Bidelagun atseginagorik nekez aurki daiteke bertso munduan eta inguruko munduetan. Denok omen dugu gure itzalarekin pausoan doan ni desberdina, eta hor ez naiz sartuko, ez dudalako ezagutzen, baina ezagututakoaz zorteko sentitzen naiz. Oso, gainera!
Ni gaztetxoa nintzela, gogoratzen dut, Belauntzako plazan pilotalekua lepo beteta, igande arratsalde batez, jendartean bidea zabalduz nola agertu ziren bikoteen ondoren Jon biak. Begira geunden gehienok dentistareneko aho posturan egon ginen kontsultak iraun zuen arte; harridura eta miresmena elkarri hauspo ematen, entzun ahala besterik zer entzungo, hitzen jokalari, sortzaile eta adimen limurtzaile ametsetakoari.
Orduan ere (ondorengo ezagutzak esanarazi dit) Jon hasi zen; Azpillaga. Hura kantaera (ez ahotsa soilik) eta hura presentzia(ederra gizona). Autoestimua gainezka, konfiantza dariola, esan eta esateko bidea utziaz lagunari. Oholtza betetzea hari dei dakioke nola irudiz hala edukiz. Elkar zirikatuz, bertsozaleak erakarriz, poltsikoan sartu gintuzten!
Geroago, hurbiletik bizi izan nituen sentsazio haiek. Zenbat patxada eta konfiantza eman zigun niri bezala hasi berri guztioi. Iritsi orduko, bizkarretik besoa pasatu, eta, gozo hartzeaz gain, pasarte aproposen bat parera ekartzen asmatzen zuen, eta, ondoren zetorkiguna ahaztu gabe, kanturako aldartea bideratzen laguntzen zigun, natural, berezkotik, xamur, ezer egingo ez balu bezala. Eta, saiorako detaile garrantzitsua oso, bagenekien nor hasiko zen lehenengo bertsoa botatzen. Estutasun hori bere gain hartzea, ez dakitzenbaterainoko karga zen Azpillagarentzat, baina guri pisu galanta kentzen zigun.
Plaza gizona, eskuzabala eta bihotz oneko bezain handiko laguna. Gauzak zeritzon moduan adierazten zituena eta jarrera politikoa ere nabarmen erakutsi zalea, hitzez eta bertsoz, besteen iritziekiko errespetua zainduz. Gauzak muturrera esanaz baina muturrera eraman gabe.
Bertsotan, berriz, erraz irensteko bertsoak sortzen aparta. Aurrekoari erantzuten asmatuz sarri, eta bota ahala barruraino sartzen ziren arrazoitutako bertsoen zalea. Alferrikako konplikazioetan ito gabe, ondo pasatuz ondo pasarazten zuen artista.
Aupa Jon, Azpillaga, handia izan haiz, baina ez haiz txikiagoa izango bihartik aurrera!
IRITZIA
Atsegin, hats eman!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu