'eventually, eden'
Non: Cibrian galerian, Donostian.
Noiz arte: azaroaren 30era arte.
Askotan, euskal testuingurutik kanpoko artistak izaten dira Donostiako Cibrian galeriak bere aretoetan aurkezten dituenak; eta nahiz eta hirian, egiari zor, bertako artisten proposamenak aurkezten, sustatzen eta babesten dituzten espazio, egitura edo programak gero eta gutxiago diren (zoritxarrez, Altxerri galeriak ere bere ateak aurten itxi ditu), tarteka, ikusle gisa muga hauetatik bestalde datozen aire berriak ere gustura hartzen dira: gozamenerako, ikerketarako, hausnarrerako; bien arteko balantzan oreka bilatzea izaten da gakoa. Oraingoan Madril eta Amsterdamen artean dabilen Monica Mays artista gaztearen eventually, Eden erakusketa bisita daiteke galeria horretan.
Bertaratu aurretik, web orrian ea erakusketaren bat martxan ote zegoen begiratzean, eta uneko proposamenaren argazkiak ikustean, hala esan zidan bikotekideak: «Ez dakit zeri buruzko erakusketa den, baina behintzat piezak politak dira». Estetikoki erakargarriak diren piezak sortzen dituzten artistekin egiten dute lan Cibrian galerian, eta horrek, bisitariek aretoan izan ohi duten esperientzia ere zuzenean baldintzatzen du, erosoak eta atseginak izanaz. Ezaugarri komun hori dute galeria horretako erakusketek: ikuserrazak direla, bisitatzeko errazak. Instalazioak ere zainduak izaten dira, objektu gehiegirik gabeak gehienetan, galeriako espazio zurien estetika hegemoniko garaikidearen premisak jarraituaz, piezek arnasa har dezaten—hala esaten da behintzat—. Eta Maysen erakusketan ere hala izan da. Tamaina politeko pare bat eskultura soilik daude espazioaren erpin banatan, eta beste sei piezak berriz, hormetara arrimatuta.
Cibrian galerian ez da hormako testurik jarri ohi, eta horren ordez, eskuorria hartzeko aukera izaten dute bisitariek. Bertan, pieza bakoitzaren gaineko xehetasunak eta erakusketa kokatzen duten testua izaten dira. Halakoetan nahiago izaten dut lehenik eta behin erakusketa ikusi, eta ondoren, testua lasai etxean irakurri—norberaren maniak—, iruditzen baitzait, erakusketara hurbiltzeko aukera ezberdinak eskaintzen dizkidala sasi-metodo honek.
Lehen hurbilketa, nire gorputz propiotik, zentzumenetatik, esperientziatik eta intuiziotik burutzen dut honela, eta bigarrena, berriz, bertsio ofizialetik —izan galeriarena, izan artistarena, izan haietakoren batek aukeratutako beste idazleren batena—. Gehienetan, galerian bizi izandakoaren eta ondoren irakurritakoaren artean, beti topatzen ditut elkar puntuak, elkar ukitzen duten sentsazioak edo pentsamenduak. Eta nirekin gelditzen den azken emaitza bi hurbilketen arteko hibridoa izaten da. Azken erakusketa honetan, ordea, elkar puntuen topaketa zaildu egin da; agian, espazioan bizi izandako sentsazioen eta testuan irakurritako edukien artean topatutako arrakala handiegia izan delako.
Testua oso korapilatsua da, ideia ikaragarri pilarekin, gehiegirekin agian, guztien arteko elkar loturak nekez argitzen dituena eta traketsa gelditzen dena azken irakurlearentzat. Artelanak berriz zuzenak dira, hurbil errazak, gorputzarekin sartzekoak, eta irakurketa edo interpretazio subjektiboak aisa ahalbidetzen dutenak. Eta honekin gelditu naiz oraingoan. Elementu identifikagarriak izan daitezkeen osagarrien uztartzeekin burututakoak dira; hibridazioak, mutazioak izan daitezke. Pieza nagusienen kasuan, jatorri industrialeko autoen ihes-hodiak testura organikozko estalkiekin bilduta agertzen dira, geruzen arteko izaki-gorputz-adar berriak sortuz.
Adarrak, hezurrak, gezurrak. Burdinarteko tramak edo trabak; goxatuak edo urratuak? Altxatuta daudenak, eta makurrak. Desafiatzaileak eta abailduak. Izaki beraren inertzia ezberdinen aukerak al dira? Ala (bestelako) izaki izateko aukera berriak? Gizarte honetan bizirauteko estrategia posibleak garatzeko modua, agian? Sortutako galderei erantzunik ematen ez dien proposamena da; honek sortzen duen ezinegon sentsazio atseginarekin. Zuzeneko pista bakarra erakusketaren izenburuaren zirrikitutik topa liteke —gogora dezagun: eventually, Eden—. Izan ere, agian horixe besterik ez dira: etorkizunean esperoan dugun paradisu utopikoaren arrasto zatiak.