Zinta itsaskorraz hormara pegatutako banana bat sei milioi dolarrean baino gehiagoan saldu da New Yorkeko enkante batean. Artelana ote den zalantza egin du telebistako berriemaileak txantxa giroan. Pantailako aurkezlea iruzkinak egitera animatu da, nahiz eta beste testuinguru batean ez litzatekeen ausartuko. Arteari buruz hitz egitean ez dago tentu handiz ibiltzeko beharrik, zer esanik ez artelana banana bat bada. Ulertzeko moduko gertakaria, telebistako berri emankizun nagusia ez balitz.
Zein da zehazki eman nahi den berria? Nola litekeen norbaitek halako dirutza ordaintzea horrelako artelan baten truke? Beste mota bateko artelana balitz, adibidez, Picassoren koadro bat edo Michelangeloren eskultura bat ez litzateke hain barregarria izango?
Artearen gaineko sentsazionalismoaren azpian gauza asko ezkutatzen direla iruditzen zait. Sarritan komunikabideak azalean geratzen direla ematen du. New Yorkeko enkanteak eragiten duen benetako zalaparta zein da? Artelan horrek ez duela hainbeste diru balio edo nola egon daitekeen haren truke edozer ordaintzeko prest dagoen norbait? Niretzat eskandalua eragin beharko lukeena ez litzateke hormari itsatsitako banana artea ote den edo ez izan beharko, edo sei milioi dolar ordaindu ote daitezkeen usteltzen den artelan baten truke. Niretzat benetako eskandalua da norbaitek lasai asko sei milioi dolar ordaintzea eskaintzen zaion zerbaitengatik, artelana izan edo beste edozein gauza izan. Badirudi erraz asko onartzen dugula jendeak inoiz gastatuko ez duen dirutza izatea, nahiz eta aberastasunaren iturri horiek zuzenak ez izan. Bizi garen gizartean dirua pilatu daiteke nahiz eta aldamenean jendeak behar izugarriak dituen, planetaren erdiak bizitzeko zailtasunak dituen edo itsasoan hil behar duen beste lurralde batzuetara joateko aukera baten bila.
Baina nahiago dugu barre eta burla egin artelan baten bizkarrera. Ilargiaren eta hatzaren esaera hura gogorarazten dit. Gehienok bananari buruz hitz egiten jarraituko dugu igandeko bermutaren orduan edo arratsaldeko poteoan. Sarritan Maurizio Cattelanen artelanek agerian jartzen dituzte gure gizarteko kontraesanak era umoretsu batean, hain zuzen bananaren lanak Comediante izenburua darama. Hala ere, niri gehien gustatzen zaidana zinta itsaskorrez hormara lotuta duen gizonarena da, A perfect day izenburua duena.