Ismael Manterola
BEGIZ

Bandalismoa

2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Bandalismo Konparatuaren Institutua izeneko erakundea sortu zuen Asger Jorn artistak 1961. urtean. Izen harrigarria arteaz jardun behar zuen erakunde batentzat. Oraindik gaur egun ere harrituta geratzen gara horrelako ideia baten aurrean. Hala ere, hobeto ulertuko dugu ekimenaren helburuak ezagutzen baditugu eta sortu zen urtea kontuan hartzen badugu.

Alde batetik, bandalismo hitza era literalean hartu behar dugu; hau da, bandaloen artea edo Erromatar Inperioa suntsitu zuten Iparraldeko herrien ekarpena Mendebaldeko artera. Asger Jorn artista daniarra zenez eta bere egiteko moduak adierazkortasunean oinarritzen zirenez, ez da harritzekoa Mendebaldean azpiratuta geratu diren arte joerak aztertzeko gogoa. Bestalde, ez nuke baztertuko inbasio bandaloek eragindako suntsipena ere aldarrikatzea, institutua sortu zuen urtea kontuan hartzen badugu. Hain zuzen, Jorn mugimendu situazionistaren sortzailetako bat izan zen, 1957an, Guy Debord, Pinot-Gallizio, Michele Berstein eta Ralph Rumneyekin batera. Nahiz eta Jornek 1961ean mugimendua utzi, situazionismoan landutako ideia asko behin eta berriz azaldu ziren hurrengo urteetako bere artelanetan. Horien artean, Mendebaldeko artearen oinarriak iraultzeko asmoa eta beste arteen aldarrikapena; tartean, Iparraldeko herriena. Horren adibide da Bandalismo Konparatuaren Institutuak argitaratu zuen 12th Century Scanian Stone liburu mardula; 10.000 Years of Nordic Folk proiektu zabal baten lehendabiziko alea izan behar zuen, baina aurreikusitako hamahiru liburuak bakar batera mugatu ziren.

1964an Jornek Bandalismo Konparatuaren Institutuaren proiektua baztertu behar izan zuen, baina hurrengo urteetan lanean jarraitu zuen Norvegia, Suedia eta Danimarkako arte herrikoian sakontzen eta bere lanarekin bat egiten. Horren ondorioz sortu zuen Jornek objektu herrikoiez eta argazkiz osatutako bilduma ikaragarria; hainbestekoa, ezen museo bat eraikitzeko proiektuan lanean jardun zuten 1964an. Azkenean, Jornek bultzatutako beste egitasmo asko bezala, ez zen eraiki, nahiz eta gaur egungo Silkeborg hiriko Jorn Museoaren oinarria izan.

Oso hurrekoa sentitu nuen hasiera-hasieratik institutuaren proiektua, asko akordarazi zidalako Oteizaren Estetika Parekatuen Institutua. Horrek ondo azaltzen du garaian zeuden asmoak Mendebaldeko artearen oinarriak zalantzan jartzeko, XX. mendearen hasieran abangoardiek egin zuten bezala. Baztertutako arteen aldarrikapen horretan indigenen arteak edo arte herrikoiak abiapuntu egokiak iruditzen zitzaizkien artista batzuei Mendebaldeko kultura elitistak ezarri zuen nagusitasunaren aurka egiteko, merkatuaren nagusitasuna gero eta ageriagoa baitzen Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.