Gasteizko Jazzaldiaren azken egunean, larunbatean, Arabako Errioxara eraman ninduten Jazzeko ahaireek. Hain zuzen ere, Eltziego herrira. Bertan zabaldu zuten Juan Claudio Cifuentes Cifu jazz esatari eta dibulgatzaile nekaezinaren oroimenenari eskainitako txoko bat, herriko kultur etxeko zati batean kokatuta dagoena.
Cifu hainbat jazz jarraitzaileren hezitzailea izan zen —lerro hauek sinatzen duena horien artean— eta, haren omenez, haren senitartekoen, lagunen eta jarraitzaileen artean bere ondarea zaintzeko eta zabaltzeko elkarte bat sortu berri dute CifuJazz izenaren pean —www.cifujazz.org helbidean dago informazioa—. Halaber, elkarte horren bidez, eta Cifu zenaren alargunak —Marisa Zaro— eta bi alabek bultzatuta, erabaki dute, Eltziegoko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Cifuren oroimena jende guztiari zabaltzea. Horrela, hari eskainitako leku batean esatariaren argazkiak, oroigarriak, diskoak eta liburuak ezagutu, entzun eta goza ditzakegu.
Cifu —Parisen jaio zen 1941ean eta Madrilen hil 2015eko martxoaren 17an— jazzean aditua eta hedatzaile nekaezina izan zen berrogei urtean, batez ere irratian, non hainbat saio egin zituen hainbat irrati katetan, baina baita telebistan ere. Izan ere, Espainiako telebistan publikoan Jazz entre amigos (Jazza lagunen artean) saio ospetsua zuzendu zuen astero sei urtez. Horrez gain, jazzaren inguruko beste hainbat egitasmotan parte hartu zuen, eta hainbat sari jaso, horien artean Donostiako Jazzaldiarena, 2013an.
Bitxia da Cifuk Euskal Herriarekin zuen lotura. Parisen jaio zen gurasoak han bizi zirelako Frankismoak erbesteratuak. 1961ean bueltatu ziren Madrilen bizitzera, baina gurasoak hasi ziren leku baten bila denboraldiak pasatzeko asmoarekin, eta, lagun batzuen bitartez, Arabako Errioxara iritsi ziren, Eltziegora, non Cifuk oporrak eta beste denboraldi batzuk pasatu zituen atseden hartzen. Han, gustatzen omen zitzaion lanegunetan arretaz entzun ezin zituen grabazioak lasai entzutea.
Gauzak horrela, Cifu zenaren errautsak Eltziegoko mahats-landetan sakabanatu zituzten, eta han hazten diren mahastiekin —Rio Salao tokikoak—, ardo berezi bat egin da haren omenez.
Eltziegoko Cifuren txokoa zabaldu ondoren, herriko plazan bi musika ekitaldi egin ziren haren omenez. Lehen zatian, Gasteiz Big Bandek jo zituen hain gustuko dituen gai askotako bertsio animotsuak: Eulitzarraren hegaldia, 86 Superagentea, Michael Jacksonen Thriller-en errekreazio bat, eta Cifuren saio guztiak zabaltzen zuen The Sidewinder abestia, Lee Morgan tronpeta jotzailearena.
Bigarren zatian, Sir Charlesek, Baldo Martinezek, Santiago de la Muelak eta Alejando Perezek osatutako Cifujazz All Stars lagunek osaturiko taldea aritu zen, adoretsu.
Ekitaldi horiek guztiak Eltziegoko Musika eta Ardoaren 9. Astearen barruan egin ziren.
Bejondeiela Cifuri eta familiari.
IRITZIA
Beti gure artean, maisua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu