'vania x vania'
Testua eta zuzendaritza: Pablo Remon. Antzezleak: Javier Camara, Juan Codina, Israel Elejalde, Marta Nieto, Manuela Paso, Laura Galan. Eszenografia: Monica Boromello. Arropa: Ana Lopez. Argiak: David Picazo. Soinua: Sandra Vicente. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Egunak: maiatzak28-20.
Nola demontre laburtu Teatro Kamikazek ekoiztutako Osaba Vania berezi hau? Tituluari errepara iezaiozue: Vania x Vania. Antzezlana hala izendatu dute, konpainiak bi emanaldi zeharo ezberdin eskaintzen dituela adierazteko. Madrildarrek bata bestearen ondoren gozatu zuten lau orduko maratoi txejoviarra; Bilbon, aitzitik, hainbat egunetan banaturik izan dugu ikusgai.
Lehenbiziko funtzioan aktoreak —gehienetan eserita— Txejovek 1899an estreinatu zuenaren testutik gertu daude euren elkarrizketetan. Biluzik dago oholtza, ahotsak eta hitzek dute garrantzia.Testua da nagusi, aforoa mugatua; ikusgarriak zeremoniatik badu asko.
Bigarren funtziorako eszenografia bikoitza prestatu du Monica Boromellok. Ezkerreko erdialdeak XIX. mendeko Errusiako datxa baten sarrera irudikatzen du, bertako loretokian chaise longe-ren bat dagoela; eskuineko erdialdean, berriz, Toledoko landetxe baten ataria, plastikozko tabernetako aulki itsusiak, ur uherreko uraska. Dena den, emanaldian zehar bi garai, nahiz bi geografia zeharkatuko ditugula iradokitzen zaigun arren, fenomeno benetan bitxia eta harrigarriaren lekuko izan gara ia bi orduetan zehar: Errusian edo Toledon suertatzen dena, XIX. edo XX. mendekoa izan daitekeenaren nonahikotasun geografiko eta denborazkoarena. Pertsonaiek, ezkerrean daudenean, samovarreko tea zein vodka edaten dute; eskuinean dauzkagula, patxaran botilak husten dituzte. Bietan alkoholak mingaina askatzen die, bietan mozkorraldiek presentzia nabarmena dute.
Vania x Vania ez da Osaba Vania-ren enegarren bertsioa, beste zerbait izan da: milimetrikoki kalkulatutako artefaktu teatrala non errepikapenaz, disposizioaren simetriaren gainetik, dispositibo teatralaren perfekzioa nagusitzen den.
Vania Ivan bihurtu da baina gainontzeko pertsonaiak —eta argumentua— mantendu ditu zuzendariak. Txejovek hor dirau, baina testua guztiz aldendu da jatorrizko piezarenetik. Halarik ere, sortzaile errusiarraren izpiritua —espektro baten antzera— Remonen testuaren muina da. Hor beste miraria. Eta nola demontre azaldu mirari bat?
Bigarren Vanian eszenen arteko trantsiziorik ez dago; ikusi dugunaren continuum bat, hizkuntza zinematografikoan plano-sekuentzia deritzoguna izan dela generrake. Ez da kasualitatea Ivanek bere buruari planteatzen dizkion zalantzen artean denbora zertan datzan galderetako bat izatea. Denborarenaz gain, heriotza, maitasuna, diru-falta, kezka ekologikoa, intelektuala vs laborariaren paperak, osasuna, hipokondria, harreman toxikoek ekarritako sumisioa, malenkonia, edertasuna, zoriontasuna, asperdura, frustrazioa eta porrota zein desiraren falta hizpideak dituzte bai Remon-enak bai Txejovenak. Horrela, San Petersburgon izan, edo Toledon izan, bizitzak bihozmina ematen digula adierazi zigun Txejovek bere garaian eta Remonek ostegunekoan. Elkarrizketa arinen azpian atsekabeak dira, erremediorik gabeko etsipenak.
Horregatik guztiagatik Vania x Vania ez da Osaba Vania-ren enegarren bertsioa, hau beste zerbait izan da: milimetrikoki kalkulatutako artefaktu teatrala non errepikapenaz, disposizioaren simetriaren gainetik, dispositibo teatralaren perfekzioa nagusitzen den, besteak beste, aktore guztien puntako antzezpenari esker. Eta hori, nola demontre deskribatu?