Mila ta bat kontu ari dira gertatzen egunotan Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldia den Zinebik besarkaturiko Bilbo honetan. Arriagatik Zorrotzaurreraino eta erriotik eta Alondegitik bueltan, irudia, soinua, musika, aspaldi zaharreko zeluloidea eta oraindik existitzen ez diren teknologiak dira hemen eta han mintzagai, entzungai, dastagai, eztabaidagai, baita probokazio hutsak ere.
Mukuru zen Azkuna zentroa Donostian Urrezko Maskorra jasotako Albert Serraren Tardes de soledad filma proiektatu zen arratsean. Hain gainezka ze hainbat sarrera merkatu beltzean jarri baitziren salgai eta eskaintza onena egin zuenak airos eta zorioneko lortu.
Pelikulak baditu erritual baten itxura, manerak, moduak, soinuak, misterioak, baita bizitzarekiko eta heriotzarekiko kontaktu tragikoa ere, azken muturreraino eramanda. Badu umorea, baditu ukitu barrokoak; bere errepresentazio guztiek duten errealitate eta ameskeriarekiko erlazio estrainioa begi-bistakoa da.
Solasaldian Albert Serrak berak hala aitortu zuenez, orain bost urte ezinezkoa suertatuko litzatekeen lan hori egitea. Bertan ikusten eta aditzen den oro gizakion begiak eta belarriak ikusten eta aditzen denaz haratago baitago, askoz haratago, biharko kamerak eta datorren belaunaldiko soinu tresneriak harrapatuak baitaude. Egunak eta gauak, asteak eta hilabeteak muntaketa gelan pasa ondoren, bai zuzendaria bai editorea sorpresak zoraturik, gero sortuko zen magia.
Ortodoxia politikoaren garai hauetan, hona hemen Albert Serraren beste pentsamendu bortitz bat: krudeltasunean edertasuna bada, herioan ere bai
Pacifiction filmaren egileak Portugalgo kazetari Francisco Ferreirarekin egin zuen hitz-aspertua gaurko teknologiari eskainitako omenaldi sutsua bilakatu zen. Maleziaz jo zuen Historia de la meva morte-ren egileak, zera esaterakoan: dokumental onak iruzur eta traizio egin behar diela erretratatzen dituen horiei, ez sortzaileak ez beraiek ere ikusten ez duten hori azaleratu behar duelako. Denek dakitena agerian jartzen duen lan batek ezer gutxi balio du. Ortodoxia politikoaren garai hauetan, hona hemen Serraren beste pentsamendu bortitz bat: krudeltasunean edertasuna bada, herioan ere bai. Beste hausnarketa brutalik nahi? Hona hemen: zinema sortzaile batek ardura eta erantzukizun bakarra izan behar du. Zerekin? Irudiarekin, hain zuzen ere. Eta moralarekin? Sekula ez. Inolaz ere.
Donostian sari nagusia jaso ostean Tokion zein Chicagon edo New Yorken izandako film hori ahaldundu duen datozen garaietako teknologiaz mintzatu eta ordu batzuk beranduago, 40 urte egin genuen atzera Bilbao As Fabriken. Badira lau hamarkada Imanol Uriberen Mikelen heriotza estreinatu zela. Bizkaiko iragan industrialaren aztarnak (baita izerdiz eta burdin hautsez bete izan zen edertasun mingarri eta minduarenak ere) gordetzen dituen paraje hartan, hainbat juntatu ginen Euskal Herrian horren eragin, zirrara, inpaktu ikaragarria izan zuen pelikularen atzoko eta gaurko isla eta indarra neurtu nahian. Sutsua suertatu zen ezbaia une askotan, batzuen irudiko misogino batira filmaren une eta kontu zenbait. Besteok, alta, ausardia, atrebentzia eta gugan utzi zuen zauri irekia aipatu genituen behin eta berriro bandera moduan. Egungo begi minberekin ikusita, Mikelen heriotza-k ez luke, seguru woke azterketa gaindituko, baina gutako ziento bati bost: guk badakigu hor kontatzen den guztia halakoxea izan zela gaur 40 urte. Eta batzuk ziur gaude horrelakoxea izaten jarraitzen duela.
Egungo begi minberekin ikusita, 'Mikelen heriotza'-k ez luke, seguru woke azterketa gaindituko, baina gutako ziento bati bost: guk badakigu hor kontatzen den guztia halakoxea izan zela gaur 40 urte
40 urteren ondoren, Mikelen heriotza-k, beste pelikula mitikoek nola, baditu bere sekretuak, Tardes de soledad-k berak bezala, badu bere misterioa, badu bere zeluloidean bilduta irmo dirauen salaketa. Bada garai bateko potreta, baditu bere barrenetan gordeak jende askoren oroimenak, Bilboko San Frantzizko auzoko Bataclan aretoan filmaturiko eszenetan figurante moduan parte hartu zuten guztienak, alegia.
Libre izan nahi zuen jende hark eta libre sentitzeko parada eman zion filmak, artean hainbat eta zenbat kate hautsirik ez zuen herri bortitz eta mindu baten isla ematen duen pelikulak, azken plano ahaztezin bat duena, beste film handi askoren pareko bihurtzen duen hori.
Eztabaidarako gaia suerta daiteke Mikelen heriotza, zergatik ez? Baina, nik uste filmean barna arakatuz gero geure burua ikusiko dugu kamera-ispiluaren bestaldean. Oraindik ere. 40 urte eta gero.