Antzinako greziarren esanetan bi aginbide mota ziren munduan: demokrazia eta tirania. Eta bi aginbide mota horiek bata bestearekiko eratzen ziren txandaka denboran, botere aldaketen ziklo kateatuan. Itsasaldiaren gora eta behera bezalaxe, erritmikoa eta atzemangarria zen korrontearen joera: sistema batek gora egingo zuen, nagusitu egingo zen, eta gero, bat-batean, behera egingo zuen, atzera. Denboraren poderioz etorriko zen bueltan sistema zaharra. Aroak luzeak izan zitezkeen zenbaitetan, eta zenbaitetan oso motzak, baina zikloaren inertzia betierekotzat har zitekeen bere osotasunean.
Demokrazia gailentzen zenean, jendartearen interesak ei ziren hartuak kontutan, politika gisa ulertutako funtzioan (polis, hiri-estatuaren jatorrizko esanahiarekin bat). Aldiz, aristokratak, autokratak, edota elite gisako familiek boterea bereganatzen zutenean, estatua makaldu egingo zen eta ekonomiaren funtsaz nabarmenduko zen garaia (oikos hitzetik, hots, klan-familia). Demokraziak batasuna eta egonkortasuna sustatuko luke, agintekeriaren ezarpena ekidin, eta pribilegioak ezabatu; tiraniak ordea, aberastasuna pilatuko luke, lurraren jabetza pribatua, eta indar militarraren bidezko kontrola.
Politika eta ekonomiaren ordenak aldi berean eta elkarrekiko eratuak direla pentsatu ohi dugu. Baina jo dezagun bi ideologiak oinarrian direla bateraezin, orduan, edozein delarik ere unean uneko hierarkia agintzailea, bi mundu ikuskeren arteko tentsioa nabarmenduko litzateke. Dikotomia hau baliagarria litzaiguke gure garaiaren baldintza esplikatzeko eta zenbait gertakizun publikoren arrazoia antzemateko. Begiratu batean, xenofobia bezalako arazoak arazo politikotzat har daitezke. Baina horrelako portaeraren oinarrian legoke, esaterako, talde batek bere oparotasuna arriskuan sentitzea beste taldearen kausaz. Tiraniazko formak dira, izan, politikaren gainetik (guztion onerako printzipioak) ekonomia lehenesten duten jarrerak (irabazi pribatu edo mugatuen printzipioak).
Erreforma politikoekin abiatu eta jendartearen emantzipazio, filantropia eta sozialdemokrazia (politika) garatu zituen aro luzea agortu da mendebaldean. Mundu ordena pixkanaka antzaldatuz doa, eta politikagintza otzandua da ideologia ekonomiko gailenduen izugarrikerien mendean. Krisiaren eraginak gizarte erantzun sakona ekarriko zuenaren esperantzak zaputz egin du. Erruduna bilatu beharraren obsesioan, eta bizi dugun egoeraren soluzio ez-ekonomiko baten irtenbidearekiko utzikeriak agerian jarri dizkigu ondorioak: herrialdeen garapen desorekak, lekuan lekuko botere gatazka larrietan hondoratutako gizarteak, egunerokoan konpongaitzak eta adiskidetu ezineko muturrak. Gatazka guztien baturak ekarriko luke lurralde koloka unibertsal modukoa, gerra zibil globalerako baldintza.
Bizi dugun tenorean galdetuko diogu geure buruari gauzak ez ote ziren hobe lehen bezala, ziren horretan. Egindako hanka-sartzeen aurreko denbora hartara egin nahi dugu atzera, ezinbestean. Azken uda baino hobea izan zen aurrekoa, hedatzen ari da iraganeko bizimodura bueltatzeko desira xaloa. Baina zehazki ez dakigu zer-nolako iragana nahi dugun berregin, bakoitzaren lehentasun politikoaren gain legoke eta hori; ikuspegi desberdinak gainezartzen dira, nola gerrate mundialaren aurreko geopolitika, hala gerra hotzaren aroko dogma, joan den mendeko langile iraultza, edota urte oparoen kontrakultura.
Demokraziarekiko epel, ezegonkortasunak akituta, modako joera eta teknologia berriez aspertuta, nonahikoa da gogaia. Giza espeziearen bizitzak orokorrean onera egin duenaren ebidentzia materiala ukatua da progresoa eten egin denaren sentipen orokorrean.
Berri samarra da progresoaren ideia bera, lehenagotik datozkion beste hainbat errealitate ereduren ondotik osatua. Etorkizunarekin eta gizarte hobearekin lotzen dugu. Errenazimentuko pentsalariek sinesten zuten ordea iraganean zela utopia, eta garai bateko zibilizazio aurreratuen ekarpena misteriotsuki jarri zela galbidean. Goroldioak hartu zituen kaleak Erdi Aroaren oinordetza ilunean, agortua zen ur korrontea, baina antzinako arte eta ingeniaritza mirariak bistaratuz zihoazen hiri zaharrean, harrigarria zen imajinatzea aire girotua etxeetan erromatar garaian, grabitateari gailentzen zitzaizkion estadioak eta akueduktu doi-doiak. Mila urtetik gorako aztarna zaharrak, aurreratuagoa zen alien zibilizazio baten zantzu gisa agertzen ziren begien aurrean, sinetsi ezin bezala.
Horrela, berez dagokion garaiaz harago da luzatua denboran Antzinaroa, gorentasun gisa hartua. Konparatzen hasi ezkero akats historiko ulergaitz baten ondorio irudituko zaigu orainaldia. Iragana kopiatzen ikasiz, oraina berriro hastea da gelditzen zaigun esperantza. Hortik, nolabaiteko zientzia fikzioa bilakatu da historian zehar arkeologia. Etorkizunaren ikuspegia ez legoke beraz aurrerako bidean, lur azpiko aztarnetan baizik.
LAUHAZKA
Atzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu