Itziar Diez de Ultzurrun Sagala.
Durangoko 55. Azoka. IRITZIA

Azokaren berotasuna

2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Azokak ez dira inoiz saltoki hutsak izan, harremanak josteko gune funtsezkoak izan dira nonahi: plaza, agora. Euskal Herriko feriak euskararendako indar bateratzaileak izan dira mendez mende. Durangoko Azoka, salgune ez ezik, horixe izan da: euskal kultura erdigunean paratu duen agora handi bat, euskaldun eta euskaltzaleondako bilgunea, sortzaileendako plaza, kulturzaleendako gozaldia. Durangok salmentak bultzatu ditu, eta ikusgarritasuna eman euskal ekoizpen kulturalei. Egitasmo berriak ernetzeko lekua izan da, eta orobat balio izan digu harremanak josi eta sendotzeko, hots, bateratzeko. Durango indar zentripetoa izan da gurean.

Egungo egoerak hartaraturik, bilgunea salgaien biltoki bihurtu zaigu aurten, eta gehienok emanaldiak streaming bidez baino ezin izanen ditugu ikusi. Ez dirudi baikor egoteko moduko egoera denik, baina, nire ustez, berri pozgarria da azoka bertan behera utzi ez izana. Nerea Mujikak esan duen gisan, antolatzaileek egoerara moldatzen jakin dute. Miresgarria iruditzen zait: 2.300 produktu baino gehiago online dendan (852 nobedade), 100 kultur ekitaldi, kontzertuak Euskal Herriko zortzi herritan... Ataka honetan, ez zait lorpen makala iruditzen.

Itzultzaileon plaza ere izan da Durango, ezin bestela izan, euskarazko itzulpenak euskal kulturaren parte baitira, beste edozein hizkuntzatakoak beren sistemetako parte diren bezala. Beste sortzaile eta kulturgileei bezala, azokak aukera eman digu gure lanak aurkeztu eta saltzeko eta irakurleen beroa jasotzeko; izan ere, Vitoria-Gasteiz Itzulpen Sariak banatzeko ekitaldian entzun berri dugun bezala, munduan ez da hizkuntzarik bere hiztunen jakin-nahia eta irakur-gosea aseko duenik. Eta hori egia izaki hiztunak milioika dituzten hizkuntzetan, egia are biribilagoa da euskal kulturan. Euskarari obra anitz ekarri dizkiogu azken urteotan (ez nahi bezainbeste, ez aski, beharbada, baina bai asko), eta Durangon erakutsi ditugu.

Landakon ezin bildu honek gure lanen zabalkundea eta salmentak apalduko ditu, zalantzarik ez horretan, baina iraun behar hala ere. Irauntza da bide bakarra, Xabier Olarrak erakutsi digun bezala. Iraun eta, gainerako sortzaileekin batera, nork bere adierazpidearen ahalmenak lantzen jarraitu. Euskal idazleen langai bera da gurea, eta euskararen ahalmenak garatzen eta zabaltzen segitzea dagokigu, irakurleen gozagarri.

Euskarara ekarritako lanek irakurleen estimu handiagoa jasotzea nahiko genuke guk ere. Jendea, ordea, ez da irakurzale jaiotzen, gaur egungo euskaldun elebidunok ere ez. Zeinahi hizkuntzatan irakurtzeko gogoa eta ahala ez da hutsetik sortzen. Inguruabar pertsonal, politiko, soziokultural eta soziolinguistiko jakin batzuen oso mende dago nahikunde hori. Badakigu. Gure erdaretan irakurtzen dugu gehienbat, besteak beste oro delako haien hornigai, etengabe eta oharkabean trebatzen garelako gaztelaniaz hemen, eta frantsesez mugaz bestaldean. Gaztelaniadun edo frantsesdun alfabetatu irakurzale ere ez da inor jaiotzen, aritze ordu ugariren emaitza da hori ere. Euskara balitz oraindik gure lingua franca, Durango ez litzateke hain garrantzitsua izanen, baina gure diglosia petral honetan Durango sekulako asmakizuna izan da. Garen anomalia zoragarriaren beste adibide bat.

Vitoria-Gasteiz Itzulpen Sariak banatzeko ekitaldian kulturan hotza ari duela esan zuen Patxi Zubizarretak. Ezin dut inguru hotz eta ilunagorik irudikatu urtero argitaratzen diren euskarazko sorkuntza eta itzulpen lanik gabeko Euskal Herri bat baino. Durangoko azokak aterpe beroa eman die gure lanei. Nahi nuke, aurten ere, pantailaz bestaldetik bada ere, indar bateratzaile berogarria izan dadin, baita harremanak bilbatzeko tokia eta hotzaz babesteko balioko diguten bide berrien abiagunea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.