Nahastuta nabil azken asteetan umeek COVID-19aren krisian duten toki ezak berean dirauelako. Deseroso nago toki gehienetatik jasotzen ari naizen informazioagatik zein iritziengatik, zerbait ongi ez dabilela sumatzen dut, are okerrago, eztabaida garden eta zuzena izaten ari ez garela uste dut.
Eskolak itxita, tabernak irekita
Azken hamarkadetako krisi latzena bizi izan duen gizarteak, populazioa haien etxeetan konfinatu duena pandemia kontrolatu ahal izateko, normaltasunerako bidea ezartzerakoan tabernak irekitzea eta eskolak itxita mantentzea erabaki du. Argiago esateko: umeen hezkuntzaren ardura, umeen osasun psikosoziala, umeen beharrak sei hilabetez haien etxe barnean kudeatzea erabaki du. Berdin da zeintzuk diren haien baldintza ekonomikoak, haien osasuna, haien familien baldintza soziokulturalak. Berdin da eskolak duen berdintasunerako papera, berdin da gaur egun haur zein gazteentzat sozializazio eremu garrantzitsuena izatea. Haur eta gazteak etxeetan sartu, atea itxi, eta gizartetik desagerrarazi nahi izan ditu sei hilabetez.
Ba al dago arduradun politikorik, hezkuntzaren mundukorik edo sindikaturik erabaki hau duintasunez esplikatu dezakeenik? Edo ba al dago arduradun politikorik, hezkuntzaren mundukorik edo sindikaturik erokeria honen aurrean zerbait esan duenik? Ez.
Save the Children, 'Infancia confinada' eta Unesco
Txosten eta ikerketa ezberdinak argitaratu dira konfinamenduak umeengan izanen dituen ondorioen harira. Hiru izan dira niretzat adierazgarrienak. Denek badute batzen dituen bi ideia komun: babes txikiagoko eremuetan bizi diren umeek eskolara ez joatearen ondorioak modu latzagoan jasoko dituzte eta eskolarik gabeko hilabeteetan baldintza ekonomiko ezberdinak dituztenen artean suertatuko den arrakala sakonagoa izanen da.
Save the Childrenek garrantzitsuak diren bi ekarpen egiten ditu: batetik, udan hezkuntza programak garatzearen beharra azpimarratu du; eta, bestetik, umeak etxean egoteak eragin dituen bigarren mailako problemak izendatu ditu; haur eta gaztetxoak baitira baldintza ekonomiko latzagoak dituzten familien egoera ezagutzeko informazio iturri garrantzitsu bat, orain desagertu dena. Edo are gordinagoa dena, etxean bortizkeria ikusi edo jasaten duten umeei hilabete hauetan gertatu zaienaren inguruan informaziorik ez dutela.
Infancia confinada 10-14 urte bitarteko umeei zuzenean egindako ikerketa bat da. Estatuan bakarra. Bertan irakurritakotik gauza eder bat azpimarratu nahi nuke: erakundeek ezarritako guda diskurtsotik aldenduz, zaintza kolektiboa, parkeen itxiera, lagunekin egoteko beharra eta gehiegizko etxeko lanak izan dira umeen ardura nagusia.
Unescoren hitzetan, eskolen itxierak aurrekaririk gabeko arriskua suposatzen du haurren hezkuntza eta ongizatearentzat, eta arrisku hori areagotu egiten da denbora hori luzatu ahala; horregatik, baldintzak betetzen direnean eskolak lehenbailehen irekitzeko gomendioa ematendu.
Eta gurean?
Ezer ere ez, eskerrik asko. Eskolak itxita, udako oporrak, irailerako plan eza, haurren osasun psikosoziala hiztegietatik alderatuta. Etxeetan bakoitza ahal duena egiten, eta kontziliazioa... ba, beste baterako utziko dugu.
Gurean, momentu historikoari modu etiko eta bateragarrian aurre egiteko gaitasun eza adierazi dute hezkuntzaren munduko eragileek, bakoitzak bereari bakarrik begiratu diolako. Horregatik, hezkuntza komunitatearen parte garen beste eragileon momentua da. Inoiz baino gehiago guraso elkarteen eta haurrengan ardura duten irakasleen arteko aliantza behar da hezkuntzaren erdian haurrak jar daitezen. Krisiaren kudeaketa burokratikoa alde batera uzteko unea da, biziak eta haurrak erdigunean jartzeko.
LAUHAZKA
Barkatu... non daude haurrak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu