Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Azkurak

2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Gizon batek zioen goiz askotan jaikitzen zela bezperan non ibili zen oroitu ezinik. Gure aitatxik erantzun zion berak gaitz hori antzinatik gainditua zuela. «Noan toki guztietan, hango berezitasun bat jaten dut. Gero, atzeko usainetik aise ateratzen dut bezperan non ibili naizen». Oroimenak huts egin arte itxaron beharrik ez dago, metodo batzuen balioa frogatzeko. Aitatxi idi-proben zalea zen. Dirua ere jokatzen zuen inoiz, eta behin, bera sozio zen auzoko idi batzuekin, galtzea egokitu. Goizaldean, etxean sartuz batera, abarkak sutara jaurti zituen, biraoka: «Katuekin ere egingo nian horrenbeste!»

Amatxik aitatxiri esaten zion txerriek odolkiak eginda ekartzeko garaia aspaldi joana zela. (Pepetxu eta Popatxu ipuinaren aipua). «Zu beti berdin!», agiraka egin zion amatxik, eta aitatxik erantzun: «Nik beti baino nahiago dut neuk nahi dudanean». Amatxik bazioen haizeak intxaurrak bota zituela, aitatxik erantzungo zuen haizeak astindu egiten zuela. Bota, arbolak botatzen zituela. Amatxik argudiatu arbolak jaregin bakarrik egiten zuela. Aitatxik erantzun, erori, intxaurrak erortzen zirela. Beti teman. Behin amatxik eraso zion: «Zer darabilzu, hazka eta hazka?». Aitatxik ez zuen erantzun, hazka jarraituz. «Baina non daukazu azkura?», haserretu zen amatxi, eta aitatxik, inon ez zeukala, baina, astia zuenez gero, eginda utzi nahi zuela, behar zenerako.

Nire kasuan, gure ama ez dakit non zen, ni akordeoi baten barruan munduratu nintzenean. Gure soro bat errepidearen kontra-kontran zegoen. Aitatxi maiz ibiltzen zen han, «jendea pasatzen ikusteagatik», amatxiren esanean. Auto bat geratu zen eta gidariak oihu egin zion:

Zer, lagunzaharra? Txizaginan denen bistan?

Neure lurrean ere ezin al dut txizarik egin?

Baina horrela, errepidera begira?

Zeuk begiratzen duzu, ba, bazterrera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.