Nik 16 urte neuzkala ezagutu nuen aita. Bera ezagutzarekin batera, literatura eta musika berria agertu zen nire bizitzan. Ematen zizkidan liburu guztiak sinaduraz eta hitzez apaintzen zizkidan. Oso irakurzalea zen, eta izango da, seguru asko, baina nik, honezkero, ez dakit. 16 urte neuzkala sartu zen nire bizitzan, eta handik hamar urte ingurura desagertu egin zen, berriro. Orain jada ez daukat berarekin harremanik. Liburuak, eta ezagutu nuen musika guztia gelditzen zaizkit.
Behin, Serraten kasete bat eman zidan, eta komentatu zidan: «Serratek abesti onenak katalanez egin zituen, gero ez du ezer onik egin». Nik, garai hartan, pentsatu nuen, «o, beitu, bere beste gehiegikeria erradikal horietako bat. Aita, badakizu».
Etxera joan eta kasetea entzun nuen. Eta gero beste behin entzun nuen, eta beste behin, eta han aurkitu nituen abestiek, era desberdin batean niri buruz hitz egiten zutela iruditzen zitzaidan. Abesti bakoitzak dauka poesia, beste garai bateko poesia. Trobadore baten poesia, alegia. Guillem Gisbertek elkarrizketa batean ondo esan zuen bezala, nire sukaldera zuzenean sartzen ziren abestiak ziren. Kaseteak, hain zuzen, Ara que tinc 20 anys zuen izena, eta han barruan zeuden, besteak beste: Ara que tinc 20, I jo me'n vaig a peu, la Tieta, la Mort del Avi, el Drapaire, eta abar, eta abar. Nahiz eta modaz pasatutako soinu moldaketak ziren, hitzak harrigarri politak eta hunkigarriak ziren, eta dira. Batzuk kultur katalanaren klasikoak bihurtu dira.
Adibidez: Gogoan dut neska txiki, liluragarri, eta korapilatsu haren etxera joan nintzen egunaz. Graciako auzo behinola bohemio hartan, gaizki egindako pisu konpartitu batean izan zen festa hartaz gogoratzen naiz. Gaizki egindako gauza haiek guztiak, desordena hura, hitz haiek guztiak, keinu guztiak, garai hartan, gazte denbora hartan, oso xarmagarriak ziren. Bere urtebetetzea zen, 20 urte betetzen zituen, eta han bildu ginen kuadrilla ustez ezkertiar bat, ezer esan nahi ez duen multikulturalismoaren aldekoa, norbere kulturari inportantzia handiegia ematea atzeratuen kontua zela pentsatzen zutenak. Ara que tinc 20 anys abesti hura jarri genuen, txantxetan bezala, irribarre keinu batekin, zeren gure bizitza erdi alternatibo hartan, abesti hura modaz pasatutako abesti bat baino ez baitzen... baina hasi zen doinua aireratzen, hurbiltzen, eta isiltasuna nagusitu zen. Gure 20 urteekin, hunkitu egin ginen, nola ez.
«Orain, 20 urte ditudalarik, oraindik indarra dudalarik, arima oraindik hil ez zaidalarik, odola irakiten sentitzen dudalarik, orain, beste batek kantatzen badu ni ere kantatzeko gai naizela sentitzen dut. Gaur, oraindik, badut ahotsa eta Jainkoarengan sinets dezaket».
«Harriei, lurrari, urari, gariari, zapaltzen ari naizen bideari, gauari, zeruari, hain gurea den itsaso honi, goizean aurpegiari musu ematera datorren haize honi kantatu nahi diet».
«Ahotsa altxatu nahi dut ekaitz batengatik, eguzki izpi batengatik, arratsean kantatzera datorren urretxindorrarengatik. Orain, 20 urte ditudan honetan, oraindik indarra daukadan honetan, arima oraindik hilik ez daukadan honetan, maitasun txinta bategatik edota haur bat negarrez ikusteagatik bihotza aztoratzen zaidan honetan».
«Zutik jaio, zutik bizi eta zutik hiltzen direnen alde altxatu nahi dut ahotsa».
Gero, hainbeste denbora pasatu eta gero, oso gutxitan gogoratu izan naiz aitak oparitutako kasete hartaz. Batzuetan bai, batzuetan uzten diot berriro Joan Manuel Serrati nire sukaldera sartzen, eta berriro ere, hunkitzen nau. Eta, berriro ere, ikaragarri tristatzen nau Serratek momentu batetik aurrera katalanez berriro ez sortzea erabaki zuela pentsatzeak.
Badakizu, geranioa nire etxean loratu da.
Badakizu, goizero maitasuna esnatzen dela.
Badakizu, malkoak denborak eramaten ditu,
neguaren ondoren udaberria jaiotzen da.
Badakizu, zure usaina galdu da eta
ez dut gogoratzen hainbeste begiratu zidaten
begi horien kolorea,
nire gorputza zure eskuekin lotzen zenuenean eta
ni ume bat nintzenean,
gaua iristean gertu sentitzen zintudanean eta
txikia egiten nintzenean.
Badakizu, edozein gauzarekin barre egiten dut berriro.
Gaur zure oroitzapenek ez naute molestatzen.
Badakizu, zure usaina galdu da eta
ez dut gogoratzen hainbeste begiratu zidaten
begi horien kolorea,
nire gorputza zure eskuekin lotzen zenuenean eta
ni ume bat nintzenean,
gaua iristean gertu sentitzen zintudanean eta
txiki egiten nintzenean.