Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Autobusak eta olagarroak, urrutira iristeko

2024ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun

Aurrekoan liburu ilustratu ezin ederrago batean irakurri nuen gaur egun greziarrek mudantza egiteko garraioari metafores esaten diotela. Bilatzen jarraitu, eta jakin dut metaforika mesa esaten zaiela garraiobideei oro har. Metaferein antzinateko aditzetik datoz biak ala biak, eta leku batetik bestera mugitzeari egiten dio erreferentzia. Hain zuzen, horien ahaide da metafora hitza, eta autobusek, hegazkinek eta txirrindulek gizakiak nola, metaforek ere irudi baten bitartez pentsamenduaren leku batetik bestera garraiatzen gaituzte.

Hizkuntza halako autobusez, diot, metaforaz, beteta dago. Oraindik ere gogoan dut irakasleak hala esaten zigunean «gibeleko horiek, isildu zaitezte», atzealdean esertzen ginenekoei erreferentzia eginez. Eskua inurritu zaidala esaten dut siesta ostean odolik iritsi ez eta eskuan azkura berexi hori sentitzean. Baina uste dut autobusak, diot, metaforak, filosofiaren eta literaturaren hirian direla batik bat erabiliak eta erabilgarriak: hiriko zoko ilun eta ezkutatuetara garraiatzen gaituztelako, bestela iritsiko ez ginatekeen lekuetara heltzea erraztuz.  

Ziur naiz filosofia hitza aipatzearekin batera, irakurle asko eta askori haitzuloaren irudia etorriko zaiola segituan burura. Hortxe lehen alegoria (kontakizun metaforikoa), Platonen eskutik datorkiguna: haitzuloak eta bertan preso daudenek Atenaseko hiria eta hiritarrak irudikatzen dituzte, non benetako errealitateaz jabetzetik urruti, iritzi ustelen —itzalen— menpe bizi diren. Antzinatean ere Heraklito dugu, ibaia eta bizitza parez pare jarri zizkigunak: ezin bi aldiz ibai berean bainatu, errealitatea etengabeko jario aldakorra dela adierazteko. Voltairek norbere lorategia zain genezan proposatzen zigun, norbere arimari erreferentzia eginez; Hannah Arendtek, bere aldetik, basamortuaren irudia proposatu zuen politikarako espaziorik gabeko gizartea irudikatzeko.

Lagun batek ezpelari «zuhaitz-adiskide» esaten dio: mendi bide batean, erortzear gaudenean, ezpelari heldu eta berak sostengatuko gaitu. Erorketaz salbatu. Tinko mantentzen lagundu. Guk ez dugun indarra duelako, lurrera helduta bizi delako, eskuzabala delako. Metaforekin, antzeko; pentsamenduetan eusten laguntzen digute, zailtasunaren amildegian beheraino ziprizt egitea galarazi. Zeren eta metaforak pentsamenduaren adiskideak dira. Eta ezpela bezala, ez dira soilik funtzionalak; eleganteak ere badira: diskurtsoa edertzen dute, poesiari hatsa ematen. Eta azkenik, berdeak ere badira, zentzu batean, bederen. Izan ere, hizkuntza garbi mantentzen dute, alferrikako hitz berrien produkzioari muga jarriz: berrerabili daitezke metaforak, birziklatu, erabilera anitz eman.

Olagarroa datorkit burura, aipatu berri denaren adibide gisa. Olagarroa entzun eta parranda giroa datorkigu burura lehenik: eskuak olagarroaren tentakuluak bailiran gorputzak ukitzen dituen eskuluzearen irudia, alegia. Baina beste norabait ere eraman gaitzake zortzi besokoak: Virginia Wolfen aitak, Leslie Stephenek, olagarroa hiriaren zabalkunde geldiezinarekin erkatu zuen. Londres zuen buruan, eta hiriaren besoek landa eremua nola irensten eta konkistatzen zuten salatu zuen. Gure lurraldetasunak ere, zenbat duen olagarrotik. Pablo Nerudak ere idatzi zion olagarroari, eta bere presentzia beltza herrialde osoa iluntasunean murgildu zuen diktadorearen irudiarekin lotu. Ikusten denez, erabilera anitz baditu ere, olagarroaren metaforak ez du leku sobera onean uzten animalia gizajoa: diktadore, konkistatzaile eta babosoen irudi. Halere, eta olagarroaren zorionerako, bada bere ezaugarri positiboagoetan arreta jarri duenik. Maialen Berasategiren poema bat datorkit burura: «ez gaude eginak/ zentzuz sano maitatzeko.// Bestela geneuzkake/ olagarroak bezala/ zortzi beso/ (berrogei hatz)/ hiru bihotz/ eta hirurak buruan». Maitasun ederrenaren ikur olagarroa. Aurreko tradizioari hozka egiten diona, zentzu negatiboz erauzten eta leku berri batera garraiatzen gaituena. Eta hain zuzen, uste dut hortxe dagoela metaforak ongi erabiltzearen erronka. Zeren eta metaforak, izan, hazi, hedatu eta zahartzen direlako, topiko bilakatu, eta originaltasuna galtzen dute. Autobusei bezala, motorra kraskatu eta matxuratu egiten ahal zaie; ez dute urrutira edo ezkutura iristeko balio. Hirian errazago mugitzeko akuilu baino, oztopo bihurtzen ahal dira, eta testua edertu baino, kaskarkeriara kondenatu. Hortxe pentsamendua eta diskurtsoa metaforen bitartez osatzen duenaren lana: metafora erabiliak gasoilez erre, eta olagarroaren beso luze eta kuriosoz irudi berriak bilatzera abiatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.