Ismael Manterola
Begiz

Basterretxea eta diseinua

2024ko apirilaren 16a
05:05
Entzun

Artistak ezagutaraztea edo artista batzuen alde ezezagunak erakustea da museoen zereginetako bat; horregatik, gustura ikusi nuen Nestor Basterretxearen diseinu eta arkitektura proiektuei Bilboko Museoak eskaini dien erakusketa.

Pixkanaka, gure inguruko museoek diseinuari tarte bat zabaldu diotela jakiteak pozten nau, nahiz eta gai zail eta eztabaidatsuan sartzeak arriskuak ekarriko dituen; batetik, artisautzaren eta artearen mugak lausoak direlako eta Basterretxeari eskainitako erakusketa dela eta, beste egile askori zor zaion onarpena ekarri beharko lukeelako. Bestetik, diseinuaren merkatua eta artearena oso ezberdinak direnez, zaila iruditzen zait gaur egungo diseinu lanak eta artearen produkzioa parekatzea museoen bildumetarako lanak erosteko orduan.

Basterretxearen kasura bueltatuta, arkitektura proiektu batzuek eta garai batean Huarte enpresarako egindako publizitate filma 1960ko hamarkadako euskal abangoardiaren mitologian sartu ditugunez, gustura ikusten ditugu. Abangoardiako bizitzaren eta artearen arteko mugak suntsitzeko ahaleginetan erraz sailkatzen ditugunez, ez dirudi arazo handirik ematen dutenik. Baina, merkatura salto egiten duten proiektuak bisitatzen ditugunean, ez dugu hain erraz onartzen, edo, hobeto esanda, ez dakigu oso ondo nola baloratu: Onak dira? Zergatik? Zerk egiten du diseinu lan bat ona edo txarra? Etxeko altzariak aukeratzean, materialen kalitateaz eta forma erakargarriaz aparte, zer da baloratu beharrekoa? Uste dut horretan ikuslea errazago gal daitekeela.

Azkenik, arkitektura proiektuen arazoak beti antzekoak izaten dira. Hau da, marrazki, plano eta maketa ederrak eskaintzen zaizkigu, baina eraikitako espazioak ez dira beti proiektuen araberakoak, arrazoi ezberdinak bultzatuta, ezinezkoak direlako, ideia bat gauzatzea nekeza delako, edo ingurua kontuan hartzen ez delako. Ez da gauza bera bolumen huts bat espazio zabalean edo etxe tartean; ez da gauza bera eraikuntza bat naturan edo hirian.

Hala ere, erakusketak diseinu grafikoari aipamenik ez egiteak harritu egin nau, batez ere beti asko miretsi dudalako Nestor Basterretxearen diseinatzaile grafikoaren alderdia. Nik uste dut artista oso gustura moldatzen zela bi dimentsioko esparruan, bai artelanak egiten zituenean (pintura, grabatua, collagea edo erliebea), bai diseinu grafikoko lanetan (kartelak, pegatinak eta abar). Baliteke gaiari buruzko erakusketa monografiko baterako nahiko material egotea; beraz, zain egongo gara ea Basterretxea urteak diseinu grafikoko proiektu horiek ezagutzeko aukera ematen digun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.