Ezin esan uda honetako sugetzar musikalak, Oasis taldearen berrosatzearen eta masa-kontzertu britainiar sortaren iragarpenak, gehiegi harritu nauenik: Gallagher anaien arteko ezinikusiak eta prentsa edo Twitter bitarteko eztenkada-lehiaketak gorabehera, lehenago edo geroago gertatu behar zen. Gure aitak esango lukeen bezala, «la maldita afición» (toreroek, betiko erretiratu eta urteetara, diruagatik itzultzeko zeukaten ohituragatik, eta halakoren batek, ez dut gogoan zeinek, jarri zuen aitzakia merkeagatik). Tira, haren jarraitzaile sutsuak direla aldarrikatu arren, argi zegoen manchestertarrek ez zutela inolako asmorik Paul Weller maisuaren ereduari jarraitzeko, Modfatherrak beti egin baitio uko The Jam erreformatzeari (eta diru parrastak eskainiko zizkioten berari ere…). Hainbeste espero ez nuena, ordea, Liam ahoberoak sare sozialetan egin duen adierazpena da, disko berria eta guzti itzuliko direla, eta, are gehiago, grabatuta dagoela jada. Ze, ondo jakina den bezala, bi motatako itzulerak daude, poparen munduan: a) diskorik gabekoak eta, ondorioz, osoro emanak nostalgiara, edo b) disko berriaren aitzakian egindakoak, nostalgiara emanak direnak orobat, baina zuzeneko greatest hits-en segidan disko berriko aleren bat edo beste tartekatzen dituztenak, fan eta ez-horren-fan guztien amorraziotxorako. Gero badaude, jakina, salbuespenak (gutxi), eta klasifikagaitzagoak diren kasuak, hala nola, gure arteko bi aipatzearren, La Vieja Escuela donostiarren La Cristalera albuma (autoeditatua, 2021) edo Tu-K ondarroarren Tuka esaten da (Elkar, 2024), disko izatera iritsi ez ziren garai bateko maketen eta kanta berrien nahasketa bitxiak (eta guztiz gomendagarriak). Auskalo egia izango den, azkenean, Oasisen atzera-elkartze diskoarena, baina, bitartean, aitzakia ona da halako adibide batzuk gogora ekartzeko, rocka bihurtu den retromania-noriak azken hamarkada honetan utzi dituen ugarien artean.
Echo & The Bunnymen
'Evergreen'. London, 1997.
Musika talde batzuk behar baino lehenago banatzen dira, eta ez agian arrazoi zuzenenengatik. Echo & The Bunnymenena halako kasu bat izan zen: karreraren gailurrean zeudenean (1987ko album homonimoa atera zutenean, grabatu zuten komertzialena), Ian McCulloch kantariak, divinissimoki, taldea utzi eta bakarkako karrerari ekin zion; bitartean bateria-jolea, Pete de Freitas, motor-istripuan hil zen, eta gainontzekoek hala-moduzko kantari bat hartu eta erdipurdiko elepe bat ondu zuten Reverberation (1990), taldea (logikoki) desegin aurretik. Zoritxarrez, edo zorionez, McCullochen karrerak ez zuen abiadarik hartu, eta laster hasi ziren apurtu behar ez zena berregin nahian: lehen ahalegina Will Sergeant gitarristarekin egin zuen, Electrafixion taldea osatzeko, eta, azkenik, Les Pattinson baxu-jolea batu zitzaien, zeinarekin ez baitzuten jada aitzakiarik untxitxo-gizonen izena berreskuratzeko. Eta zer egin zuten? Ba utzi zuten lekuan jarraitu, ezer gertatu izan ez balitz bezala: aurreko Ocean Rain orkestralaren (1984) eta aipatu 1987ko albumaren poparen komertzialtasuna uztartuz, Evergreen hau atera zuten, Don’t Let It Get You Down, In My Time, Empire State Halo, I Want To Be There edo Nothing Lasts Forever bezalako kanta biribilekin (azken hau kontzertuetan sartzen dute oraindik ere, seinale ona izan ohi dena). Ondorengo albuma,What Are You Going to Do with Your Life? (1999) are hobea iruditzen zait oraindik, eta hortik aurrera disko berriak egiten jarraitu dute (honezkero lehenengo etapakoak baino gehiago dira elkartze ondorengoak!), nahiz eta haien interes mailak, normala den bezala, beherantz egin duen pixkana. Baina, edonola ere, Zesarri Zesarrena: disko honek primeran eusten dio oraindik ere.
The Bangles
Doll Revolution. Koch, 2003
Atzera-elkartze diskoen aukeretako bat, beraz, arrakasta gehien izan zenuen garaira (nolabait) itzultzea da, baina badaude beste estrategia batzuk, esentziara bueltatzea bezala, ez dena gauza bera beti. The Bangles laurogei distiratsu eta poperoenen ikurretako bat izan ziren, beren ahots-harmoniekin eta produkzio hiper-leunduekin, eta Manic Monday (Princek laga ziena), Walk Like An Egyptian eta Eternal Flame bezalako bonbazoekin. Baina, oinarrian zegoena, hots, Columbia diskoetxeak jaso, itxuraldatu, garaiko soinu sintetizatuez beztitu eta arrakasta globalerako moldatu zuen nesken talde hura, garage eta psikodelia banda bat zen funtsean, ikaragarri retro eta sixtiesa; izan ere, berez, Paisley Underground mugimenduko kide ziren, The Dream Syndicate edo Rain Parade gisako taldeekin batera. Bada, hiru elepe hiper-otxentero haien arrakastaren ondoren banatu (betikoagatik: diskoetxeak kantarietako baten, Susanna Hoffsen karrera bultzatu nahi zuen batik bat), desertuan zeharreko ibilaldia egin, eta, atzera juntatu zirenean, arrakasta baino lehenagoko historiaurre horretara itzuli zirela ematen du, titulu ironikoko panpinen iraultza honekin. 80ko soft pop haren garaiko oihartzunak badaude ere (Something That You Said edo Grateful, adibidez), kanta gehienek produkzio zuzenagoa daukate, eta nugget eraginkorrak dira, gitarreroak eta psikodelia ukitudunak, aingeruzko ahots horiez lagunduta betiere: entzun, eta dastatu, Stealing Rosemary,The Rain Song, Ride The Ride, edo nire kutuna, Single By Choice, autonomia pertsonalari oda ikaragarria. Niretzat, arrakasta betearen garaiko diskoak gainditzen ditu honek; pena, ondoren, ez direla oso oparoak izan: entzuleok halako gehiago merezi genituen, alafede.
Orchestral Manoeuvres In The Dark
History of Modern. Discograph, 2010.
Aitor dut: Enola Gay eta Souvenir kantekin zopan ere topo egiten zenuelarik, 1980ko hamarraldiaren hasierako techno-poparen gailurrean, OMD gorrotatzera iritsi nintzen, gehiegizko esposizioagatik eta musika-estiloa bera biguna iruditzen zitzaidalako: zahartzea bezalakorik ez dago nostalgiaren leihotxotik gauzak berrikusteko eta norberaren hutsegiteak zuzentzeko. Zeren eta, Kraftwerken zale izanda, nola ez zaizu ba gustatuko OMD, alemanen seme zuzenak, batez ere lehenengo garai esperimentalago eta txinpartatsuan? (disko honetako amaierako abestia, The Right Side? entzutea besterik ez dago horretaz jabetzeko). Baina, ai, ordurako taldea ez zen jadanik existitzen: OMD, aldi popero (hori bai) eztiegi baten ostean, eta lekua aurkitu ezinik brit-poparen uholde matxunoaren erdian, desegin zen. Eta itzuli zenean, 2006an, bere elepe famatuena, Architecture & Morality (1981) zuzenean erreproduzitzeko asmoa besterik ez zeukan, hots, sarreran aipatu dudan a) motako estrategia zuhurra. Baina, gauzak zer diren, jatorrizko laukote berrelkartua hain gustura ibili zen, ezen estudioan (luze) sartu, eta disko berria osatzea erabaki baitzuen. Emaitza, aurretik aipatu ditudan bi diskoen jiteen arteko nahasteka moduko bat: oinarrirako itzulera, baina kontuan hartuta oinarri hura izan zela bandaren prestigio handieneko aroa. Hots, synth-popa, baina esperimentazio eta estilizazio dosi doiarekin. Emaitza, gozamena, Factoryko Peter Savillek diseinatutako artearekin, eta kontzeptu iradokitzaile batekin: modernismo artistikoaren aldarrikapena, eta progresuarena, batere boladan ez dagoen zerbait, garai postmodernootan. Taldeak, bikotera murriztua, disko esanguratsuak ekoizten jarraitu du: azkenekoa, 2023ko Bauhaus Staircase, oso kontuan hartzekoa.