Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

Beste historia bat

2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Nork bere gustu musikala eraikitzen du. Ez bakarrik, jakina. Etxean jasotakoak, lagunen gomendioek, prentsak edo liburu espezializatuek, gustuko ditugun musikarien gustuek laguntzen dute. Baina Euskal Herriaren kasuan, ez zait erraza egin nire talde kutun bihurtuko zirenetara iristea. Norbere garaian arakatzen ikasi egiten da, baina 2000. urtetik atzera eginez gero, nire gustua eraikitzeko prozesuak zerikusi handiagoa izan du arkeologiarekin (are paleontologiarekin) beste ezerekin baino. Eta bidea egitea polita da, baina errazagoa izan behar luke. Polita da kasualitatez Ancha es Castilla ezagutzea edo 23 Ojos de Pez edo Jugos de Otros. Polita Tortura Sistematika, Saz Le Bolo, Gutariko Bat, La Insidia ezagutzea. Muturreko adibideak dira, badakit. Baina ze aukera du 20 urteko gazte batek—demagun Gang of Four, Sonic Youth, Robert Wyatt entzuten dituen gazte batek— M-ak, Iñaki Eizmendi, Cancer Moon, Balerdi Balerdi, Los Bichos, Haizea, Parafünk entzuteko? Aipatutako izen batzuen kasuan, diskoak lortzea ere ia ezinezkoa da.

Argi dago bakarlari, talde eta mugimendu batzuek presentzia handiagoa izango dutela beti musikaren historian beste batzuek baino, baina nazioartean historia bat baino gehiago idazteko gai izan dira —batzuetan Sting ager daiteke eta inolaz ere ez Beat Happening, eta alderantziz—. Gurean, salbuespenak salbuespen, Euskal kantagintza berriak, Euskal Rock Erradikalak eta euskal musika salgarrienak —euskal minimainstream-a tabua da oraindik, eta kanon itxura hartzera ere irits daiteke— beste guztia estali dute, eta horixe da nola edo hala idatzita dagoen historia bakarra. Gainerakoak oin-ohar baino ez dira. Baina non aurkituko ditu euskal erreferentziak orduan lehen aipatutako 20 urteko gazteak?

Bada sasoia Euskal Herriko musikaren beste historia tabernazuloetako elkarrizketetatik ateratzeko. Diskoen berrargitalpenak, aspaldiko lanen gomendio eta kritikak, liburuak behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.