begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Becoming Itoiz lau teilatu gainean

2025eko otsailaren 14a
04:00
Entzun

Plataformetan ikusgai dagoen El Conde ikaragarria, harrigarria, izugarria sinatu zuen Pablo Larrain maisu ukaezinaren eskutik, Maria Callas (baita Angelina Jolie ere, AAk lagundurik, ez pentsa) gure pantailetan kantari dabilela; sare sozial krudeletan Karla Sofia Gascon aktorearen suntsiketa, ausiabartza, erabatekoak aurrera egiten duela; Siriako arima eta gorputz alderrai askoren kronika kasik esperantzarik gabea den Les Fantômes filmak jendearen bihotzak eta erraiak estutzen dituela, badira gure aretoetan bi dokumental musikazko. Batak, Larraitz ZuazoZuri GoikoetxeaAinhoa Andraka zinegileen lanak, Itoiz Udako Sesioak du izenburu. Becoming Led Zeppelin izendatu du Bernard MacMahon autoreak bestea. Bertan, agur merezia egiten zaio Dazed &Confused kantarekin zaletuen segurantza guztiak pikutara bidali zituen musika taldeari.

Segun eta nor, nortzuk, dituzun estimu handiagoan, biak dira ikusi/entzun beharrekoak. Maite ditut nik mutrikuarrak, maite ere, Beatles, Rolling Stones eta Queen bezain ezinbestekoak diren britainiarrak. Alta, hautua egin beharko banu, horrenbeste miresten dudan Cabeza y corazón dokumentala (gurpildun saskibaloiaren emakumezkoen Espainiako selekzioaren ispilu itzela, alegia) burutu zuten horien lanaren alde joko nuke. Gustura asko sentitzen bainaiz hirurek darabiltzaten zinemaren eta bizitzaren koordenatuetan.

Biak, horretan ez izan dudarik, urteen joanaren kronika mikatza dira, baina batak besteak baino askoz hobeto hartu dio neurria nostalgiari, minari, denbora igarotze horri. Eta batak besteak baino askoz erabaki modernoagoak hartu izan ditu gizaki eta musikari horien eboluzioa kontatzeko. Gusturago sentitzen naiz ni Juan Carlos Perezekin zopa plater bat edo xake partida bat partekatuz, Becoming Led Zeppelin-en agertzen den aipatu Dazed &Confused abestiaren filmaketa zaharrak bizarrak zutik eta oilo ipurdi jartzen badizkit ere, Jimmy Pagek biolin baten arkuarekin gitarra jotzen duelarik, baxu baten riff ezinezkoa dagoelako bertan.

Bi film horietako bat espektakularra da, intimoagoa bestea. Bernard MacMahonek existitzen zirenik ere sinesteko zaila den materialetarako izan du sarbide irekia: aspaldi zaharreko irudiak, grabaketak, elkarrizketak. Urteak pasa eta gero, bizirik dirauten Jimmy Pagek, Robert Plantek eta John Paul Jonesek berba egiten diote kamerari; nabari da denborak irakatsitakoa, denborak lapurtutakoa. Miresle absolutua bazara, esnetan eta aparretan emango dituzu bi ordu horiek. Ez diozu erreparatuko, agian —zertarako?—, ez baita beharrik, baina nik uste, dokumental hori klasikoegia dela, ez du joko handiegirik egiten zeluloideak, muntaketak eta konposizioak berak eskaintzen dizkioten arma eta tresnekin. Ez du zapaltzen gaur egungo beste dokumentalek irekitako xenda berria eta kontakizuna, askotan, trabatu egiten da, noraezean dabil iraganaren eta orainaren artean.

'Itoiz Udako sesioak' dokumentaleko irudi bat.
'Itoiz Udako sesioak' dokumentaleko irudi bat.

Bilboko zein Xixongo zinemaldietan izandako Itoiz Udako Sesioak horrek era ederrago batez egiten du jolas bizitzaren zein musikaren aroekin, jolas bihurria pasarte fikzionatuekin eta keinu saminak Itoizen bertan izan ziren kontrako bidean suertatutako (ez) enkontruei. Azaltzen du oso ondo musika sostengatzen duen materiala zeinen erraz usteltzen den. Zinta batzuk txiki-txiki egiten dira gure begi aurrean eszena batean. Nahikoa dugu ohartzeko zeinen azkar hondatzen diren oroitzapenak ere...

Bi musika dokumental daude pantailetan. Espektakularra da bat, intimoa bestea. Jarraituko dugu guk Dazed &Confused lau teilatu gainean. Gozo-minetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.