Ngugi wa Thiong’o pentsalari eta idazle afrikarraren arabera, naturaren eta geure buruaren gaineko ekintzen bidez egiten dugu gizakiok historia; eta historiak borroka horretaz hitz egiten du. Borroken bidez, pertsona talde batek bizitza ekonomiko eta politiko partekatua duen komunitate batean eboluzionatzen du. Komunitate horrek, ekintza berberak errepikatuz, testuinguru geografiko partekatu batean, bizitzeko modu komun bat garatzen du, hizkuntza baten bidez adierazia.
Ados egon gaitezke giza komunitateen definizioarekin, ala ez, baina uste dut bizitza borroka bat den ideia oso ezaguna dela. Raimon kantari valentziarrak zioen moduan, «sorra eta etengabea den borroka batetik gatoz». Eta Xabier Letek horrela adierazten zuen: «Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, borroka horretan iraungo duten zuhaitz aldaxka gazteak».
Niretzat hizkuntzak dira borroka horren lekukotzak, eta aldi berean, munizioa. Duela jada denboratxo bat, testu batean esan nuen: «euskara etorkizunez kargatutako arma bat da; hegemoniaren kontra borrokatzeko oso aproposa». Esaldia Gabriel Celaya poetari lapurtuta moldatu nuen. Gutxi ezagutzen nuen Celaya hori idatzi nuenean. Gabriel Celaya, Donostian jaioa, berea ez zen hizkuntza batean mintzo zena.
Nire bertsoak
gaztelaniara itzultzen diren
bertsoak dira.
Nik «padre» esaten ikasten nuen
baina «aita» esanez jaio nintzen,
ez dut nire kanturako
zein hizkuntzekin asmatzen.
Agintzen dutenak irakurri ditut.
Cervantes ikasi dut.
Eta orain ustiatzen saiatzen ari naiz,
aurrera ateratzeko.
Nortasunaren galeraz, eta Europako herri askotan hizkuntza dela-eta gertatzen diren bidegabekeriez ari da duela gutxi Filmin plataforman estreinatu duten filma, Kneecap (belaunezur) izenekoa. Ipar Irlandan gertatzen da trama, eta gaurko egunean dago kokatuta; hau da, IRAren amaiera ondoko belaunaldiaren garaian, eta egiazko hip-hop talde baten historia kontatzen du.
Hain zuzen, mutil baten aita IRAko militanteak bere borrokaren parte bezala hartzen du gaelikoaren erabilera. Umeari mantra baten eran errepikatzen dio: gaelikoz ahoskaturiko hitz bakoitza inperialismoaren aurkako tiro bat da. Beste gauza batzuk ere esaten dizkio bere semeari, adibidez, western pelikuletan beraiek indioak direla. Michael Fassbenderrek interpretatzen du aita; filmeko aktore profesional bakarrenetakoa da. Interesgarria da egiten duen interpretazioa, eta, dudarik gabe, Espainian zentsuratua izango litzateke. Kontua da aita desagertu egingo dela gaztearen eguneroko bizitzatik, eta Ipar Irlandako giro zailean hazi beharko duela, aita absentearen itzalpean, hizkuntza bere baitan daramala. Azkenean, musika talde bat antolatzen dute, korrontearen kontra, eta gaelikoz egiten dute.
«['Kneecap'] filmak nik hainbeste eskertzen dudan hori gogoratzen digu: ez gaudela bakarrik esaten digute, eta hegemonia kulturalen aurkako borroka beraren parte garela»
Thiong’o-k esaten duenean kolonialismoak biktimen kulturak xehatu edo fosildu dituela, «fosil» hitza entzun eta gaelikoa datorkit gogora. Hain zuen, filmeko esaldi batean, natur zientzako museo bateko bitrina batean gordetako dodo disekatuaren patuarekin konparatzen da gaelikoa. Begiratu bai, baina ez ukitu. Norbaitek beira apurtu behar du behingoz eta dodoa askatu, bizi ahal izateko. Hori egiten du hip-hop talde horrek: kristalak apurtu, gelan ezarritako ordena hankaz gora jarri, zuzena den guztia ahaztu eta, bide batez, demostratu, edozein hizkuntza, baita printzipioz jada museorako geratu dena ere, ahal dela hartu eta erabili, edozertarako.
Zalantzarik gabe, filmari kritikak ere egin dakizkioke, eta agian ez da biribila. Adibidez, ez luke Bechdelen testa pasatuko ezta urrutitik ere... Hala ere, nire ustez, filmaren gauzarik interesgarriena da kultura ekoizpenaren olatu berri batean koka daitekeela, hizkuntza eskubideen alde minorizatutako kulturen borrokarako deia egiten duena. Herri dekolonialetik etortzen den mugimendu hori Europako herri gutxituetara iristen ari da. Giroan nabaritzen da, eta film hori lekukotza argia da.
Filmak nik hainbeste eskertzen dudan hori gogoratzen digu: ez gaudela bakarrik esaten digute, eta hegemonia kulturalen aurkako borroka beraren parte garela. Eta, adibidez, honekin lotuta, oso adierazgarria da zein esaldirekin bukatzen den filma: «40 egunetik behin hizkuntza indigena bat hiltzen da munduan». Beste adibide bat. Artikulu hau idatzi bezperan, Bafta bat irabazi zuen pelikulak. Sariketan pelikularen produktoreak esan du: «Kneecap pelikula bat baino gehiago da. Bakoitzak bere hizkuntza, kultura eta jaioterria nola errespetarazi behar dituen azaltzen duen mugimendua da». Adi egon, «errespetarazi» hitza erabiltzen da, eta ez «errespetatu», eta norberaren agentzian jartzen du fokua.
Guk ere konplize bila ibili beharko genuke. Momentuz, Duolingo-n gaelikoari heldu diot. Hizkuntzak ikasteko tresna ez oso baliagarria, baina, hala ere, gauero, erdi txantxetan, umeekin, gaelikozko hitz berriak ikasten ditugu, eta, konturatu gabe, mundua irekitzen da, pixka bat gehiago. Ikasitako hitzak, agian gutxi eta ez oso erabilgarriak, baina mundu hegemoniko eta etsaiari aurre egiteko, etxean daukagun munizio kartsu eta inspiragarriri gehitzen dizkiogu.

Kneecap taldeko kideak, Londresen, Bafta sarietako alfonbra gorrian, joan den otsailean. ANDY RAIN / EFE