Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Azukre koxkorrak

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Bilboko Loraldia jaialdiak eta Izar&Star zikloak elkarlanean duela astebete pasatxo antolatu zuten Ruper Ordorikaren omenaldia —Dabilen harriari so azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat izenekoa—, eta hantxe egotea egokitu zitzaigun Micerekin jo behar genuelako. Egitekoa: talde bakoitzak Ruperren bizpahiru kantu moldatu eta bertsionatzea. Gure kasuan Zure ate ondoan, Lera zakurren balada eta Orain barre orain negar izan ziren.

Gurekin batera igo ziren oholtza gainera Mikel Uraken; Ixiar Oreja, Don Inorrez taldeko musikariez lagunduta; Petti, Balerdi Balerdiko lagunekin batera; eta Ken Zazpi. Kafe Antzokia ruperzalez leporaino beteta aurkitu genuen, giroa bero eta jendea gogotsu. Eta Fermin Etxegoien ibili zen aurkezle lanetan, gitarra eskuan zuela.

Kontzertu baten kronika egiteko ez da lekurik aproposena backstage-a, besteen emanaldiak erdizka ikusten direlako gehienbat, dela urduritasunarengatik, dela azken orduko errepaso eta komunerako joan-etorriengatik. Baina gaualdi polita pasatu genuen. Gaueko izarra Bernardo Atxaga izan zelakoan nago. Etiopia liburutik abiatuta eta Athleticen eta Leganesen arteko partida bat aipatuz errezital bat osatu zuen. Publikoa barrez eta bera ere ederki gozatzen. «Jendeak ez daki, baina ni uste dutena baino ganberroagoa naiz», bota zigun oholtzatik kamerinorako bidean, irribarrea ahoan.

Gainontzean, bertsio batzuk jatorrizkoetatik gertuago egon ziren, eta beste batzuk gehiago urrundu ziren. Gure kasuan asko gozatu dugu lokalean abestiei bueltak eta bueltak eman eta kantuak geure egiten. Beti eskertzen dira halako erronka berriak; musikariak behar du tarteka aire fresko pixka bat. Eta Ruper? Ruper ez zen agertu. Bagenekien aurretik, eta esana zigun. Nolanahi ere, Antzokian sentitu genuen berotasun hori modu batean edo bestean iritsiko zitzaiolakoan nago. Hala espero dut, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.