Horra literatura-iruzkinak idazten nituen garaian erabili ohi nituen eufemismoetako bat. Liburu bat, epel utzi arren, ondo idatzirik zegoela adierazteko jotzen nuen esamolde horren bila. Ezin argiago mintzatu gure mundu txiki honetan.
Ofizio-ren adiera irudizkoaz ari nintzen, jakina, idazlearen antze edo trebetasunaz; ez ogibideaz. Korapilotsuagoa baita auzi hori. Oso euskal idazle gutxik dute literatura dirubide bakartzat, kritikariek eta idazleek berek gogorarazten digutenez (aspaldi ez dela Lourdes Otaegik, berripaper honetan bertan). Arruntean entzuten da kexua: bestelako lanak egin behar izaten dituztela (gidoiak, itzulpenak, artikuluak...). Eta halako dirubide osagarriak dituztenak ere pribilegiatuak dira, azken batean idazkuntzaren arrimuan jarduten baitute. Zein da gure idazleen lanbide nagusia? Irakaskuntza, seguruena. Ba al du eraginik (didaktikorik edo bestelakorik) sorkarietan?
Profesionalizatze ezak, ordea, badu bere ifrentzua. Itxaro Bordari, esaterako, askotan entzun diogu postari izateak laguntzen diola errealitatearekin harremanetan jartzen. Ez da iritzi horretako bakarra, mundua zabala (eta arrotza) baita. Jorge Valadas portuges idazlea, esaterako, argiketaria da, bere iritzi-askatasunari eusteko (idazleen esanak, badakizue). Berriro dugu, ezinbestez, errealitatearen eta fikzioaren arteko talka, bien arteko harremana. Askotan glosatu da tirabira hori, Borges liburutegiko sagua eta Cortazar bizizalea aurrez aurre jarrita, besteak beste.
Bizikizun guztiak literatura bihurtzeko tema ere kritikatua izan da, esperientziaren poesia deitua batez ere: ez dagoenetik zerbait atera beharra edo, autolaguntza-liburuetan bezala, gauza txikietan laketzeko ahala. Eta hor ditugu auzoan Celine edo Jean Genet, muturreko bizipenen edasle. Nolako liburuak idatziko zituzten bata kolabo zokoratua eta bestea litxarrero-txaperoa izan ez balira (hemendik eskaria: otoi, berrargitaratu Gauaren muturrerainoko bidaia eta euskaratu Lapur baten egunerokoa)? Biak aipu ditu Mikel Antzak bere azken liburuan, biziaren gordinak askatutako kontzientziaren jarioaren erakusgarri.
Literatura, hala, nekez da ofizio, Aturritik Ebroraino, eta desorduetan egin beharreko lana izaten da, bulegoetan higatu edo, Inma Erreak zioenez, harrikoa egin eta gero egin beharrekoa. Aise irudika ditzakezue idazleak nahiz itzultzaileak (literatura itzultzetik ere inork gutxik ateratzen baitu hazkurria)... aise irudika ditzakezue, nioenez, iluntze unatu horietan, beren maiteak eta albistegiak oro abandonaturik.
Erreflexuak urri diren lurralde hori aztalkatzen dute arratsean, gaubeilak literaturagintzan zer ondorio izango dituen igarri gabe. Nola mudatzen dira idazleen letrak profesionalizatuz geroztik? Itzultzaileak nabarmen ikusten ditu larunbat goizean erreflexu faltak eragindako istripuak; idazleak ere bai: «Bart bikaintzat hartua, biharamunean zakarrontzian apurtua» izan liteke adagio egokia sentipen horretarako.
Bada kontzientziaren flakaldiokin olgatu izan den idazlerik. Fernando Pessoari, kasurako, Alvaro de Campos halakoetan agertzen zitzaion, «nekatuegi edo logale» zegoenetan. Fernandoren desirarik desiratuena, ordea, Lisboa ondoko herrixka batera erretiratzea zen, idazteari erabat emanda bizitzeko, errentetatik bizimodua ateraz; Virginia Woolfen gela eta dirubidearen ordaina Europaren sudur atlantikoan.
Euskal idazleak idaztea ofizio huts ez izateak izan du onurarik, hala ere, idazleak oskoletik irten behar izan baitu: hitzaldiak eman, irakurraldiak egin, ikuskizunak taularatu, arizale hasi, ikastetxeetara joan (Idazle Elkartearen oinarrietako eta batasun-eragileetako bat). Horri esker, idazletza egun ez da hain eginkizun bakartia. Idazle batzuen izorramena eta irakurle askoren poza.
Literatura. Hirudia
Badu ofizioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu