David Chipperfield arkitektoak Municheko Haus der Kunst (Artearen Etxea) erakusketa aretoa berritzeko proposamen bat egin zuen 2017an. Berrikuntzen artean, aurrealdean zituen hamahiru ezkiak moztu nahi zituen, fatxadari ikusgarritasun handiagoa emateko. Proiektuak aspaldiko debate bat berpiztu zuen: zein leku du naturak memoria historikoaren transmisioan? Hain zuzen, fatxada monumentala arkitektura naziaren adibide ezagunenetako bat da. Eraikina Hitlerren proiektu kuttuna izan zen: 1933an hasi zen eraikitzen, eta 1937an zabaldu zen Arte alemaniarra deitzen zen erakusketa batekin, herri ariarraren handitasuna frogatzeko helburua zuena. Irekierarako 6.000 laguneko desfile bat antolatu zuten, fatxadaren aurreko ibilbidea, zuhaitz gabea orduan, svastikaz dekoratutako banderez hornituta.
Guda ostean, naziek sortutako zenbait eraikin bereizgarrik zutik iraun zuten Alemania suntsitu hartan, Haus der Kunst barne, eta buruhauste bilakatu ziren azkar. Batetik, ia azpiegiturarik gabe geratu zen lurralde batean eraikinak botatzen hastea ez zen oso zentzuzkoa, ezta merkea ere. Bestalde, nazien memoria ezabatzeko beharra zegoen, eta Haus der Kunsten 175 metroko fatxadak ez zuen horretan laguntzen. 50eko hamarkadan joera bat gailendu zen: eraikinak mantentzea, baina inguruan zuhaitzak landatuta, naziek bilatutako monumentaltasuna leuntzeko. Ezkiek historia luzea dute Alemanian gainera, gure zumardiak haien ezkidiak baitira.
Ondorioa ona eta txarra izan zen aldi berean: monumentuen inguruak edertu eta berdatu ziren, baina euren iragan totalitarioa kamuflatuta geratu zen. Hori ikusita, zenbait adituk joera horren gaineko gogoeta sakonagoa egitea proposatu dute, halako memoria egituretan naturak duen eragina aztertzeko. Azken urteetan, ordea, bi etsaik gogoeta oztopatu dute: klima krisia eta turismoaren ekonomia.
Itotzen gaituen klima krisiaren aurrean, zaila da hirien berdatzea sustatzen duten proposamenei trabak jartzea; erraz eman dezake krisiaren negazionistak direla ikerlariok. Baina are arriskutsuagoa da turismoaren igoera, monumentu naziak atseginago egiteak eta bere jatorrizko funtzioa ahazteak euren populartasuna igotzen baitu. Adibiderik onena Hanburgoko Sankt Pauli bunkerra da. Hormigoizko munstroaren gainaldean hotel bat eraiki dute; bere irudia guztiz aldatu da landatutako teilatu baten bitartez, gainean lorategitxo bat duela. Mundutik isolatzeko balio izan zuen estruktura, kanpotik barnera babesteko, egun kanpora begiratzeko plataforma loratua bilakatu da: bere teilatutik Hanburgo osoa ikus daiteke, zuhaitzen artean ezkutatzen den bunkerra bera ahaztuta. Baina galdera da: AfD-ek bere lehen hauteskundeak irabazi dituen hau al da memoria atzean uzteko unea?