Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Aveiro

2024ko apirilaren 28a
05:05
Entzun

Azken asteburuan Portugalen, Aveiron. Bertan txalupa luzexka asko zeuden ibaian, guztiak kolorez margotuak. Argazki bat atera nahi nienean, marrazkiak ikusten nituen: emakume bat ipurdia erakusten eta zahar bat begiratzen; taberna batean mutil bat eskatzen eta tabernari emakumea titiak aurpegian jartzen; bi neska gazte biluzik ibaian eta agure bat haiek ukitzen… orduan, tira, argazkia beste txalupa baterako uzten nuen.

GrETUA izeneko areto batean jo nuen. Antzerki independentea sustatzen duen talde bat da, eta espazio bat daukate, non antzezlanak, dantza eta musika ikuskizunak antolatzen dituzten, hiriko jendearentzat.

Kartzelaren ondoan dago, eta handik instrumentuak gora eta behera eramaten nituela, kartzelatik kontzertuak entzungo ote ziren pentsatu nuen. Polita litzateke? Arraroa? Edo krudela?

Aretora sartu nintzen eta han neuzkan ikasle batzuk itxaroten zuzenean hiru abesti grabatzeko, soinu eta irudi aldetik. Egin nuen, jatorrak ziren, baina bigarren eta hirugarren grabaketetan atsegina izaten saiatuta, apur bat egoera moztu nuen, ordu batzuk lasai egotea gustatuko litzaidakeela esanez, kontzertua jo baino lehen. Berriro ere, horrelako gauzei hasieratik ezetz esan behar diedala pentsatu nuen, kontzertuaren egunean behintzat. Energia, jarrera, teknika guztia jartzen duzu grabaketan, kontzertuan, eta hori bukatzen da; ez da nahi denean eta nahi den denboraz piztuta mantendu daitekeen egoera fisiko eta psikologiko bat. Kirolari profesionalekin, ez dago esan beharrik ere. Baina badirudi artista batek, noski, justifikatu behar duela bere nekea, bere erosotasun beharra.

Kontzertua ondo joan zen, jende asko zebilen areto txiki hartan, geldi-geldi, niri begira. Dantzatzen nintzenean, hori arraroa zen, zoo bat zirudielako, ni animalia eta haiek pertsonak. Baina gero, txalotzen zuten. Bukatu, eta hotelera. Batzuetan ez dakit ondo zertan ari naizen. Esker ona sentitzen dut hurbiltzen den jendearekiko, maitasuna musikarekiko, baina horrek guztiak dakarren estruktura eta ekitaldiak arrotzak egiten zaizkit askotan. Opil eder eta onena, derrigorrean, metro bateko luzerako sardexka batekin jan beharko banu bezala. Ze ondo, baina zergatik modu honetan?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.