Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Balkoiaren atzean

2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Negar egiten dut, ez dakit zergatik, erotu egingo naiz. Hasten naiz irakurtzen eta ezin dut, burua joan egiten zait, irreala da dena, zer egiten dut nik hemen arte garaikideari buruzko liburu bat irakurtzen, Japonian alarma egoera ezarri dute bigarren oldeagatik, hildakoen kopurua goraka doa Euskal Herrian, kanta dezagun Txoria txori Aberri Egunean. Eta erabaki dut: nire lekua, inon egotekotan, balkoiaren atzean dago.

Munduko bazterrak ikusten ditut La2-en, gauetan, alabarekin. Eiffel dorrea nola egin zuten ikusiz hartu zuen lo atzo, ez da harritzekoa, eta orduantxe lasaitzen naiz pixka bat, alabaren loak ematen dit esperantza dosia, amets ederrak egitea desiratzen dut, gaztaro ederra izatea, bazterrak ikustea, mundua ezagutzea. Ahal bada bertatik bertara, jakin dezala mundua zabala eta arrotza dela, baina baita ederra ere. Ezin bada, telebistaz ikusiko dugu, eta galdera egingo dit: joango gara oporretan Erromara? Eta bai, erantzungo diot, joango gara egunen batean. Amari ere gustatzen zaio bazterrak ikustea etxetik irten gabe; egona da Italian eta Frantzian, Giroa eta Tourra ikusiz.

Eta gero pentsatzen dut: zer da hildako bat? Zer da pertsona bat? Zenbat denbora, zenbat jende, zenbat maitasun, zenbat zenbat kabitzen dira pertsona baten baitan? Perec etortzen zait gogora, nola egin zuen berak lo egindako ohe diferente guztien kontaduria. Eta Gizon bat lotan, ia automatikoki, inpresioa egin zidan irakurri nuenean. Eta Saint-Sulpice plaza Parisen, konfinamenduan, eta Georges Perec han, banku batean eserita, ikusezin, gertatzen den gauza ñimiñoena ere oharretan jasotzen. Smoke filmean Harvey Keitelek egunero ordu berean leku berari argazkia egiten zion modu berean, denak berdinak eta denak diferenteak.

Alabak Eiffel dorrearekin lo hartu arren jarraitu egin nuen bazterrak ikusten, eta hurrena New Yorkeko Askatasunaren Estatua fortunatu zitzaidan, Belarraren ahoa, eta Hart irla etorri zitzaidan nahi gabe ere, han ari dira ehorzten hildakoak hobi komunetan. Badago webgune interesgarri bat: The Hart Island Project (hartisland.net). 1980tik 68.955 pertsona ehortzi dituzte hobi komunetan Hart irlan. Zenbat jende da hildako bat? Zenbat jende da 68.955?

12 urte esklabo pelikularekin Oscar saria irabazi zuen Steve McQueenek, Hunger eta Shame ere ezagunak egin ziren. Hain ezaguna ez dena bere aurretiko lana da, bideoartea etiketa jarri izan zaiona. Guggenheimen uste dut ikusi nuela Static, ez dut topatu sarean, Marian Goodman galeriak eskatuta kendu dituzte bere bideoak UbuWeb ataritik. Justu oraintxe dago Steve McQueenen erakusketa Londreseko Tate Modernen, ez alferrik. Ikusteko moduan jarriko balute sikiera Static...

2009an egindako zazpi minutuko bideo honetan, Askatasunaren Estatuaren inguruan dabil biraka helikopteroa, eta handik hartzen ditu irudiak kamerak. Estatua estatikoa da —askatasuna ere bai?—. Batzuetan urrundu egiten da helikopteroa, eta atzean dagoen paisaia etortzen zaio begietara ikusleari; hurrena hurbildu egiten da, eta estatuaren materialtasuna nabarmentzen da, herdoila ikusten da, zikina ikusten da, hegaztien zirina. Eta bitartean helikopteroaren zarata da ikusleak entzuten duen bakarra, hori ere tarteka.

Irakurketa metaforiko edo alegorikoetan sartu gabe ere, ikono baten deseraikitzea da.

Bideo honek beste bat ekartzen dit akordura, ez dagoena, nik dakidala behintzat, inongo arte erakunderen bilduma publikoan.

Arte Ederren fakultateko irakaslea da Josu Larrabaster. Artista da, kanonak bazter utzi dituen hainbestetako bat, sekula aipatzen ez diren horietarik. Bere izena ez da inon ageri, ezta Arte Ederren museoko datu basean ere. Artearen historiako hobi komunetan akaso.

Baina niri gogoan geratu zitzaidan behin erakutsi zigun bideoa. 2003an egin zuen, gero maiatzean Barakaldoko Udal Erakusketa Aretoan jarri zuen erakusketan egon zena ikusgai. Bost minutu inguruko bideo honetan kamera geldi dago, eta bere aurrean daukana jasotzen du, soinurik gabe. Kameraren aurrean dagoena lehorrean daukaten belaontzi bat da, bi egitura metalikok zutik eusten diotela. Bi plano besterik ez dauka: bat hurbilagotik hartua, hasieran ikusten dena, eta bestea pixka bat atzeragotik, ingurua gehiago erakusten diguna. Haizea dabil, belarra, zuhaitzetako hostoak mugitu egiten dira. Hiru behor dabiltza zelaian, makurtuta, jaten ari dira. Palmondo bat ikusten da atzerago, eta haren ondoan etxe bat, hiru solairukoa, eta atzean mendia, zerua urdin.

Hasieran ikusten da ondo belaontziaren alboa, ababorra: Euskadi 93 Europa; ikurrina eta Europako bandera; BBKren logoak. Beharbada akordatuko zara, beharbada entzun duzu inoiz: Jose Luis Ugartek 1993an Vendee Globen parte hartzeko erabilitako belaontzia da. Ahuldua, ahitua, Bilbao Bizkaia Kutxak udalekuetarako dauzkan Sukarrietako lurretan zeukaten ontzia, hantxe grabatu zuen Josu Larrabasterrek bideoa.

Aurtengo Aberri Egunean argazkian ikusten den beste lan honekin gogoratu nintzen, inoiz baino gehiago. Eta Ramon Saizarbitoriaren Asaba zaharren baratza irakurtzeari ekin diot berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.