Alberto Barandiaran.
Sorbideak

Auschwitz, 31.696. argazkia

2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Auschwitzeko Arbeit macht frei dioen kartelaren azpitik pasa, eta alemanek eraiki zuten administrazio etxe multzoaren bigarren eraikineko bigarren solairuan dagoen artxiboaren harrera bulegoaren parean, bisitarientzako gela txiki baten erdian, armairu zuri baten barruan, txukun sailkatutako karpetetan, milaka argazki gorde dituzte. Gehienak erretratu mutuak dira. Hortik begiratzen digutengizon-emakumeei buruzko inolako daturik ez dago. Tren konboi batean iritsi, eta zuzenean gas ganberetara eraman ez zituzten Auschwitzeko presoen argazkiak direla dakigu, besterik ez. Preso politikoak dira gehienak, edo kontzentrazio esparruaren lanetarako naziek erabili zituzten preso bereziak. Horien artean zegoen Higinia Luz Goñi Aiestaran ziraukiarra, Iruñetik Parisera, Donostian barna, ibili zen borrokalari komunista.

Karpeta beltz horietan bildutako argazkiak holokaustoaren irudi esanguratsuenetakoak dira, alemanek kontzentrazio esparruetako dokumentazio ia guztia suntsitu zutelako sobietarrak Berlinera iritsi baino lehenago. Iraun duen dokumentazioa oso urria da. Tartean, erretratu hauek daude.

Poliziak atxilotuei atera ohi dizkien argazkiak bezalakoak dira. Zenbaki bat, eta jatorria identifikatzeko iniziala: Pol., politikoen kasuan; J., juduentzako; F., frantsesentzat. Preso bakoitzaren hiru fotograma gorde dira: bat soslaiz, bestea paretik hartuta, hirugarrena argazki kameraren objektibotik gora dagoen puntu bati begira. Hainbatek kolpeak dituzte begi inguruan, edo lokian; gehienak pijama marradunaz jantzita daude, ahul eta argal, izututa edo arduratuta.

Higinia Luz Goñi Aiestaran 1943ko urtarrilaren 23an iritsi zen Auschwitzera, Paris ondoko Romainvilleko presondegitik, beste 229 emakumerekin batera. Noiz eta Vasili Ivanovitx Txuikov komandante errusiarrak gidatutako Armada Gorriak Fiedrich Paulus mariskal alemanaren 6. Gudaroste osoa Stalingraden gatibu hartu eta egun gutxitara. Emakumeak kontzentrazio esparrura iritsi eta hilabetera edo, Oswiecim herrian dagoen Birkenauko esparrutik atera, eta Auschwitzeko bulegoetara bidali zituzten argazkiak ateratzera. Bi kilometro oinez.

Argazki makinaren atzean Wilhem Brasse zegoen, Poloniako erresistentzian aritutako argazkilaria, Auschwitzera deportatu eta Erkennungsdienst identifikazio zerbitzuan lanean jarri zuten presoa.

1945eko ekainean, sobietarrak jada Polonian zirela, Bernhard Walter SSko sarjentuak agindua eman zien Brasseri eta haren lankide Bronislaw Jureczeki argazkiak erretzeko. Presoen argazkiak sotil hauek ziren Auschwitzen geratzen zen dokumentazio bakarra, gainerakoa 1944ko abenduan eraman zutelako Berlinera. Brassek eta Jureczekik estufa bat piztu eta, sarjentuaren aurrean, negatiboak barrura sartzen hasi ziren. Baina bi preso poloniarrak erresistentzian aritutakoak ziren, eta negatiboen erdian paper bustia sartzea bururatu zitzaien, mordoilo batean. Sarjentuak alde egin eta gutxira, estufa amatatu egin zen, oxigeno falta zela eta. Brassek eta Jureczekik barrakoi baten atzealdean egindako zulo batean lurperatu zituzten erre ez ziren negatiboak, eta sobietarrak iritsi zirenean, lurpetik atera zituzten. Gaur egun Auschwitz-Birkenau Museoaren artxiboan inolako identifikaziorik gabe jarraitzen duten argazki mutu horiek dira. Kontzentrazio esparrutik bizirik atera ziren 49 emakumeek, gerra amaitu ondoren, taldeko hainbat kideren erretratuak identifikatu zituzten berreskuratutako negatiboen artean, baina horien artean ez dago Higinia Luz Goñirena.

Postkronikak libururako emakume honen ibilerari buruz informazio bila Auschwitzera joan nintzenean, 2008ko udan, armairu zurian identifikazio eske jarraitzen duten argazkien artean 31.696 zenbakidun presoaren irudiaren bila jardun genuen luze, baina ez genuen aurkitu. Museoak emandako heriotza agiriak 1943ko maiatzaren 11ko data du. Higinia Luz —Luzy jartzen du paperean— 06:25ean hil zela sinatu zuen medikuak. Todesursache: Pneumonie.

Higinia Luz Goñi Aiestaranen erretratua ez da inoiz azaldu. Seguru asko, Brassek estufan sartu zituen negatiboen artean erre zen. Brasse asteartean hil zen, Auschwitzeko museotik 40 kilometrora dagoen Zywiec herriko bere etxean.

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.