Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

AUTOTUN(e)TUN(e)ARENA

2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Beste asmo batzuk nituen gaurko artikulurako, baina duela pare bat aste Ion Celestinok Autotunea ez da ukelele berria izenburua jarri zion bere zutabeari eta, hara, zerbait egin beharko dut horrekin. Hori baino aste batzuk lehenago nik idatzitako Pixiglas artikuluko esaldi bat zeharo ezeztatu zuen titulu horrekin, ni aski xaloki ausartu bainintzen zera esatera: «Autotunea da ukelele berria». Eta, zer nahi duzue esatea, pixkat-oso interpelatuta sentitu naiz. Nire bizitzako lehenengo beefeoaren atarian ote nago lerro hauek idatzi ahala, urteak eta urteak Twitter ekiditen pasatu ostean? Jo-der, espero dut ezetz.

Hasteko, esan behar dut, besteak beste, autotunearen historiaren errepaso aski interesgarri eta zehatza egin zuela Celestinok bere artikuluan, eta zer pentsatu handia eman didala. Hasieran izan nuen minibihotzekoa eta horren osteko erreakzio guztiak (ostrukarena, lehoiarena, trikuarena, hurrenez hurren) pasatu eta gero, aukera ederra iruditzen zait jendeak sare sozialetan egiten duena ez egin, eta desadostadun batek zabaltzen duen pitzaduran sakontzeko.

Ostrukaren fasean, pentsatu nituen gauza mordoaren artean zegoen «joder-joder-orain-frogatu-beharko-dut-ez-naizela-mozola-ezjakin-ahobero-bat» (Euskal Herrian iritzia ematea zer den). Ni ez naiz autotunearen negazionista, joder, ez naiz gitarraren distortsioa deskubritu zutenean musikari haiek gutxietsi zituen hori, ez naiz binilogintzaren hasieran muturra zimurtu zuen hori, ez naiz aurrerapen teknologiko orori arbuioz erantzuten dion norbait. Ez ditudala gauza horietako asko ulertzen? Bai. Susmagarria iruditzen zaizkidala berrikuntza teknologiko moderno eta berri guztien trenera ezer kuestionatu gabe igotzen diren horiek? Baita ere. Baina nik ez dut autotunearen balioa ukatzen, joder. Edo... agian bai.

Ze, lehoiaren fasera igarota, egia esan molestatu egiten dit autotuneak batzuetan. Existitzen zela jakin nuen egunean (disko bat grabatu bitartean eta nire ahotsari photoshop egingo ziotela jakin nuenean), tranpati sentitu nintzen. Egun erabiltzen den moduan, ahotsari jartzen dioten filtro horrek ez dit uzten konektatzen askotan, alboko gelan norbait abesten ariko balitz bezala da, ez dut entenditzen, eta etenik gabe erabiltzen duten taldeen kontzertuetan, nekatu egiten nau. Nahiz eta Celestinoren argumentuak ulertu, eta hein batean harekin ados egon, zalantza ugari sortzen didate haren baieztapenek: ez dakit autotunea ote den ahotsak musikaren erdigunea atzera hartu izanaren arrazoia, hain zuzen ere ahots bakoitza bere ahostasunez gabetzen duen tresna delako. Erdigunean egotea baliagarria al da, zure tasunez gabetuta iritsi bazara erdira? (Eta ahotsak zergatik egon behar luke musikaren erdigunean, abeslariarentzat zama/ikusgarritasuna aho biko labana bada?).

Azkenik heldu naiz trikura, aldi berean biguna eta arantzatsua den izaki bat izatera. Ze zaila den iritzia ematea, joder. Egia esan, ni ez naiz ohartzen zuk irakurtzen nauzunik, edonor zarela ere. Ni nire etxean nago oraintxe bertan, pijaman, asteazken eguerdi batez, atzo egindako barazkiei arroza edo pasta botako ote diedan pentsatzen. Ez dakit nola egiten den kontrako iritzi baten aurrean amore eman eta eusteko aldi berean. I can feel something inside me say/ I really don't think you're strong enough. Saiatuko naiz.

Kontua da Celestinoren argudioak baduela funts sendorik, baina nireak ere bai, eta ez dira inkonpatibleak. Ados, ukelelea eta autotunea ezin dira alderatu musikan izan duten inpaktuari dagokionez, baina autotuneak musikari egin dion ekarpena eta harengan utziko duen arrasto potentziala ukatu gabe, jarraitzen dut pentsatzen autotunea egun erabiltzeko dugun/duten moduari ez zaizkiola urte asko geratzen, boladak joan-etorrian segitzen dutelako besterik ez bada ere. Musikak girotzen du gure oraina, eta nik ulertu nahi dut zergatik aukeratu dugun orain soinu banda hau. Garai honen soinu bereizgarria izango da autotunearena, eta etorkizuneko ikerlari edo jakintsuek aztertuko dute ea zergatik 25-30 urte dituen tresna bat garai konkretu honetan hasi garen modu konkretu honetan erabiltzen; etorkizuneko jendeek ebatziko dute zergatik distimia, astenia, antsietatea eta apatia nagusi diren garai honetan, hori den filtro orokorra: ahots propioa lausotzea.

Ez dut uste musikari leku beretik begiratzen diogunik Ion Celestinok eta biok, eta hori guay dago. Ez nago Euskal Herriko euskaldunok elkarri mokoka ibili behar ez genukeela dioten horiekin batere ados, ez eta norbere iritzia erreafirmatzeko soilik baliatzen ditugun Twitterreko eztabaiden alde ere. Hau ez da jakintza-musikal-super-zabal-historiko-eta-teknikoa vs. kultur-ikasketa-hiperkritikoak. Ez duzu alde bietako bat aukeratu behar (ez baduzu nahi). Osa dezakezu zure iritzi queer propioa. Ez duzu aukeratu behar ez-da edo ba-da. Hori bai, ez aukeratu ukelelea, dagoeneko modaz pasatuta dago-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.