Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Autonomia / ekonomia

2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Bada aspaldian arrangurarik arte merkatuaren zabalkundeaz eta, batez ere, merkatuaren legeak artearengan duen ustezko eragin lazgarriaz. Asaldatutako begiraleek iragarri dute diruak irentsia duela artea eta, hori horrela izanik, akabatu dela artearen berezko askatasuna (orain arte ezagutu dugun ikuspegitik bederen). Molde kritiko konbentzionalaren arabera, bata bestearen kontrarioak lirateke artea eta merkatua. Bereizketa horrek erreklamatuko liguke benetako artea merkatuaren demonio atzaparretatik babestea. Erlazio hori, baina, erretorika dikotomikoek iradokitzen dutena baino korapilatsuagoa litzateke, arteari begiratzeko dugun moduak barneratuta darama-eta dagoeneko bere dimentsio ekonomikoa. Artea eta merkatua muturrik gabeko zirkulu gisa azalduko lirateke jada, elkarrekiko erlazio funtsezkoan, lokaztutako mendekotasun baten bidez.

Zerbitzu eta bitarteko tradizionaletatik askatu eta autonomia aitortu zion arteari modernitate goiztiarrak. Errealitatea irudikatu ordez, bere errealitate propioa eraikiko zuen arteak horrela. Azken batean, autonomotzat deklaratutako artelana, ekoizpen askoz moldakorragoa suertatuko zen, esate baterako, gorte eta gremioen morrontzan sortutako mural erlijioso bat baino. Aplikazio sozial eta politiko desberdinak helburu nagusitzat zituen hasierako idealak frogatu zuen beranduago guztiz bateragarria zela hogeigarren mendeko kapitalismoaren izpiritu arantzatsuaren eskaerekin. Estetika modernoen joskerak, bestalde, marketinerako baldintza egokiak eskaintzen zituen, merkatua zimendatuz bien bitartean. Balio erantsia sustatu ez ezik, ekonomia berriaren hizkuntzarekin bat etor zitekeen autonomia artistikoaren ideia hura. Zenbat eta autonomoago, orduan eta komenientziazkoago nazioarteko merkatuan zirkulatzeko.

Autonomiaren idealak beharrezko fikzio gisa funtzionatzen luke merkatuarekiko, eta artistaren eginkizuna litzateke nolabaiteko ilusio geruza txertatzea artelanari. Artelana ezgai bihurtuko da inguratzen duen zera hori gabe. Edonola ere sinplekeria dirudi egilearen kalkulo ekonomikoaren araberako ondorio gisa irudikatzeak artelanaren motibazioa. Artearen autonomiak beregain darama esplotazio ekonomikoaren mamua, baina bestetik, eginahal apurtzailearen ondoriozko lorpen historikotzat ere jo dezakegu autonomiaren eraikuntza, artistak ahalduntzen dituena, beraien nortasuna apaltzen duten merkatuen presioekiko distantzia hartuz. Arteak bueltan dituen lokarriek, izan komisarioen fantasia neurrigabea edota bildumagile, kontsultore eta bitartekarien desirak, eragin zuzena dute arte ekoizpenean. Ondorioz, artearen askatasunaren diskurtsoa, baldintzapeko ezaugarritzat hartu behar genuke.

Gauzak horrela, ez du zentzu handirik arteaz eztabaidatzeak merkatuaren itzal luzea kontuan hartu gabe. Eta hala ere, horixe da egungo merkatuaren zerbitzariek ihardesten digutena: merkatuarekiko tema alboratu eta artistak zentratu daitezela benetako artearen ekoizpenean. Merkatu errealitatearekiko indiferentziak hobetsi egingo luke artearen bideragarritasun komertziala, argi dago eta benetako arterik —kategoria zalantzagarria bere horretan, daraman gizon hegemoniarekiko loturatik hasita— ez dela bere testuinguru ekonomikorik gabe.

Hogeigarren mendearen bilakaeran artea eta bizitzaren uztartzea aldarrikatu zuten abangoardia historikoek, gertakizun unibertsalen gatazkan autonomiaren ideala gainditu eta gizarte gaiekiko isolamendua gurutzatuz. Gaur egunera etorriz, artistak oharkabean ezabatuta luke artea eta bizitza-eszenaren arteko balizko lerro hura, edonolako ariketak espazio sozialean partekatzen dituenean. Baina, antzinako saiakera historikoekin alderatuz artea bizitzara hedatzeko proposamen garaikideok bestelako norabideak dituzte, eta berauen ildoa ez litzateke halabeharrez emantzipaziozkoa. Artearen balioa bizitzaren errealitatearekin hornituz, ongi bermatzen dute ekonomia berria delakoa: balio eraketak ezinbesteko dituen gorputz eta subjektuen ekonomia, alegia. Bestela esanda, bizitza eta artearen baitan langarik gabeko eremua izan daiteke artelan autonomoaren espekulazioa baino errentagarriago merkatuarentzat.

Zeharka irudikatutako trantsizioarekin bat, arte sistema etenik gabe berrantolatuz doa bere horretan, egokituz doaz egiturak eta esparruak, hurbil dituen industria kulturalekiko gero eta antzekoago, hala nola zinema produkzioa, modaren mundua, edota diseinu sorkuntza. Ezarian, aldatuz doa panorama, egitura berriek aurre hartu diete hondoa jotako zerbitzu zaharrei, zenbaitetan galeria multinazionalen araberako jokozelai global bilakatzeraino. Aurpegirik gabeko inperio multzoak dituzte atzetik, inbertsio talde ezezagunak, jet-set giroko eragile zuhurrek gidatuta, ekonomia berriaren jarraibideen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.