‘Helen Keller, ¿la mujer maravilla?’
Konpainia: Chevere. Jatorrizko ideia: Chusa Perez de Vallejo. Dramaturgia eta zuzendaritza: Xron. Antzezleak: Angela Ibañez, Patricia Lorenzo, Chusa Perez de Vallejo. Lekua: Galdakaoko Torrezabal kulturgunea. Eguna: azaroak 8.
Adinean aurrera goazenontzat ezaguna da Helen Keller (AEB, 1880-1968), Hollywoodeko industriak The Miracle Worker miresgarria plazaratu zuenetik. Hegoaldera El milagro de Ana Sullivan izenarekin ailegatu zen, Anne Sullivan (AEB, 1866-1936) maistra nekaezinari aipamen eginez, hura izan baitzen txikitan itsu eta gor-mutu geratu zen neskatoaren maistra.
Chevere talde galiziarraren eskutik galdera ikurrekin dator izenburua, auzitan jarriz denbora gerrenean mito handia bilakatu zena. Zeren eta esandako filmean, bere ederrean ere, Kellerren figurak ezin hobeto pertsonifikatzen du AEBen ideologiaren muin sakona den gainditze pertsonalaren mitoa, eta hango zinemagintza indartsuak ederto baliatu zuen kapitalismoaren zerbitzura dagoen eredua hauspotzeko. Konpainiaren analisian argi utzi digute bere balio itzela daukala gainditze pertsonalaren bideak, baina frustragarria suerta dakiekeela egoera bera bizi dutenei, beste faktore askoren artean Keller zuria eta klase burgesekoa zelako. Lehen ondorio interesgarria atera dugu jada, eta beste asko etorri dira gero.
Haien guztien artean nabarmentzekoa da Kellerrek bere aktibismo sozial iraultzaileagatik gogoratua izan nahi izan zuela, eta ez lehen esandako gainditze pertsonal miresgarriagatik. Galgarik gabeko kapitalismoak eta gerra-makineriak ondo lurperatu zuten bere gogoa, baina bizi izan zenean gogotsu eta argitasun bereziz egin zien aurre bi munstro horiei, batez ere Sobietar Iraultzari babes argia emanez.
Hori guztia jakin dugu galiziar hauen ikerketa-lanari esker, eta agertokia ohikoa duten moduan atondu dute, bi lan-mahai, maniki batekin eta hamaika dokumentu-kaxarekin. Hiru emakume antzezleek Helen Keller izenaren letra handiak zeramatzaten amantaletan, eta isiltasun handian igaro da denbora, batzuetan hitzez baina gehienetan testua eta informazioak keinu-hizkuntzaz eta testu proiektatuekin adierazita.
Niri behintzat, oso diskurtsiboa egin zait emanaldia, ekintza eszeniko urri-urrikoa, eta luzea egin zait lengoaia bisual-bernakularraren pasartea. Bestetik, ondo zegokeen amaiera aldera aipatu dituzten argazki ugariak atzean proiektatu izana, horrek nolabaiteko bizitasuna eman ziokeelako eszenaratzeari, baina seguruenik hautu hori ikusle bistadunok itsuen sentsazio bera izan genezan egin dute, eszenaratzearen lehortasuna areagotu arren. Gainera, aipatzekoa da ikusmen urrikoei ukitze-esperientzia eskaini zaiela emanaldiaren aurretik. Gor-mutuen elkarte bateko kideak ere bertaratu dira, eta haien presentziarekin esangura berezia hartu du emanaldiak. Amaitzeko, goraintziak Bakarne Jorge antzezle euskaldun bikain eta itsu izan zenari. Gure bihotzetan zaude, lagun.