IRITZIA

Barrez botereari

2016ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Herio.- Gizon goxoa zara, gorena eta andrea deitzeagatik.

Eroa.- Ez ba, ez dut konplimenduagatik esan, sinetsiko dit berorrek, baina enetako, zin egiten diot, txit gorena da berori, eta oso sinpatikoa ere. Eta gustuz hartu dut niregana bisitan etortzea; hain gustukoa baitut berori, trago bat hartzen gonbidatuko dudala, berorrek nahi badu.

Herio, emakume zurbil eta ederraren itxuraz agertua, Eroarekin hizketan tabernan. Eroaren ustearen kontra, ez dator beraren bila, beste mahai batean lagunekin dagoen Jesukristo hartzera baizik. Eroak hitz ederrekin hartzen du, bien arteko elkarrizketa zintzoa garatuz. Herioa eta Eroa samurtasunez ardo sorta hartzen.

Bufo Misterioa-ren, Dario Foren lanik zabalduenetakoa munduan, bakarrizketako bat dugu Herio eta Eroa. Bufo Misterioa bufoien lanari gorazarre egiten dion bakarrizketa bilduma dugu. Pertsona eszenan, non gestualitateak eta gorputzak bat egiten duten hitzarekin, elkar aberastuz, indarrak batuz. Eta Dario Fok maisutasunez elkartzen zituen biak. Aktorea eta kontalaria gorputz berean. Baina Forenganako miresmena ez datorkit bere lanagatik soilik. Dario Fo eta Franca Rame bikotearentzat antzerkia euren ideiak zabaltzeko tresna zen ere.Barrea mailua gisa erabiltzen zuten boterearen kontra. Mundu hobeago baten aldeko konpromisoa, berdintasun sozialen aldarrikatzaile, injustizien arbuiatzaile; horiek guztiak eszenara maisutasunez ekartzeaz gain, hortik kanpo ere eramateagatik egiten zaizkit eredu. Aktore eta kontalari, jendarteaz gogoeta eginez sorkuntzaren bidetik; eszena aldaketa sozialerako tresna dibertigarria, ederra, zirikatzailea. Fo maisua izan da horretan.

Herio.- Ez, arren eskatzen dizut, ero halakoa, anderea naiz eta lotsak nago, ez bainau gizonik ikutu biluzik!

Eroa.- Ni ez naiz gizona baina, ero bat naiz, eta Heriok ez du bekatu eginen ero batekin maitasuna egiteagatik, nilako zoro batekin. Ez izan beldurrik, kandela guztiak itzaliko ditut eta bakarra utzi; eta erakutsi nahi dizkizudan urrats ederrak dantzatuko ditugu, eta suspirio eta intziri maitekorrak kanta arazi nahi dizkizut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.