Kritika. Artea

Begietara begira

Irene P. artistaren erakusketa Bilboko La Taller galerian. LA TALLER
Irene P. artistaren erakusketa Bilboko La Taller galerian. LA TALLER
2024ko urriaren 29a
05:00
Entzun

'UN CUERPO DOLIENTE EN UN MUNDO HERIDO'

Bilbo inguruan nenbilela aprobetxatuz, etxe inguruko erakusketa espazioetatik aldendu eta La Tallerrera hurbildu nintzen; bertako erakusketak galeriaren webgunetik jarraitzen nituen azkenaldian, eta banuen gogoa bertatik bertara hango erakusketaren bat berriz ere ikusteko. Etxetik digitalki erakusketa batekiko egin dezakezun irakurketa ez baita hurbildu ere egiten aretoan aurrez aurre dastatzen denera. Eta bai, hau ere aitortuko dut, bada-eta jada garaia: janari gustukoenak, musikari kuttunenak edo eta leku espezialak, bakoitzak bereak ditugun moduan, erakusketa espazio eta galeriekin ere gauza bera gertatzen da; eta hori ezin da ukatu. Leku batzuetara besteetara baino gehiago joateko joera izan ohi dugu, edo behintzat, batzuetara besteetara baino gogo gehiagorekin hurbiltzen gara. Eta La Tallerrek nire bihotzean bere lekutxoa hartua du; Maite Martinez de Arenazak (galeristak) egiten duen harrera beroagatik eta berarekin erakusketen aurrean izandako hamaika tertulia gogobetegarriengatik izan daiteke; berarekin lan egiten duten artistekin jarduteko modu zintzo eta abegikorragatik agian; edo aretoetako instalazio zainduetan aurkezten dituen lanen hautaketa zorrotzagatik. Kontua da plazera izaten dela beti, niretzat behintzat, La Tallerretik pasatzea.

Tinbrea jo, atea ireki eta barnekoa ikusi bezain pronto, eztarritik, nola ere ez dakidala, ia gorputz-erreakzio baten moduan, «ui» ito batek ihes egin zidan. Maite telefonoz hitz egiten zebilen, eta horrek, nire erreakzioan murgildurik edo hura ulertu nahian, eskailerak jaitsi eta Irene P.-ren Un CUERPO doliente en un MUNDO herido erakusketa osatzen zuten piezetara zuzenean jaisteko aukera eman zidan.

Pieza asko daude aretoan, bata bestearen ondoan, segidan ipiniak; eta espazio nagusiaren erdian, aulki bat, eta haren gainean ehun bat, eserita; eskailerak jaisten dituen orori begira, zuzen-zuzen. Oso lan pertsonala da, pertsonalitate eta presentzia handikoa. Eta deserosoa; bereziki, deserosoa. Lehen bistan, objektuen estetikak sorrarazten du deserosotasuna, ehunduren arteko nahasketek eta kolore bizien etengabeko presentziek. Eta piezaz pieza ikustean, eta hauek osatzen dituzten testuak irakurtzean, ulertzen duzu deserosotasuna Irene P.-k propio bilaturikoa dela. Dena den, ez da urruntzen duen deserosotasuna, biltzen duena baizik; harrapatu egiten zaituena, deserosotasun horren erraiak, zergatiak, ulertzeko beharra sorraraziz, azaletik hasi, eta hezurretaraino.

Eta ikusiz, eta irakurriz, eta irakurriz eta ikusiz, eta batetik bestera eta atzera berriz salto eginaz, geroz eta argiago ikusten da: ez dira objektuak, ez dira piezak, gorputzak dira. Irene P.-ren gorputz posibleetako bakoitza dira, mina duen eta min handia eragiten dion gorputzera hurbiltzeko moduak, ulertzen saiatzeko moduak, orainari, etorkizunari eta iraganari ere helduaz. Erakusketa deserosoa da, gorputz deseroso batetik egina dagoelako, gaixo dagoen gorputz batetik; eta inongo apaindura edo tapakirik gabe aurkezten delako, den bezala; eta zuzen-zuzenean begiratzen dizu begietara. Eta zuri begirada hori eustea, edo eusten saiatzea besterik ez zaizu gelditzen, bera ez delako bertatik mugituko.

Gaixotutako gorputzak gizartean gorputz ikusezinak dira; gizarte kapitalista honetan baliorik ez dutenak, ezgaitu gisara ere definitzen direnak, ahal bezain pronto ekoizpenaren gurpilera itzuli beharrekoak. Eta bitartean, hobe ezkutuan izatea, gutxiestea, eta ahazten baditugu, are hobeto. Joera kapazitistak erroturik daude gizartean, eta, beste pentsamendu baztertzaile guztiak bezala, honi ere begietara begiratu, eta zalantzan jartzeko garaia iritsi da. Eta horretarako ateak irekitzen ari zaigu, ezbairik gabe, Irene P.; ate zailak, konplexuak eta desatseginak, baina gurutzatu beharrekoak. Astebete behar izan du nire gorputzak erakusketa ikusi ostean hura digeritzeko, edo gainditzeko, tripetatik hasi eta gorputz-adarretako bakoitzera hedatutako zurrunbiloak lasaitzeko. Ez da inondik ere erakusketa erraza, ez ikusleentzat, ezta galeriarentzat ere —apustu ausarta izan da—, baina lerro hauetatik bertaratzeko iradokizuna besterik ezin dut gehitu, spoiler gehiago ez baitut egin nahi. Proiektuaren geruzetan zenbateraino igeri egin eta sakondu, norberak ikusiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.