Gogoratzen dut Guggenheim museoak 10 urte eta 15 urte bete zituenean. Ospakizunak eta zarata komunikabideetan. Gasteizko Artiumek 10 urte bete dituenean ez du hainbesteko zalaparta atera.
Artiumen hasiera proiektu interesgarri batetik zetorren. Arabako Arte Ederren museoa gainezka zegoen, eta bilduma erakusteko tokia behar zuen. Hala ere, ideia horrek hartu zuen bideak ez zion jatorrizko proiektuari erantzun.
Ikusita Guggenheim museoak ez ziola Euskal Herriko artearen sareari erantzuten, Gasteizen eraikitzera zihoazen museo berriak Euskal Herriko arte garaikideko zentroaren betebeharrak hartu behar zituela iruditu zitzaien agintari autonomiko eta probintzialei.
Baina erabaki horrek Gasteizko orduko arte sarean eragina izan zuen, aspalditik zegoen Amarika aretoaren ixtearekin. Beraz, museoa bai, baina mota bateko erakusketa aretorik gabe geratu zen Arabako hiriburua. Hasieran Artiumek Amarikaren tokia beteko zuela esan bazuten ere, ez zen horrela izan, eta horrek gatazka lokal batzuk eragin zituen.
Artiumek hainbat fase pasatu baditu ere, 10 urte ospatzen ari denean euskal zentro museoaren tokia bete duen galdetu beharko genioke geure buruari.
Alde batetik, baiezkoa da erantzuna, Euskal Herrian ez baitago euskal arteari Artiumek baino arreta handiago eskaini dion museo edo zentrorik. Erakusketa asko antolatu dituzte, interesgarriak gehienak, nahiz eta hasierako garaietan handinahikeria pixka bat sumatu. Euskal Herrira kanpoko artistak eta artelanak ekartzeko ahalegina, eta bertako artistei eskaini zaien arreta ez dago gaizki, hobetu daitekeen arren.
Txanponaren beste aldeari begiratzen badiogu, zentro museoa hitzak arazoak sortzen ditu. Artiumek ez du lortu Gasteizko arte sarearekin lan egitea, azken urtean egon diren salbuespenak izan ezik. Museoegia ikusten dut, bai eraikuntzan, bai antolaketan. Zentro dinamikoagoa izateko malgutasuna beharko litzateke, eta hori ez da erraza erakundeen menpe bizi den kultur azpiegituretan.
Gainera, Euskal Herriko arte garaikidearen dinamizatzaile izateko, osagai asko falta zaizkio. Batetik, artistekin harreman zuzena; bestetik, Arte Ederren Fakultatearekin elkarlana, eta, azkenik, sostengatuko lukeen ikusle kopuru gutxieneko bat.
Balantze gazi-gozo horretatik, Artiumen esperientzia positiboa izan dela iruditzen zait, eta, azken urtean hartzen ari den bidea ikusita, itxaropenerako aukera zabalik badagoela uste dut. Zorionak, beraz, Artium, eta beste 10 urtetarako!
Artea. Begiz
Artiumek 10 urte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu