Klasiko bat da: espero ez duzunean, berriz agertzen da artea unibertsala den ideia. Orain dela gutxi preziatzen dudan lankide bati entzun nion hitzaldi batean, eta berriz ere pentsatu nuen ez nengoela ados. Ikasten nuenetik errepikatzen diguten kontu bat da, askotariko jendeari entzun diodana, baita aditu, aritu edota axolagabeei ere: artea unibertsala dela, jende guztiak sentitzen duela zerbait Picassoren Gernika-ren aurrean. Ezetz ba. Ez nago ados.
Bultzada eta pertzepzio estetikoak unibertsalak dira. Gizaki guztiok dugu sormenerako joera, batzuk garatuagoa eta beste batzuk oinarrizkoagoa, baina gizaki guztiok gara sortzeko gai. Kultura guztietan garatzen dira sorkuntza mota desberdinak, ez dago sorkuntzarik gabe hazi eta bizi den herririk. Eta gizaki guztiok dugu sorkuntza-bultzada horrek eragiten duen hotzikara sentitzeko ahalmena, hori ere unibertsala da.
Zer da orduan unibertsala ez dena? Bada, artea, objektua bera. Nire lilura pizten duen Rogier van der Weydenen Gurutzetik eraistea Senegaleko lagun bati margolan itsusi eta are nazkagarria iruditu ahal zaio, inolako emozio estetikorik pizten ez diona; euskaldun bati tearen zeremonia edo noh dantza oso emankizun aspergarriak iruditu ahal zaizkio; eta berdin australiar aborigen bati kontzertu sinfoniko bat. Sormena unibertsala da; emaitza material edo immateriala, kontingentea.
Arte kontzeptuari berari begiratuta, ez da inolaz ere unibertsala. Mendebaldean sortutako terminoa da eta, gainera, ez da egonkorra, garaiz garai aldatzen joan da. Esaterako, greziarrek tekné deitzen zutena, haien garaiko artea alegia, ez da guk greziar artetzat hartzen dugun multzo bera. Eta gaur egun ere, batzuek tatuajea arte bat kontsideratzen dute eta beste batzuek ez, esate baterako. Beste herrialde askotan kontzeptu desberdinak dituzte artea izendatzeko, eta ez dira beti gurearekin ahokatzen: objektu mota desberdinak sar daitezke (guk artisautzarekin lotzen ditugunak, esaterako); ekintzak eta ohiturak (aipatutako tearen zeremonia); edota errituekin eta sinesmenekin lotzen diren balio magikoak.
Artea kulturala da, historikoa, kontingentea eta inolaz ere ez unibertsala. Gezurra da munduko edozein biztanle Picassoren Gernika-ren aurrean hunkituko dela, baina egia da munduko edozein biztanlek izango duela hunkidura hori sorraraziko dion zerbait. Zerbait horren aniztasunean dago, hain zuzen, edertasuna. Artearen unibertsaltasunik ezak ez baitio baliorik kentzen, kontrakoa: bere balioa areagotzen du, bere konplexutasun eta aberastasuna onartzen duelako.