Xabier Gantzarainek irabazi du Tene Mujika beka, arteari buruzko liburu bat idazteko. Pozteko modukoa da horrelako diru-laguntzak egotea artearen inguruko lanak idatzi ahal izateko, ez baita arteari buruz gehiegi argitaratzen euskaraz.
Itzulpenetara jotzea ez da politika txarra, baina lan originalak argitaratzeko aukera izatea egokiagoa dela iruditzen zait. Salbuespenak salbuespen, orain dela urte gutxi zaila zen profesional onak topatzea euskarazko saiakerak idazteko. Gaur egun, berriz, ondo hezitako jendea dago, nahiz eta ofizioko bidea egiteko zailtasunak izan. Atzo bertan berriketan jardun genuen ikertzaileentzat zein zaila den eragina izango duten aldizkariak bilatzea, artikuluak argitaratu ahal izateko.
Norbaiti arrotza egingo zaio gaia, baina unibertsitatean lana egiten dugunontzat bide akademikoa, lasterketa akademikoa bihurtu da azken urteetan —beti izan bada ere, lehen albo batean atseden hartzeko aukera zegoen susmoa daukat—. Ikerlari gazte batek curriculuma gizendu nahi badu, lehen aipatutako motako aldizkarietan argitaratu behar omen du —kalitatezko agentziek banatzen dituzten egiaztagiri famatuak lortu nahi baditu, behintzat—; bitxia bada ere, liburuak idazteari eta argitaratzeari baino balio handiagoa ematen baitzaio horrelako lanen argitalpenei.
Baina, euskaraz bidea egin nahi duen ikertzaileak ez du, alor gehienetan, eragina izango duen euskarazko aldizkaririk; adibidez, arte munduan. Horregatik, bere burua erdaraz argitaratzera behartuta ikusiko du, edo ez argitaratzera. Bitartean, euskara ondo prestatutako profesional horien indarra galtzen ari da —garai batean burmuin ihesa deitzen zitzaion—. Gainera, euskaraz idazten dutenek diru-laguntzak jasotzen dituztela esateko ausardia dute batzuek, gaztelaniaren diru publikoz lagundutako politikarik egongo ez balitz bezala.
Jakin dezala Gantzarainek hemendik aurrera jakin-min izugarriz zain egongo garela Txomin Badiola, Itziar Okariz, Asier Mendizabal, Maider Lopez, Ibon Aranberri, Iñaki Garmendia eta abarren gainean idatziko dituen lerroak irakurtzeko. Eta ahal badu, betiko izenekin batera, ikertu beharreko zerrendari lanean dabiltzan beste batzuenak ere gehitzeko.
Artea. Begiz
Arteari buruz euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu