1992an Julio Medem zinegilearen Vacas pelikula estreinatu zen. Askoren ustez espainiar filmografia garaikidearen hasiera markatu zuen filma da, baina auskalo, denborazkotasun horiek beti dira matizagarriak, halako historikotasunen hasierak eta amaierak uste baino lausoagoak diren neurrian behintzat. Gidoilari lanetan Michel Gaztanbide ibili zen eta hari entzun nion behin Medemekin hizketan zegoela zinegileak honakoa aitortu ziola: «Aizkora hegalari bat ikusten dut, plano subjektiboan zein abiadura bizian, azkenik zuhaitz baten kontra kolpe lehor batez sartzen». Hor omen zegoen Gaztanbideren esanetan hasera-haserako pultsioa, eta hortxe pelikularen hazia.
Askotan izan ditut presente hitz horiek. Are gehiago, egun filmak tematizatzeko dugun gaitz orokortuaren aurrean: film hau transexualitateari buruzkoa da, beste honek gatazka politikoa du ardatz eta hark migrazioaren gaia lantzen du. Pentsaera honen parez pare, badira zorionez irudi, soinu edota pentsamendu zehatz bat abiapuntutzat duten filmak. Medemen hori, esaterako, irudi jakin batetik abiatzen da, irudi biolento bat, bortizkeria bere horretan duen mugimendu azkar eta lehor bat, hain zuzen ere. Horregatik edo, filmaren tonu orokorra horrelakoa izango da eta filma ikusi ostean ikusleari gailenduko zaion sentsazioa ez da izango halako edo bestelako gai baten inguruan zerbait barneratu duela, baina geratuko zaio barruan arrasto bat, orobat indarkeriarena eta akaso benetakotasunarekiko zalantza bat.
Aipatutako eszena horretatik abiatuta —gidoilariaren esanetan betiere— elkarrekin pentsatu zuten aizkorak banatzen zuen hori zer izan zitekeen: agertu ziren orduan baserri bi, familia bi eta horien artean gerrate ezberdinek —gerra karlistak eta gerra zibilak— sendi horietako bakoitzean utzitako aztarnak eta minak.
Kritikak eta zine azterketa ezberdinek azpimarratu izan dute euskal gatazka garaikidearen iruditegian ziklo zinematografiko bat inauguratu zuela Vacas pelikulak, baina hori baino gehiago badela esan liteke. Agerikoak diren aurkako bi mundu hauetatik haratago, badira aizkorak bana ezin ditzakeen hainbat gauza, eta horiek dira ziur aski interesgarrienak. Basoa agertzen da horrela baserri baten eta bestearen artean dagoen espazio opaku gisa, begiradak saihestu ditzakeen lurralde aberats baten antzera.
Badu baso horrek isla sinboliko nabarmena; aitzitik, halako kutsu irreal batek girotzen du trama guztia, eta hori basoaren iratzeen eta sasien artean garatzen da. Basoko elementuek, animaliek zein landareek, badute agian gehiegizko intentzio fantastikorik, alabaina, badute hauek guztiek euren grazia. Ez naiz umoreaz ari, baizik eta pertsonaien eta haien larritasunaz eta pisuaz, eta basoan arintzen zaie denei zama: askatasun eremu gisa funtzionatzen du begiradatik kanpo dagoen horrek.
Hargatik edo, filmak gehiago du surrealismotik —zorionez— irakaspenetik baino. Ez da harritzekoa, izan ere Vicente Ameztoi artista egon zen Medemekin batera pelikularen iruditegi artistikoan lanean. Horrekin batera, filmean agertzen diren margoak —behiak, beti ageri dira behiak aitona Manuelen koadroetan— Cecilia Rocak egindakoak badira ere, pelikulan agertzen diren lastozko eskulturak Ameztoik berak egin zituen. Artistaren lana ezagutzen duenak ezagutu ditzake filmean oso presente dauden eskultura hauek.
Basoan ere gauzatzen da sexua, gatazkaturik bizi diren bi familietako kideen artekoa. Basoak izan dira cruising gune behinenak, eta, alde horretatik, Medemek sexu eszenifikazioak bertan kokatuko ditu. Halere, eremu fisiko sinboliko horretatik haratago, beste muga delikatu bat zeharkatuko du pertsonaien desiraren bidez, eta hori intzestuaren ideia izango da. Hala, aurkakotasunek bere baitan gordetzen duten betiereko dilema agerian geratuko da: indarkeriaz banatu daitezke bi mundu, baina beti geratuko da ikusezina den hari bat, lotura banaezin bat, bi munduak elkarrekin egotera behartuko dituena.
Hasteko eta amaitzeko Perez-Enciso Estudioak egindako kreditu ederrak. Filmean zehar agertuko dira modu bortitz eta plazerezko batean —bere gorritasunean eta gehiegikerian— iragarriz ikustera goazena ez dela edozein gauza, baduela arestian esandako guztitik zerbait: bortizkeria, historiaren iragankortasuna, surrealismoa eta, uste baino gehiago, desira, beti desira azalduezin bat.
'vacas'
Zuzendaria: Julio Medem. Gidoia: Julio Medem eta Michel Gaztanbide.
Produkzioa: Fernando de Garcillan eta Jose Luis Olaizola. Argazki zuzendaria: Carles Gusi. Musika: Alberto Iglesias. Jantziak: Maria Jose Iglesias. Iraupena: 93 minutu. Urtea: 1992.