Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Bertsioak (I): kantaz kanta berregindako albumak

2024ko azaroaren 24a
05:10
Entzun

Bi mugimendu (itxura batean) kontraesankor sumatzen ditut egungo musika munduan, rockaren alorrean behintzat: alde batetik, tributu-banden izurritea, hots, iraganarekiko mendekotasun absolutua, eta, bestetik, jatorrizko materiala konposatzen eta jotzen dutenen artean beste kantarien eta taldeen bertsioak egiteko uzkurtasun orokorra. Halako gutxi entzuten dira, nire aburuz, zuzenekoetan, eta are gutxiago diskoetan (gogoan hartu, besterik ez bada, zenbat bertsio ageri zituzten The Beatlesen eta The Rolling Stonesen lehenengo LPek). Esango nuke bi jite horiek txanpon beraren bi aldeak direla, nahiz eta ez dakidan zehazki nola uztartzen diren. Ni, edonola ere, bertsioen oso aldekoa naiz: iragan edo ondare musikal bat egon badagoela aitortzen dute, korronte bat zeinetan egungo kantari edo talde horrek txertatu nahi duen, eta artistaren genealogiaren zantzu batzuk erakusten dizkigute. Eta baita helduleku bat ere, haren kantak nahikoa ezagutzen ez baditugu, dena delakoagatik. Adanismoa (egiten ari zarena lehenengoz egiten ari denaren kontzientzia absolutua) oso bekatu itsusia da, hala musikan nola literaturan (Euskal Herrian bereziki hedatua, bide batez esanda). Ebidenteki, gaurko saioan ez naiz arituko kantariek edo taldeek beren diskoetan sar ditzaketen bertsio solteez, ezta artista jakin bati edo batzuei eskainitako bertsioen bilduma indibidual edo kolektiboez (azken horietaz beste Zimiterio batean hitz egin beharko dut…). Hots, ez naiz arituko omenaldi diskoei buruz (halakoen adibide paradigmatikoa, gurean, Mikel Laboaren musikari dedikatutako Txinaurriak disko kolektiboa izango litzateke), ezta artista batek beste baten katalogoan edo errepertorioan sakabanatutako kanta kutunenez (edo komertzialenez) osatutakoez (The Hollies edo The Byrds taldeek Bob Dylanen kantutegiari eskainitakoez, esaterako), baizik eta (are ariketa ausartagoa dena) elepe osoen errekreazioez, lehenengo kantatik azkenekora.

PETRA HADEN

Petra Haden musikariaren diskoa.
Petra Haden musikariaren diskoa.

Bertsioen diskoek bi bide jarraitzen dute, eskuarki: bata, agian ohikoena, jatorrizkoarekiko fideltasunarena da, eta bestea bertsioa egiten duen artistaren eremura eramatearena, arriskugarriagoa dena, fanek ez baitituzte erraz barkatzen bide horretan obratutako heresiak. Disko hau bigarren bide horren erakusle bikaina (eta bizarroa) da: The Whoren 3. disko luzearena capellazko interpretazioa, ahots bakarra erabilita, Hadenena alegia, behin eta berriro gainjarria. Erronka ikaragarria, zeinetatik kantaria guztiz garaile ateratzen baita. Haden, musikari familia ugari baten kide da, The Decemberists-en partaide izan zen, eta kolaborazio asko egin ditu. Hauxe izan zen, edonola ere, bere bigarren bakarkako lana, ahotsarekin lor ditzakeen askotariko ñabarduren erakusgarri. Ez zuen gaizki aukeratu The Whoren zein album bertsioneatu: alde batetik, ez da ezagunenetakoa (zaleek agian eragozpen gehiago jarriko zizkioketen Tommyren edo Who’s Nexten berrinterpretazioei), baina taldearen karreraren zenbait kanta ikoniko jasotzen ditu, eta, batez ere, zentzua du obra oso gisa: lan kontzeptuala ez bada ere, kantak elkarri lotuta agertzen ziren jatorrizkoan, etenaldirik gabe, garaiko rock irrati pirata baten saio bat izango balitz legez. Emaitza, paradoxikoki, oso fidela da: bere ahots hutsaren askotariko tonuekin 1967ko The Who poperoenen joritasun alaia bikain erreproduzitu ahal izan zuen (diskoa zuzenera eramateko Hadenek hamar emakumezko ahotsen koru bat osatu zuen!). Perlak, niretzat, Armenia City in the Sky, Tatoo, I Can See for Mileseta, jakina, Mary Anne with the Shaky Hand da: gozamen bitxia da talde horren maskulino baten kanta are maskulinoago bat formatu honetan entzun ahal izatea. Disko hau, zinez, erronka bat da, eta emaitza, loriatsua.

THE SMITHEREENS

The Smithereens! taldearen Meet the Smithereens! diskoa.
The Smithereens! taldearen Meet the Smithereens! diskoa.

Gaurko bigarren diskoak, jakina, fideltasun absolutuaren bidearen erakusle izan behar zuen. The Smithereens Amerikar Rock Berria delakoaren abaroan bere bost minutuko sona lortu zuen, 1980ko hamarraldian, R.E.M., Violent Femmes eta abarrekin batera. Laster ikusi zen etiketa hark elkarren artean aski ezberdinak ziren bandak elkartzen zituela, eta haien zortea ere ez zela parekoa izan: The Smithereens, funtsean, power-pop banda eraginkor bat zen, baina ez zeukan R.E.M.-en distira. Eta taldearen karrera maldan behera hasi zen 1990eko hamarkadan: arazoak diskoetxeekin, sormen-lehorraldiak, erbestealdia nostalgikoen zirkuitura. Impasse horretatik irteteko disko hau grabatzea bururatu zitzaien: Beatlesek AEBetan kaleratu zuten bigarren diskoaren berrinterpretazio ezin fidelagoa. Bere paradoxa propioa barneratzen duena: Beatlesen lehenengo diskoak ez ziren AEBn Britainia Handian bezala argitaratu: 1964ko Meet The Beatles! haren «jatorrizkoa» 1963ko With The Beatles zen, albumik gabeko single batzuk gehituta eta (kasu!) bertsio batzuk kenduta, kantutegi iparramerikarreko «klasikoenak» hain zuzen: Columbia diskoetxeak ez zuen uste Estatu Batuetan funtzionatuko zutenik, eta, ondorioz, jatorrizko Beatlesen materiala hobetsi zuen. Eta horixe da The Smithereensek aukeratu zutena erreproduzitzeko, ahots harmoniak eta guzti. Ez dago ekarpenik, debozio ariketa eder bat baino ez. The Smithereensek gustua hartu zioten kontuari, segidan beste hiru bertsio disko egin zituztelako. Eta, bide horretatik, gauzak zer diren, inspirazioa berreskuratu eta jatorrizko materialaz osatutako lana ekoiztu zuten, aspaldiko partez, 2011albuma. Zeina, pena, taldearen beltxargaren kanta bihurtu baitzen: Pat DiNizio abeslaria handik urte gutxitara hil zen.

RYAN ADAMS

Ryan Adams musikariaren 1989 diskoa.
Ryan Adams musikariaren 1989 diskoa.

Hau ere (barkatu) disko paradoxiko bat da alde askotatik. Lehenik eta behin, ez duelako kantaz kanta errepikatzen album klasiko bat, apenas aurreko urtean argitaratutako bat baizik, zein eta Taylor Swift pop mega-izarraren 1989 alegia (2014): halako «omenaldiak», normalean, aurrekaritzat aitortzen diren artistei egiten zaizkie. Beste bitxikeria bat: Swift, countryaren mundutik zetorrena, jokoa errotik aldatu eta ultra-pop dantzagarrira pasatu zen behin betiko 1989-rekin: disko ditxaratxero eta otxenteroa egin zuen, synth-poparen hurbilekoa maiz, hiritarra, bere sustraietatik urrun. Bada, Adamsek doinu lagunkoi horiekin nolabaiteko alderantzikatze ariketa burutzen du: ohikoa duen americanaren alorrera eramaten ditu (hasierako Welcome to New York espantsiboa B. Springsteenen kanta bat bihurtzen du ia), mantsotzen ditu (entzunShake It Offsingle jatorrian distiratsuaren eraldaketa), eta tristeziaz blaitzen ditu (Out of the Woodsedo Bad Blood, adibidez). Bistan denez, ez da 1989-ren countryrako itzulpen ariketa (Adamsek ez du asmo zehatz hori), hortik zerbait badu ere. Baina, hara non, emakumeen kontrako jazarpen emozionala egiteagatik salatu zuten 2019an (tartean, Mandy Moore eta Phoebe Bridges musikari eta bikotekide ohiek). Horrek ondorio nabarmenak izan ditu Adamsen karreraren gainbeheran. Gizonak egindakoa aitortu eta barkamena eskatu zuen, eta, dakidala, urratsak ematen ari da bere askotariko adikzioen kontrako borrokan. Egilearen eta obraren arteko bereizketaren lur zingiratsuetan ez naiz sartuko, baina, printzipioz, bigarren aukeretan sinesten dudan heinean, pentsatu nahi nuke hau bezalako apaltasun keinuek haren alde hitz egiten segitzen dutela, artista gisa, eta, agian, baita pertsona gisa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.