Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Banderarik ez altxa

2024ko irailaren 15a
05:30
Entzun

Paisaia idorretan barrena doan autoaren martxa eten du karreterako obretan dagoen langile batek. Autobide berri baten eraikuntzan ari dira, eta leherrarazi behar dute lursail bat. Trafikoaren etenaldiaren eraginez auto karabana luzea sortu da. Ilaran dagoen furgoi batetik guardia zibil batek gizon bat jaitsarazi du —halako gizatasun keinu batean, zigarro bat eman dio—. Topografo lanetan dabilen emakumeak abandonatu du makina, eta urrats herabez joan da gerturatuz eskoltaturik dagoen presoarengana. Haren parera iritsi denean, poliziaren, langilearen eta enparauen harridurarako, muxu bat eman dio. Ondoren, eztanda.

Off-eko maitasuna film luzearen hasierako sekuentzietako bat da, Koldo Izagirrek zuzendu eta 1992an estreinatu zenarena. Gidoi lanetan Usoa Urbieta izan zuen bidelagun Izagirrek, eta ekoizpen lanetan Trenbideko Filmak ekoiztetxe donostiarra aritu zen. Beñat Sarasola idazleak ZINE aldizkariaren hirugarren alean Izagirreren lan zinematografiko hau aztertu du, zeinetan kontatzen duen 80ko hamarkadako prozesu politiko gogorren eraginez, halako desilusioaren ajeak jota zeudela garaiko hainbat sortzaile. Ez da harritzekoa, frankismoaren ostean askok eta asko berentzako leku bila ari ziren trantsizio prozesuak eragindako panorama politikoan, borroka urte luzeen ondoriozko neketik errekuperatu ezinda eta sistema ustez demokratiko hark eragiten zuen errepresioaren mantupean.

Testuinguru horren biharamunean egin zuen filma Izagirrek, eta, hargatik ziurrenik, filmean bada aipatu desengainuaren zantzurik. Hasteko, filmaren trama printzipala garai horretan egituratuz zihoan ezker abertzale sozial eta instituzionalaren testuinguruan garatzen delako, baina, nola esan, halako ikuspegi kritiko batekin egina dagoela pentsa daitekeelako. Autorearen gogoa —eta atrebentzia— izan zen esparru honetan izaten ziren barne tirantza afektibo zein politikoak ohiko errepresentazio modu onberetatik libratzea.

'Off-eko maitasuna' filma / Monica Molina
Monica Molina aktorea 'Off-eko maitasuna' filmean. EUSKADIKO FILMATEGIA

Off-eko maitasuna obrak trama arras interesgarria planteatzen du: Tomas kausa politikoengatik preso dago, eta Ana —bere bikotekidea— bien laguna den Luisekin hasi da maitasun harreman batean. Konplexua dirudien sexu-afektuzko hirukote horretan inplikatuta daudenek, bere gorabehera guztiekin, bere sufrikario eta ezbai guztiekin, norbanakoaren askatasuna onartzen dute guztiaren gainetik. Tomas da ziur asko pertsonaiarik atormentatuena; ostera, harrigarriki geratu da mutu, isiltasun iraunkor batean. Hitz eskasia konpentsatzeko, marrazkiak bidaltzen dizkio Anari posta bidez: larritasun keinu bat erakusten duten erretratu koloretsuak dira —Jose Luis Zumetak okasiorako egindakoak—.

Bestalde, Ana pertsonaia sendoa da, bi pertsona maite ditu aldi berean —bai, posible da bi pertsona intentsitatez maitatzea—, eta interesgarriena da ez duela hori modu oso dramatikoan bizi. Baditu bere gatazkak, jakina, baina, oroz gaindi, bizi du bere gogoa, inbidiagarriki, modu arin eta larritasunik gabekoan. Aldi berean, Luisek gogoz hartzen du Anak ematen diona, eta enpatikoki onartzen du egoera katramilatsua, elegantziaz beti.

Orainaldian, baina, galderak itzultzen dizkigu film honek: posible litzateke egun, gure mundutxo txiki eta endogamikoetan, halako triada afektibo bat libratzea aurrez suposatzen zaion epaitik? Posible litzakete, Anak egiten duen moduan, banderarik altxatu gabe, arintasunez eta graziaz halakorik onartzea?

Hirukote honetako protagonistek ez dute inolako banderarik altxatzen maitasun askearen izenean, eta hori eskertzekoa da; filmaren lorpenik handiena da, ziur aski. Aitzitik, euren inguru soziala da harreman konstelazio horren alde eta kontra agertzen dena, eta Luisen aurkakoak dira epai gogorrenak. Insolidario izatea egozten diote, halako traizio bat egin izan balio bezala espetxeraturik dagoen Tomasi.

Filmean agertzen den dilema afektiboa orainaldian nola irudikatu litekeen galdetzen du nire ikusle senak. Irudikatzen dut gaur egungo zinema areto bat honen moduko filma bat ikusi ostean. Alde batean, polimaitasunaren aldekoak, bandera berdea altxatzen, alde!; beste aldean, kontserbadoreak eta esentzien zaintzaileak, bandera gorriarekin, kontra! Eta, erdigunean, zinez sektore jendetsuena, bandera zuria altxatzen: zinismoarena, ez alde ez kontra, halako indiferentzia keinu batekin, iradokiz horiek kontu politegiak direla egia izateko. Orainaldian, baina, galderak itzultzen dizkigu film honek: posible litzateke egun, gure mundutxo txiki eta endogamikoetan, halako triada afektibo bat libratzea aurrez suposatzen zaion epaitik? Posible litzakete, Anak egiten duen moduan, banderarik altxatu gabe, arintasunez eta graziaz halakorik onartzea? Bakoitzak bere denbora bizi du, eta ez dirudi halako kontuetan gauzak askorik aldatuko direnik.

 'Off-eko maitasuna'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.