Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Berri onak

2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Berri Txarrak-en zaleek boligrafo gorriz markatua dute 2019ko azaroaren 23a egutegian eta mapa emozionalean. Lekunberriko taldea geldirik dago geroztik, euskal musikaren historiara igaro den azken birako azken kontzertua Nafarroa Arenan eman ondoren. Jaio. Musika. Hil. Etenaldi mugagabea hasi zuen orduan hirukoteak, eta hutsunea nabaria da jarraitzaileen artean. Agurra hobeto asimilatzeko Dardara dokumentalarekin gozatu ahal izan dute eta biniloan argitaratu dira disko eta edizio bereziak.

Hori hala izanik ere, ebidentzia zientifikoa mahai gainean jartzea nahikoa da. Gorka Urbizu eta konpainiak musikaren erlojua gelditu eta handik oso gutxira munduak biziki egin zuen okerrera. Adibideak ez dira falta: pandemia, krisi ekomiko, politiko eta soziala, eskuin muturraren gorakada, Ukrainako gerra eta munduko bestelako gatazka armatuak eta jazarpenak, migranteen drama amaigabea, Almudena Grandesen eta Charli Wattsen heriotzak...

Berri Txarraken agurraren hirugarren urteurrenaren harira, Iruñeko kontzertuaren argazki bat igo zuen taldeak Instagrameko bere kontura. 4.500 erabiltzailek baino gehiagok sakatu zuten gogoko botoia, eta horietako batzuk datari erreparatu zioten. Hurrengoa esan zuen, serio-serio, Xabii.21 izeneko norbaitek: «Mesedez, hau ez da txorrada bat, agur esan zenutenetik zoritxarrak baino ez dira gertatu planetan. Premiazkoa da zuek itzultzea, gu pikutara ez joateko».

Denok dakigu berri onak ez direla hain ohikoak, baina, aldi berean, inoiz baino garrantzitsuagoak dira. Goazen, ba. Nire neska lagunaren pisukideak argentinarrak dira, eta pozez zoratzen zeuden, oihuka, korrika, musuka, Messik zelai erdian baloia zuenean Qatarko Munduko Kopan. Lulak kargua hartu du Brasilen, eta eskerrak. Lagun baten semeak 9 urte ditu eta hain da berezia, Tindersticks ikustera joan baitzen Victoria Eugenia aretora. The Black Angelsen kontzertua ikusiko dut Madrilen. 2023rako, ez dadila haria eten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.