begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Berlinen datorrenaren zain, Ekialderatz Chantalekin

2025eko otsailaren 21a
04:00
Entzun

Elurpean eta elur gainean dabil jendea hartza ikurtzat duen hiri honetan. Eroriak dira ugari, izozturik baitaude kaleak. Dardaraz da Berlinale 75. hau, ez baitaki munduak igandeko hauteskundeetan zer gertatuko den, Municheko atentatuak indartu baititu eskuin muturrak zituen aukera guztiak. Munich, hain hiri zinematografikoa, hain futbol talde —Bayern, alegia— bikaina duena. Bertan hartu zuen Europak zaplazteko egundokoa joan den igandean, argi eta garbi geratu baitzen Estatu Batuen ugazaba ez hain berriak Europako Batasuna ez duela kontuan hartuko Putinen eta Zelenskiren arteko ustezko bakearen alegiazko negoziazioetan; Trumpen eta ondoan dituenen irudiko, Europa kontinente zaharkitu, onbera eta hutsala da.

Naturak eta politikak izozten dizkiote hezurrak eta bihotza aurtengo Berlinaleri; hartu duen alegrantzia bakarra Bong Joon-horen Mickey 17 izenburu duen filmaren estreinaldia izan da. Parasite egin zuenetik denek diote, atrebentzia handiz, korearra dela beren zinemagile kuttunena, baina inor gutxik ikusi izan ditu fantasiak zaurituok miresten ditugun bere aurreko The Host, Okja edo Sea Fog. Horiek guztiak gehi Mother ikusita izango balituzte, are sakonago gozatuko lukete Mickey 17 horrek proposatzen duen zinema satirikoarekin. Anitz ondo azaltzen da zeluloide umore iluneko fabula horretan konkistatu nahi-behar-ahal ditugun planetak konkistatzeko erreplikante-robot-gizaki ziento baten galera eternalari egin beharko diogula ameto, edo gureak (gureak idatzi dut, eta ez Trump, Musk eta antzekoenak) egin du.

Elurpean eta elur gainean dabil Berlinale 75.a, auskalo noiz, batek daki non irristatzeko beldur. Banatuko dira sariak hauteskunde bezperan, eta bai saridunak bai sarigabeak esnatuko dira izan den, den eta izan zitekeen guztia kolokan duen hirian.

Mickey 17 gurean noiz estreinatuko zain gaudela (martxorako izango dugu ikusgai), ez legoke batere gaizki, Postdamer Platzen inguruetan ez bazarete bederen, plataforma ausartenetan duzuen Chantal Ackermanen D'Est-i begirada botatzea.

Horrela eginez gero, Berlinen daudenen arima eta gorputza izozten dituen hotz berak bahituko zaituzte. Beraz, ez piztu pantaila aldarte baxuan bazaudete. Alta, sasoian izanez gero, zin degizuet Alemania eta Europa osoa zeharkatzen dituen mamu beldurgarriaren nondik norakoa eta zergatia ulertzen lagunduko dizuela film mikatz, latz honek.

Berlingo Harresia erori zenean, Pink Floyden The Wall entzuten eta ikusten genueneko garaietan irudikatzen ez genuen esperantza uholde bat sumatu zen kaleetan, plazetan, kontinete osoan. Hori horrela izanik ere, 1975. urtean Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruxelles burutu eta 2005ean bere buruaz beste egin zuen Chantalek egun alai eta distiratsu haietan egokiak ez ziruditen susmo txarrak izan zituen, eta, kamera harturik, ekin zion Europako Ekialde sakon-sakonera eramango zuen bidaiari.

Pelikulak, pelikula zoritxarrekoak, ez du dialogorik, ez du agertzen den jendearen arteko solasaldirik jasotzen. Zaratak bai, zaratak hartzen ditu. Soinuak, xuxurlak, desesperantza isil baten oihartzunak ere bai. Mendebaldean historia salbatua zela sinisten genuen bitartean, Ekialdeko askok esku eta bihotz hutsik, gabezia ikaragarrian sumatzen zuten beren burua. Eta Chantalen kamerak sentsazio hori harrapatzen du goizaldirik gabeko gau ilunetan, errealismo sobietarraren maneretan eraikitako etxeetan, non argi bat ere ez dagoen piztua. Eguzkirik eta ilargirik gabeko irudi horietan gaua zabaltzen da, krudel, noraezean pilaturiko gorputzen eta arimen gainean.

Mendebaldean historia salbatua zela sinisten genuen bitartean, Ekialdeko askok esku eta bihotz hutsik, gabezia ikaragarrian sumatzen zuten beren burua. Eta Chantalen kamerak sentsazio hori harrapatzen du goizaldirik gabeko gau ilunetan, errealismo sobietarraren maneretan eraikitako etxeetan, non argi bat ere ez dagoen piztua

Luzeak dira travelling mugimenduak ez amaierarik ez esperantzarik ez duten irudietan. Chantal susmo txarretan zela diotsuet berriro. Ez bide zen hain distira handikoa etorkizuna Ekialdean. Inor gutxik zekien hori egun haietan Mendebaldean. Aingeruek ere bisitatu zuten hirira pasatzen zirenean, txalo zaparradaz hartzen genituen Harresiaren beste aldetik zetozen Trabi kotxe hala moduzkoak, geroxeago mespretxuz begiratuko genituenak.

35 urte bete berri dira Harresia desagertu zenetik. Asko dirudite, bai, baina D'Est gero eta noraezekoagoa da Berlinen eta inguruetan igandean gerta daitekeena ulertu ahal izateko.

Ez da beharrezkoa Berlinalen izatea hotza hezur-mamian sentitzeko. Balent nahikoa bazara, ikus ezazu D'Est. Gauza anitz konprenituko duzu. Europaz. Zinemaz.

Inoiz baino politikoagoa da 2025. honetan Berlingo zinema jaialdia. Mila kontu baitira jokoan, auzian, kolokan. Eta ez bakarrik Urrezko Hartzaren besarkada...

(ID_14688091) \'D\'EST\'
Chantal Ackermanen 'D'Est' filma. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.