzen dugun iruditeria sozialaren parte handi bat.

Egun horietan izan zen, Sony enpresak Portapak kamera komertzializatu zuenekoa. Zinta magnetikoan grabatzen zuen sistema horrek, zuri-beltzean, irudi-kalitate onargarrian, eta, hori gutxi balitz bezala, audioa ere modu errazean atzeman zezakeen. Kolektibo sozial askok bideoa aukeratu zuten lanabes bezala eta bideo-aktibismoaren alerik potenteenak garai hauetakoak ditugu. Horrela, askok bideogintza estetika militante gisa erabiltzea aldarrikatu zuten, esan bezala bat-batekotasuna, soinu-sinkronizazioa eta arintasuna ahalbidetzen zituelako. Baina, bestalde, bideoaren kalitate urriko irudi antiestetikoa ere aldarrikatzen zuten: autore-zinemaren tradizio intelektualaren kontra, hala nola zinema komertzialak eta telebistaren zabalkundeak herritarrengan zekarren alienazioaren aurka.

Ondorengo hamarkadetan artista askok erabili zuten bideoa ikus-entzunezkoen alorrean trebatzen hasteko. Yvonne Spielmannen arabera, bideoa da benetan lehen ikus-entzunezko baliabidea; izan ere, zinemak ez bezala, ez baitu unitate gisako irudirik sortzen, ez eta pelikula zinta baten materialtasunik agertzen. Hala, bideo elektronikoa, beste zinema militante mota batzuekin batera, performatiboa zen batzuentzat, eta modu sortzailean esku hartzeko aukera ematen zuen. Bideoa eraldatua eta manipulatua izan zitekeen teknologia eta bitarteko bat bezala ulertzen zen; kameran bertan editatu zitekeen gainera, behin eta berriz borratuz eta gainean grabatuz: eraldatze prozesu hauek guztiak bideoaren kondizio piktorikoarekin lotu zituzten askok.

1979an Cahiers du cinéma-rentzat egindako elkarrizketa batean, Nam June Paik artistak argudiatu zuen bideo zinta batean zinema film batean ez bezala ez dagoela irudi materialik. Bere garaian Jean-Luc Godard zinegile entzutetsuak esan zuenarekin kontrastatzen du honek, zeinak adierazi baitzuen argazkia benetakoa zela bere horretan, eta hortaz zinema, 24 aldiz segundoko egia moduko bat zela. June Paiken arabera, ordea, bideoan ez litzateke egongo nolabaiteko egia bat, ezta horren arrastorik ere.

(ID_17284052238725) Pandmask 2 ikus entzunezkoa
Pandmask 2 lanaren proiekzioaren irudi bat. ARTIUM

Egiaren nozio hau disputatzeko gogoz akaso, Jon Mikel Euba artistak bideo lan ezberdinak sortu zituen laurogeita hamarreko eta bi milako hamarkadetan. Horietako bi ikusgai daude egunotan Euskal Herriko Arte Garaikideko Artium Musean. Pandamask 2 (1998-2000) piezan, bazterreko orube batean aparkatutako auto zatarra gizabanako beraren mugimenduen katalizatzaile bihurtzen da, honen joan-etorriak biderkatzen direlarik loop etengabeen bidez. Hala, Eubak irudiaren barrurantz egiten du lan, eta ekintza guztiak atzematen dituen enkoadraketa baten barnean gertatzen dira. Ikusle gisa, zapuztuta ikusten dugu gure itxaropena —horra hor bere potentzia—, zeinak esanahi eta narrazio biribilak espero dituen, eta, kontrara, susmoa pizten digu, gertatzear dagoen zerbaiten aurrean egongo bagina bezala.

(ID_17284051916935) Neska ikus entzunezkoa
Neska obraren fotograma bat. ARTIUM

Neska (2003) obran, artista talde batek ariketa praktiko batean egindako grabaketaren emaitza erakusten digu Eubak. Modu eskultorikoan grabatzen da besteren desiren mende dagoen neska gazte baten gorputz otzana. Etengabean jasotzen dituen aginduen eta ekintzen bidez, haren gorputz pasiboa eraldatzen dute bi gizonek. Entseatuak dituzte posizioak, kalkulu baten emaitza dira, baina badute zerbait amankomunean —agerian bederen—. Postura heroikoak dira: ukabila gora, jarrera erasokorra, gorputza bera borrokan. Argi kontrara dago grabatuta, lente zikin batekin, zirriborro edo zerbaiten saiakera gisa —inondik ere ez estilistika ariketa eredugarri baten modura—. Modu honetan, joan den mendeko figurazio heroikoen eskulturak plano kontrapikatuen bidez grabatutako gorputz honetara transferitzen dira. Behetik gora ikusten dugu neska, halako begirada bertikal baten bidez; izan ere, begirada hezteko eta formen handitasuna gure ezintasunetik begiesteko egin ziren iraultza handien ordezkarien eskulturak. Bideoa agertzen da garai hartako handitasunaren kronika auzitan jartzeko modu bezala.

Aukera ederra da tokiko artearen ale esanguratsu ugari biltzen dituen erakundeak ikusgarri jartzea lanok eta, esan bezala, Bilduma ikusgai programaren barruan ikusteko aukera egonen da urriaren 1etik azaroaren 3ra, Artium museoan.

'PANDMASK 2'

Zuzendaria: Jon Mikel Euba. Urtea: 1998-2000.

'neska'

Zuzendaria: Jon Mikel Euba. Urtea: 2003.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.