Asko hitz egin dugu azken asteotan bertsolari bakoitzak gai baten aurrean hartu ohi duen kokapen eta estiloaren gainean, bakarkako lanetan bereziki. Sinesgarritasuna, entzuleari zer edo zer iradokiko dion sormen lan bat burutzea, pertsona eta pertsonaia fusionatzea bertsolariarekin identifikagarri xamar den norbaiten larrutik kantatuz, eszena zinematografikoetara jotzea… Maialen Lujanbiok koxka bat gora egin zuen igandean, eta ezaugarri horien guztien arteko fusio moduko bat taularatu zuen zenbait unetan. Goizeko ganbarako lana, esaterako, metroko bagoi batera tatuajez beteriko ultraeskuindar gihartsu horietako bat modu desafiatzailean sartu dela eta protesta isilean bagoitik botatzea lortzen duen taldeko kide gisa, horren erakusgarri. Izango da bertso horiek maila gorenekoak ez direla esango duenik, alor teknikoari dagokionez, baina bertsoaldiak daukan indarra ikaragarria da. Arratsaldeko buruz burukoaren aurreko bakarkakoan, antzeko zerbait burutu zuen hernaniarrak. Finalaren atarian zer egin nahi zuen argi zuela adierazi zuen, eta esango nuke dezente hurbildu zela bere helburu goren horretara.
Diskurtsoak, formulazioak, heldulekuak zein kokapenak modu nabarmenean irauli diren txapelketa honetan Lujanbioren ikuspegia baino ez zen falta mosaikoa osatzeko. Igandekoa pasatuta, datozen urteetan bertsogintzak jarraituko duen norabidearen inguruko pista garbiak baditugu dagoeneko. Enegarren aldiz, Lujanbio bide berriak irekitzen. Ez dakit inoiz merezi adina eskertuko diogun hamarkadetan egiten ari den lan aitzindaria.
Buruz burukora iristerako zaila zirudien Maialen ez beste inork txapela janzteko benetako aukerak izatea. Amets Arzallus igaro zen; pelikularen amaiera idatzita zegoen ordurako, baina. Tentsioa askatu eta txapelketako bertsogintza genero bakanak plazakora jauzi egin zuen ofiziokako ondorengo bi bertsoaldietan, zein baino zein txinpartatsu, eder eta borobilago. Une horretan lehertu zen Nafarroa Arena eta orduan ikusi genuen estreinakoz benetako Amets Arzallus, buruz burukorako bidean gorabeheratsu ibili ostean azkenean presiotik libre. Txapela urrun zuen ordurako, ordea. Beste behin bigarren, txapel bat badu, hirugarren eta laugarren postuak ere bai… palmares ikaragarria.
Buruz burukoan kantatzeko bigarren txartela VAR gelako adituek erabaki behar izan zuten. Berdinketa teknikoa Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Alaia Martinen artean. Arzallusen partez beste hiru horietako edozein pasatu izan balitz ez dut inor oholtzara aulkiak botatzen hasiko zenik uste. Mendiluzek tenple lezio ikusgarri bat eman zuen beste behin ere; ofiziotan eta erreflexuak eskatzen dituzten ariketetan bereziki dirdiratsu, bertsolaritzak andoaindarrari txapel bat zor diola esatea ez da gehiegikeria. Colina zen finalera hortzak bereziki zorroztuta zeramatzaten bertsolarietako bat, eta egundoko ahalegina egin zuen ariketa bakoitza zukutzen, beti erabat lortu ez bazuen ere. Alaia Martini dagokionez, bere lehenengo final nagusian buruz burukoan kantatzetik urrats txiki batera geratu zela kontuan hartuz, ezin zaio gehiago eskatu. Postu eta puntuez haratago, oihartzun handiena duen oholtzan bere estiloaren erakustaldi apartekoa egin zuen. Gogoratzekoa bere goizeko ganbarakoa, besteak beste.
Koxka txiki bat beherago geratu ziren puntutan Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi. Añorgarrak dirdira apur bat falta izan zuen une jakinen batean buruz burukorako lehiatik kanpo ez geratzeko. Agerian geratu zen, edozein kasutan, agertoki eta kolore berrien bilaketan egin duen lanketa, bere dohain teknikoez haratago. Ibarzabal eta Illarregirentzat estreinako finala zen igandekoa. Plazari tamaina hartu zioten biek, markinarrari motorra berotzen gehixeago kosta bazitzaion ere. Bertsoaldiek aurrera egin ahala tentsioa askatu eta geroz eta erosoago aritu zen kantuan, amaierarako txapelketa honetan pilatu duen neke fisiko eta mentala azaleratu bazitzaion ere. Leitzarrak, berriz, bertsotarako errekuntza motor diesela dauka bere azalaren azpian; alegia, saioak beste hiruzpalau ordu iraun balu ere, antzera jarraituko zukeen kantuan. Altu jarri du aurten langa, eta datozen urteetako bere lanketa pertsonaleko ildoak zehaztu ditu udazken honetan.
Bejondeizuela!