Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Azkena

2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Nola erabakitzen ote da zein jarriko den aurrean, lehen ilaran, erdian, ertzean, zeinek zer jantzi behar duen, ilea nola, oinetakoak nolakoak, nola erabakitzen ote da, zeinek erabakitzen ote du. Beharbada irudi aholkulariak ez dira hainbeste sartzen, eta agintariek eurek zer jantzi agintzeko beste aginte badute. Seguru asko ez dute behar inork ezer esaterik, ondotxo dakite ze irudi eman behar duten, eta norberak erabakitzen du zer jantzi prentsa argazkilarien aurrean agertzeko. Norberak erabakitzen duenean ere, norberak erabakitzen du? Zein da norbera hori?

Bizi guztian erabaki bakar bat hartu ez zuen gizon baten historia kontatzeko gogoa izan dut beti. Fikzioa, noski. Jakinekoa da errealitatean mundu guztiak erabakiak hartzen dituela, une oro, hartu eta hartu, eta gainera aurrez ongi hausnartu eta kalkulatuak denak.

Erabaki, etimologia zale ezjakina naizenez, beti iruditu zait eraman, eraitsi eta hauen familiakoa, aurrizkian agindua daramana, arazi madarikatu hori, eta ebaki arazi esan nahi duela sentitu izan dut, ebakitzea agintzen duela.

Bizitza erabakiak hartzea da, diote. Neure bizitzaren aizkolaria naiz.

Hamasei urte izango nituen, BBBko bigarren mailan genbiltzan, Ana Mendieta Literaturako irakasleak galdera egin zuenean: nork egin behar ditu Letrak? Neuk bakarrik jaso nuen eskua. Jakina: ez nintzen ni bakarrik joan Letretatik. Baina eskua jaso ez banu, eta ez banu sentitu erabakiari eutsi beharra, Zientziak egingo nituen akaso, eta auskalo, ingeniaria nintzateke gaur ausaz, munduak behar duen jende klasea behintzat. Baina eskua jaso nuen, eta Ferdydurke irakurrita ohartu nintzen nola eman zidan forma keinu bakar horrek, eta forma diodanean uler liteke nahi izatera patua, eta garbi ikusi nuen erabakiak hartzen ditugula akaso, baina erabakiek hartzen gaituztela gu gero. Batzuetan altzoan, besteetan gatibu.

Eta geure buruari bestelakorik sinetsarazi arren, dena da kontingentea, geuregandik hasita. Bolada batean, oraindik hitz hori bazenik ere ez nekienean, buruan bueltaka ibili nuen kale batetik joan beharrean beste batetik joan banintz beste jende batekin egingo nuela topo, eta beharbada nire bizitza aldatu egingo zela betirako, eta zoriaren kontua zela uste nuen, nire bizitza zoriaren mende zegoela. Orain pozik hartuko nuke zoriaren mende egotea, kontingentzia hutsa izan beharrean.

Ez naiz akordatzen erabakia hartu izana: ipuin bat idatziko dut. Idatzi egin nuen, Urruzunora bidali, saria eman zidaten: lagun berriak egin nituen. Inbidia ematen dit euren bizitza hartutako erabakien ondorio dela sinesten duen jendeak, nik neurea beti bizi izan dut zoriaren meneko hosto ihar baten dantza alderraia bailitzan. Edo American Beauty filmeko plastikozko zorroa bezala, haizearen menera gora eta behera, oraintxe betea, hurrena hutsa.

Kultura osasuna dela irakurri dut oraintsu, osasun mentala, eta barregura eman dit. Ezin jakin, baina errezeloa daukat nire osasun mentala ez litzatekeela okerragoa izango inoiz ez banu irakurri uztail batez Arrotza, edo ez banu irakurri Partikula elementalak, edo ez banu irakurri, uztail batez hau ere, Gauaren muturrerainoko bidaia.

Irakurri dituzun liburuen zati txikiz egina zaudela ere irakurri dut oraintsu, eta baliteke hala izatea, baliteke ezin erauzi izana barruan uzten dizutena, txikia izan arren, edo horrexegatik akaso, txikia delako, ikusezina, infra-arina, Marcel Duchampek esango lukeen bezala.

Beharbada horixe da kultura, barrua astindu dizuten artefaktuek zugan utzitako arrastoa, gainetik kendu ezin duzun erdoka. Norbera da kultura.

Eta norberak pentsatu behar du mundua. Norbera zein den ez jakin arren, askok osatzen baitute norbera, aldatzen baitoa denborarekin, ez baita profilean jarri dezakezun argazki ederra. Eder agertzen zaituen argazkia, alegia.

Fakultatean pasatako urteetatik ere zati txikiekin baino ez naiz akordatzen, eta ez ondo. Ez dakit adibidez zein irakaslek kontatu zigun, ezta argazkilaria zein zen ere, baina esaldia geratu egin zitzaidan: «Argazkilari baten lanean inportanteena ez da lehena iristea, beste guztiek alde egin dutenean han geratzea baizik, azkena alde egitea».

Horregatik gustatzen zait asko argazki hau. Prentsako argazkilarien aurrean paratu dira denak argazkia ateratzeko, Miramar jauregiko eskaileretan, hierarkia markatuz, eta fotografoek zientoka egin dizkiete. Irribarretsu ageri dira guztietan, eta hala ere serio, seguru, zoriontsu kasik. Bukatu da saioa, hasi dira mugitzen modeloak, eta orduantxe egin du argazkia fotografo honek.

Urko Rodriguezek jarri zuen Twitterren aurtengo martxoaren 30ean: «Arduraren bila, 130 x 32. Mihise gaineko olioa». Eman nahi diogun irakurketa aparte utzita ere, fotoak benetan ematen du koadro bat, konposizioagatik, dinamismoagatik, xehetasunen ugariagatik. Ederra litzateke Arte Ederren Museoak erostea eta tamaina erraldoian inprimatzea eraikin berrituaren sarreran jartzeko, esaterako.

Edo Lazkanori enkargatzea kopia bat, Urdaibaiko Guggenheimen jartzeko. Ez dute egin oraindik, baina hori bai ez dagoela zoriaren mende.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.