ANALISIA
Bazterreko zinema
Askotariko filmak ikusi ahal izan ditugu Zinebin, baina proposamen guztiek ezaugarri komun bat dute: ez direla zinema aretoetara iritsiko. Beraz, jaialdiak aukera aparta eskaintzen du zinema konbentzionaletik urruntzen diren nazioarteko egitasmoak ezagutzeko. Cannes, Berlin eta Locarnoko harribitxiak estreinatzen dira, baina jaialdietatik kanpo ez daukate existentziarik. Banaketa eta erakusketa sistematik at gelditzen diren lan ausart eta ezberdinak berreskuratzen dituzte programazioaren arduradunek, eta, hortaz, publikoaren gehiengoaren gustua ezbaian jartzen dutenez gutxiengo baten topagunea dela baiezta daiteke. Fant jaialdiak, esaterako, askoz aldi gutxiagorekin publikoaren babes zabala erdietsi duen bitartean, Zinebik bazterrean geratzen den zinemaren aldeko apustuari tinko eusten dio. Alabaina, argi dago berritasunak sartzea ezinbestekoa dela; horrexegatik, azken urteotan euskal zinemagile gazteen lanak ekoitzi ditu, Vanesa Fernandez eta Patxi Azpillaga irakasleen egitasmoak babestuz: Errautsak eta Distantziak. Bestetik, sail berriak estreinatu dituzte; 2012an,Beautiful Docs bultzatu zuten antolatzaileek; aurtengoan, film luzeen aldeko apustuarekin jarraitu nahi izan dute ZIFF (Zinebi First Film) sail berriaren bidez. Aurtengo honetan, Larraitz Zuazoren Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentala ekoitzi dute. Film apala eta narratiboki konbentzionala da, baina 1980ko hamarkada erdialdean Euskalduna ontziolako borrokan emakumeek izan zuten protagonismoa aldarrikatzera datorkigu. Harrigarria badirudi ere, dokumentalean agertzen diren zazpi emakumek ez zioten eurek egin zutenari garrantzirik eman; izan ere, egin behar zutena besterik ez zuten egin. Lan honen bitartez, euren borroka ezagutarazteaz gain, gizartearen aitorpena erdietsi dute. Ahaztutako eta gutxietsitako emakume horien duintasuna aldarrikatzen duen film interesgarria da, beraz.Seidl austriarrak Safari bitxian Afrikako animaliak akabatzen dituzten aberaskumeen iritziak jasotzen ditu, eta animalia horien hilketaren lekuko izango da ikuslea. Gizakiaren krudelkeria zuzenean ikusteko aukera eskaintzen digu egileak. Ralitza Petrovaren Godless ilunak Bulgariako demokrazia sistemaren ustelkeria islatzen du, boteretsuen diru zuritzearen negozioan parte hartzen duen erizainaren istorioaren bidez. Maitatzeko gaitasuna galdu duen emakume baten istorio gogorra da. Hunkigarria da Tramontane fikzio lana: itsu batek bere iragana birdeskubritu beharko du, bere nortasun agiria faltsua dela ohartzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu