Lorea Agirre.
Katuajeak

Bazka

2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Inoiz idatzi izan dudan gisan kultur-industria hitz-sintagma, paradoxaz haratago, oximorona ere bada», idatzi zuen orain sei egun Andoni Egañak berak egunkari honetan bertan. Kultura eta industria hitz kontrajarriak direla, kultura eta ekonomia ezin direla ezkondu. Behin eta berriro agertzen den kontua da. Gero eta industrialago kulturaren jarduna, orduan eta hutsalagoa produktua. Alegia, orduan eta gutxiago duela kulturatik. Hori da gaur egungo kultura neurri handi batean. Masa kultura. Inongo industriatan sortu eta mundu osora modu masiboan kontsumitzeko zabaltzen den produktu salgarri erakargarri erraz hutsal eta ardura sozial gabea. Di-da batean kontsumitu eta ahazteko, hurrengo produktu berriari leku egiteko. Muturreko definizio bat da, baina ez dabil oso urruti nagusi izatetik.

Bestea da kulturak ere merkatuaren beharra baduela. Ez dela txar saltzea, diru etekina ekartzea. Edo beste modu batez nahi bada: jendearen oniritzia jasotzeko edo ez, plaza publikoan agertzeko beharra baduela. Hor (ere) balioztatzen dela kultura, hor ikusten dela jendeak gustuko duen edo ez.

Bestea da kulturak irabazi ekonomikotik haratagoko irabaziak ekartzen dituela, eta horiexek direla garrantzitsuenak: gizabanakoa, taldea, hizkuntza eta eguneroko bizitza modu sinbolikoan elikatzea, arimari bazka ematea. Eta horrek izan behar duela kultur balioaren neurgailuetako bat. Balio sinboliko handiko sormen lanak, dirurik ematen ez duelako edo salgarritasunaren parametroak betetzen ez dituelako, argitaratu eta zabaltzeke uzten dituen kulturak ez du ardura sozial handirik. Hori balitz neurgailua, errentagarri izatea, euskarazko kulturako zati handi bat kondenatua legoke. Ez balio sinboliko nahikorik ez duelako, ez merkatuaren galbahea pasatzeko gai ez delako, baizik eta ez dagoelako nahikoa euskaldun produkzio horri eusteko. Euskaldun horrek berezi behar du izan gainera: euskaraz bizi dena behar du izan, eta kulturzale dena, eta euskal kulturaren bila joan behar duena, etorri, nekez, etorriko zaiolako masa kulturaren uholde horretan. Baldintza gehiegi, bistan da. Zenbaki kontua da, baina baita atxikimendu kontua ere. Euskal kulturaren azken hamarkadetako historiatik leziorik ateratzekotan horixe da: dirua ez beste zerbaitek iraunarazi duela eta ekarri duela gaur egunera arte euskal kultura.

Euskarazko kultura kultur industria bihurtzeko urratsak egin dira, egiturak sortu dira, merkatuak zabaldu, zabalkunde moduak landu, nolabait masa kultura izateko bideak ireki. Hemen ere kontua zenbakiak dira. Kultura masa kultura kontsideratzeko, kultur kudeaketaren gidaliburuek diote milioikada batzuetako kontsumitzaile taldea osatu behar dela. Ez da gure kasua, gurea masa kultura baino gehiago, Josu Amezaga soziologoak esan bezala, herrikotze bidean den kultura (gure herriko masaren baitan) dela esan dezakegu, eta hau berez lehen aldizkoz gertatzen zaigun kontu bat da. Eta herrikotzea beharrezkoa dugu.

Kultur industria bai edo ez, ziurrenik ez da hori galdera nagusia. Gehiago da zein ereduk bihurtzen gaituen kontsumitzaile huts eta zein ereduk bultzatzen gaituen sortzaile ere izatera (nor bere mailan eta bere lekuan) eta zein ereduk atxikitzen gaituen komunitate bati.

Katalunian azken urteetan kultur politiketan indar berezia jarri dute kultur industriak garatzeko. Hori izan du apustuetako bat, eta horretan jardun du Generalitateko hiruko gobernuak azken legegintzaldian, 2006tik 2010era, Lluis Noguera Kultura Saileko idazkari nagusi izan den heinean. Kultur industriak eta kultura krisiak bete-betean harrapatu dituen honetan, oso begirada ezkorra bota dio kultur agerpen eta ekoizpen osoa kultur industria bihurtu beharrari. Kultura eta ekonomia ezkondu behar horri. «Binomio hori kulturaren zati batean gertatzen da —dio Noguerak—, masa kultura globalizatuari dagokionean. Baina hortik kanpo ez du logikarik, eta gurean are gutxiago. Gure kasuan, kultur industria deitzen ditugun horiek ez dira inondik inora industria, ez bada liburuaren alorrean zertxobait, eta musikaren zatitxo batean beharbada». Politika horrek ondorio gaiztoak ekarri omen ditu. «Kontsumitzaileak nahi izan ditugu, eta ez hiritarrak, kultur kideak, eta orain, kulturari ikaragarrizko murrizketak egin zaizkionean ez da hiritar bakarra horren kontra agertu. Kultur praktiken esanahien hustuketa bat gertatu da saldu beharraren beharraz, ez da herritarren sormena bultzatu, ez parte hartzea, ez kudeaketa, ez harremana landu, eta kulturak komunitatearen eraikuntzarako osagai nagusia izateari utzi dio». Bazka gabe utzi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.